Oihan Jimenez
saturnoren jagolea

«Cassini»-ren azken bidaia

1997an atera zen «etxetik», hots, gure planetatik, eta 2004an iritsi zen Saturnora. Gasez osatutako planeta erraldoiaren inguruetako bazter guztiak, eraztun famatuak barne, aztertu ondoren, hilabete batzuen buruan «Cassini» zundak bere ibilbideari agur esan eta gainazalera zuzen-zuzen abiatuko da. Urte hauetan, hamaika datu igorri dizkie NASAri eta Europako Espazio Agentziari unibertsoa eta Lurra bera ezagutzeko baliagarriak izango direnak.

Saturno eta haren sateliteei buruz dakizkigun gauza asko berari zor dizkiogu, “Cassini” zundari. Europako Espazio Agentziak (ESA) eta NASAk sustatutako misioa duela bi hamarkada abiatu zen Lurretik, etxetik, eta eguzki-sisteman zehar zazpi urteko bidaiaren ostean 2004tik planeta erraldoiaren inguruan ibili da, bueltaka, lanean etengabe eta informazioa igortzen. Baina jada erregaia agortzen hasi zaio eta badu ordua hegaldi luzeari bukaera eman eta lur hartzeko. Edo, hobeto esanda, Saturnoratzeko, harantz baitoa zuzen-zuzen. ESAko eta NASAko ikertzaileek aurreikusten dute datorren irailaren 15ean bukatuko duela beren gailu kutunak bide oparoa, baina ordura arte berean jarraituko du, lanean.

Iragan apirilaren 22an azken aldiz pasatu zen Titanen gainetik. Ondo ezagutzen du Saturnoren sateliterik handiena; izan ere, azken hamahiru urteotan 127 aldiz gerturatu zaio. Ez du ukitu, noski, baina oso hurbil igaro da, ilargiaren gainazaletik 979 kilometrora, espazioan erabiltzen diren neurriei erreparatuta, deus ez. Hurrengo urratsa planetako eraztunen artean sartzea izan zen, eta arazorik gabe lortu zuen. Tartean, edonola ere, aurkikuntza berri bat egin zuen: Saturno eta eraztunen artean «hutsune» bat dago. Antza, uste baino askoz espazio-hauts gutxiago dago bertan. Hori berri ona da zundarentzat berarentzat, hautsak bere bidea oztopa baitzezakeen, baina ikertzaileak orain «hutsune handia» deritzotena aztertzen hasi dira.

ESAren esanetan, “Cassini”-k egindako misioan «aurrekaririk gabeko datuak» bildu dituzte, batez ere Saturnoren eta eraztunen jatorriari buruz. 2005ean, “Cassini”-k “Huygens” zunda askatu zuen, eta hauxe Titanen lurreratu zen, esaten dutenez Lurrarekin antz handia ei duen ilargiari buruzko informazio zehatza igor zezan. Izan ere, Titan informazio askoren iturri izan da azken urteotan, antzekotasun horiek direla-eta, eta baita ere bizitza-formaren bat izan dezakeelako. Edo horretarako aukerak egon litezkeelako. Bera da eguzki-sisteman atmosfera duen satelite bakarra, eta bere gainazalean masa likido iraunkorrak daude, lakuak, ibaiak sortuz. Euria ere egiten du. Ez da, noski, Lurrean ezagutzen dugun euria eta ez dira hemen ditugun ibai eta lakuak bezalakoak, ez baitaude urez osatuta, metanotik eratorritako elementuez baizik, baina ingurune horretara egokitutako bizitza-sistema mikroskopikoren bat izan liteke. Hala uste dute, behintzat, adituek. Gainera, presio atmosferikoa Lurrarenaren 1,6koa da, handia, baina ez gehiegizkoa. Alegia, gure moduko izakiak ez ditugu bertan topatuko, baina maila garatu gabeko bizidunen bat, akaso bai.

Saturnoren inguruan eman dituen hamahiru urteetan, “Cassini”-k planeta horren orbitaren ia erdia egin du eta, horrela, Titanen bi estazioren lekuko izan da. Modu horretan, Lur planetaren iragana eta etorkizuna hobeto ezagutzeko datuak bildu ditu, heldu diren urteetan aztertuko dituztenak.

Planeta erraldoi eta misteriotsua. Saturno eguzki-sistemako seigarren planeta da, bigarrena tamainari dagokionez. Erraldoia da, zinez: 120.000 kilometrotik gorako diametroa du ekuatorean. Eta Eguzkitik urrun dago, 1.493 milioi kilometrora, eta bertako urteek 29 lur-urte eta 167 egun dituzte. Gasezkoa da, dentsitate oso txikikoa, beraz. Hain da txikia –urarena baino txikiagoa–, ezen igerileku erraldoi batean jarriz gero flotatu egingo lukeen. Lurrak ilargi bakarra badu, Saturnok 62 ditu, zortzi handi eta besteak oso txikiak, eta, esan bezala, Titan da horietan handiena.

Edonola ere, tamainak, dentsitateak edo sateliteek baino, izotzez eta hautsez osatutako eraztun ikusgarriek ezaugarritzen dute Saturno. Galileok ikusi zituen eraztunak lehenengo aldiz, eta, bost mende beranduago, horiek igaro beharko ditu gizakiak egindako makina txundigarri horrek betiko atsedena hartzeko.