amagoia mujika
IRITZIA

Gure baitako udak

Uda eta barkazioak. Eskolak eta lanak barkatzen zaizkigun egunak, gure etxeko hiztegi propioaren arabera. Maite dut uda. Hobe esanda, maite ditut udak; bizi duzun uneak, eguraldiak, adinak eta tenpleak uda bat edo bestea dakarkizutelako, edo guztiak batera.

Zoriontsua zara hondartzan kroketarena egin beste kezkarik ez duzunean. Berdin bainujantziarekin edo gabe, zure gorputzaren lagun, nahiz eta ematen dizkizuten krema geruzen ondorioz beste gorputz baten barruan zaudela sentitu. Luze egiten zaizu digestioaren protokoloko tartea eta ez dituzu erabat sinisten gurasoen abisu katastrofikoak. Kostata eusten diozu itsasoaren dei tentagarriari, baina merezi du itxoitea, hondarretan bazkaldu ondorengo lehen bainu horretan itsasoak ematen dizun besarkada aparta delako.

Bada zure gorputzarekin haserretzen zaren uda bat. Arrotza egiten zaizu, ezezaguna, maneiatzen zaila. Kroketarena egiten duzu, emozioa eutsiz, eta amorratu egiten zara hondarra bainujantziaren zirrikitu guztietatik sartzen delako, maitatzea kostatzen zaizun gorputzaren zirrikitu guztiak presente eginez. Eskerrak itsasoak besarkatzen zaituenean aske eta arin sentitu eta zure gorputzarekin berradiskidetzen zaren, pixka baterako sikiera.

Bada digestioaren protokoloa pikutara bidaltzen duzun uda bat. Dagoeneko lagunekin joaten zara hondartzara eta gurasoen abisuak han, urrunean, entzuten dira. Zure gorputzak eta lagunenak sekulako presentzia hartzen dute, itogarria askotan, baina ezaxolaren plantak egiten dituzue, gorputz guztiak maitatzen bazenekite bezala. Itsasoak magalean hartzen zaituenean, zure bakardadean, kroketarena egiten zenuen garaian bezain zoriontsu sentitzen zara.

Bada uda bat familia zaratatsuak beren trasteekin erretiratzen direnean hasten dena. Builak isiltzen direnean itsasoa entzutea gozamena da, aukeratutako konpainian. Ordurako zure gorputza ondo maitatzen ikasi duzu eta beste gorputz batzuk maitatzeko irrikaz zaude. Eguzkia ezkutatzen denean ere hondartzak existitzen segitzen duela deskubritzen duzu. Eta gauean hondartzan bestelako zomorroek agintzen dutela; egunez kroketarena egiten duten eta ipurdia bistan daramaten zomorroek, eta, gauez, isilik eta traizioz ziztatzen dutenek. Itsasoak baretzen du zure pikorren azkura.

Aurtengoa ez dakit nolakoa datorkidan. Krema geruzaren batzuk, digestio protokolo gerra txikiren bat, kroketa festa inguruan, trasteak... Seguru dakidana da itsasoak bere magalean hartzen nauen puntu horretan tripaz gora jarriko naizela, bakarrik eta begiak itxita, eta nire baitan dauden uda guztiak sentituko ditudala uraren azpian, bizkarretik ni kulunkatzen.