GARA
ERRENTERIA

Koopera denda zabaldu dute Errenterian erakunde horri babesa emateko

Caritas-ek martxan jarritako Koopera irabazi asmorik gabeko erakundeak arropa denda bat zabaldu du Errenterian. Guztira 12 denda daude Euskal Herrian. Koopera Store izena duten saltokiek, bigarren eskuko arropa eskainiz, herritarrei kontsumo jasangarria gerturatzeko helburua dute. Era berean, gizarte proiektuak eta zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzako lanpostuak sortuko dituzten ideia berritzaileak babestuko ditu Kooperak lortutako diruarekin.

Erakunde hau 2001. urtean sortu zen. Orduan kokatu zuten arropak jasotzeko lehenengo edukiontzia. Egun 17 edukiontzi daude Errenterian eta herritarrek erabiltzen ez duten arropa utz dezakete horietan, txukundu eta berriro erabili ahal izan daitezen. Bestalde, Kooperak 34 lanpostu sortu ditu orain arte Gipuzkoan.