GALDER PEREZ
IRITZIA

Edozein leku

Opor garaia denez X eta Z pozik daude. Hainbeste gorroto omen duten kapitalismo neoliberalak atseden emango diela pentsatzen dute. Oporretan etxean geratzeak ez du zentzurik; hortaz, kanpora joango dira, edozein lekutara. Langileentzat merezitako saria omen da turista izateko eskubidea; ez omen da, ordea, betebeharra. Horrenbeste egun, eta jaiegun, lanean eman ostean sistemak X eta Z-ri ondo ordainduko duten oparia eskainiko die. Esker onez eta merezi duen ohorez onartzen dute golardoa. Eginbehar bakarra dute orain: saria xahutzeko helmuga egokia aukeratzea. Kontatu diete, eta nonbait ere irakurri dute, leku hau ederra dela. Gainera, oraingoz ez dago hain masifikatua; beraz, berandu baino lehen baliatu behar dute bertaratzeko aukera. Eta etorri dira, deskonektatzeko asmotan. Atseden garaia bidaia-lagunarekin, inguruarekin edota nork bere buruarekin konektatzeko aukera izan beharrean, deskonexioa da helburua.

Leku honetako lehenengo goizean X eta Z-k iratzargailua jarri dute, deskonektatzeko asmotan, jakina. Hotelak eskaintzen duen gosari buffeta aprobetxatu behar da, noski. Eta gero kalera, hiria gertutik ezagutzera, oporretako lehen eguna behar bezala zukutzeko. Kale handiak eta txikiak, gaztelu zaharra, operaren eraikin dotorea, pixaleku famatua, beren erlijioa ez den baten hilerria, dorre altuak, unibertsitate baten egundoko fakultate erromantikoa, merkatua eta liburutegia, akuarioa eta planetarioa, harategia eta udaletxea bisitatu dituzte. Zirraragarria. Bazkaltzeko orduan duda egin dute: janari asiarra edo italiarra, jatetxe grekoa ala egiptoarra, edo errusiarra, edo hobeto otordu begetarianoa, edo ondo pentsatuz gero zergatik ez zabor-jan arina oporretan badaude. Bazkalostean arimari arte dosi bat ematea adostu dute. Galeria parea bisitatu eta arte garaikidearen museo berria ikusi dute. Artea azkar bereganatzen dutenez, iluntzean denbora dute erosketatxoak egiteko. Saltoki handiak eta denda bitxiak gomendatu dizkie bidaia gidak, poltsiko gidak. Ohartu gabe mila koloretako poltsa mordoak dituzte, poltsikoak ordainduta. Olentzeroren opari modukoak dira erosi dituzten arropak, egutegiak, irakurriko ez dituzten liburuak eta, derrigor, norbaiti oparitu beharko dioten plastikozko loreontzi berde absurdoa. Afaldu aurretik laranja eta gorrixka moduko koktela eta aperitibotxoa hartu dute. Bazkaldu duten toki berean afaltzea erabaki dute, oraintxe ohartu direnez, hoteletik oso gertu baitago. Den-dena dago beren etxea dela sinetsarazi nahi dien hotelaren inguruan.

Gauak leher eginda harrapatu ditu, baina oso pozik, aseta, bete-beteak sentitzen dira. Hortzak formal garbitu eta gero, ohera txikian sartu dira. Larrialdi-irteera argitzen duen hoteleko iluntasunean X-ek Z-ri non dauden galdetu dio. Ez du hiriaren izena gogoratzen. Z-k ere ez daki. Baina ez du axola. Deskonektatzen ari direlakoan ez dute non dauden jakin nahi; horixe omen da merezi duten saria. Hurrengo egunari gaurkoari bezala zukua ateratzeko asmoarekin goxo-goxo hartu dute lo, Instagrameko argazki gehiagorekin ametsetan.