Ariane KAMIO
DONOSTIA

Bi bandoen ondorena

«Negar franko egingo zuen aitak» dokumentalak gerraosteko urteetako bizimodua dakar pantaila handira. Errepublikazaleak eta frankistak, aurrez aurre izan ziren bi bandoen garapen sozialari eskaini dio begirada Bertha Gaztelumendik. Herri berberean bizita, nola egin ondorengo urteetan zauriak itxi eta elkarbizitzari bidea zabaltzeko?

Amasa-Villabona ez zen bonbardaketek bete-betean jo zuten herria izan, baina 36ko gerraren eraginak zuzen-zuzenean jo zuen, Euskal Herriko lekurik gehienak bezala. Gerra garaian, baita hurrengo urteetan ere, bi bandoetako herritarren nahasmen soziala agerikoa zen. Fusilatuak, zigortuak, isilaraziak, erbesteratuak, espetxeratuak... Nonahi dira ezagunak triskantza hura gogora ekartzen duten lekukotasunak.

Jar gaitezen, baina, testuinguru zehatzean. Zer egin herri bereko kaleetan bi alderdietako jendea elkar gurutzatzen denean? Elkarbizitzarako eta etorkizuna eraikitzeko gonbita da «Negar franko egingo zuen aitak» dokumentalak egiten duena. Bertha Gaztelumendik (“Tximeletak burdinan”) zuzendutako lana gudua ezagutu zutenen testigantzek, horien seme-alabenenek eta gazteenenek osatzen dute. «Gure abiapuntua izan zen gerrak Villabonan apurtu zuen bizikidetza berreraiki zela, egun ez genuelako antzematen, gerraren ondorioz, herritarren arteko hausturarik», adierazi zuen Gaztelumendik atzo, dokumentala aurkeztu ondotik. «Bi bandoetako herritarrek, inolako laguntzarik gabe, lortu zuten apurtutako elkarbizitza berriro ehuntzea eta nahi genuen jakin nola gertatu zen hori», gaineratu zuen.

Gerraosteko urteak gogorrak izan ziren. Beharra, baita gosea ere, etxe askotan barruraino sartutako gaitzak izan ziren. Ez zen erraza bizimodua aurrera atera ahal izatea. Gabeziak bultzatu zituzten, kasu askotan, banandutako bi aldeak gerturatzera. Aita espetxetik irten berritan inork lanik ematen ez ziola onartzen du une batean protagonistetako batek. «Etxeak egiten hasi zen gizonezko batek eman zion lan egiteko aukera, nahiz eta beste aldekoa izan», dio.

Villabonan kirolen bat ezaguna bada, errebotea da hori. Eta gerraosteko urteetan batekoak zein bestekoak aritzen ziren elkarrekin jokoan. Urte haietan zabaldu zen, halaber, Bearzana kirol elkartea, lekukoek diotenaren arabera.

Errepublikazaleen zein kolpisten seme-alaba gehientsuenek orduko eskola nazionaletan jaso zuten heziketa, denak nahastuta. Mendeku goserik ezak ere egin zuen bidea elkarbizitzarantz. Pasatakoak pasata ere, beraien etxeetan gorrotorik gabeko heziketa jaso zutela aitortzen dute lekukotasuna eskaintzen dutenek.

Beldurra bazen, ordea, urte haietan bizi-bizi zirauen sentimendua. Gertatutakoaz hitz egiteko ikarak eragin zuen gertakizun asko isilpean gordetzeko erabakia. «Lagunen artean ez genuen politikaz hitz egiten», aitortzen du beste elkarrizketatu batek.

Elkarbizitzaren berreskurapen hori «egungo egoerarako giltzarri» izan daitekeela uste du Bertha Gaztelumendik. Berea «epaiketarik gabeko» lana izan dela gogoratu bazuen ere, onartu zuen ez zuela frankisten senideen aldeko testigantzarik lortu ahal izan.

 

Franco?

Gazteen begietan indarra galtzen dute 36ko gerrak eta ondorengo urteetan gertatutakoak. «Askok Franco nor zen ere ozta-ozta dakite», esan zuen Gaztelumendik. Horregatik ere, belaunaldi berriengana gerturatzeko nahia.

Marina Bidasoro Gipuzkoako Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariak argitu zuenez, “Negar franko egingo zuen aitak” dokumentala Zaharrak Berri programaren fruitua da. Bere asmoa bizikidetzaren berreskurapenaren memoria historikoa ezagutzea da eta, horrekin batera, esperientzia hori gazteei helaraztea, beren etorkizunerako baliagarria izango zaielakoan. «Esperientzia hori jaso nahi dugu, baina hori bezain garrantzitsua da gaurko gazteek bizipen horiek ezagutzea eta bertatik ikasi ahal izatea», esan zuen. Dokumentala oinarri hartuta, gida liburu bat landu du Zaharrak Berri programak, mota horretako esperientziak sustatzeko orientazioa eskaintzeko xedez. “Negar franko egingo zuen aitak” lana gaur arratsaldean emango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Giza Eskubideen Zinemaldiaren baitan (16.30).