Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Irudi berrituarekin eta nobedadez gainezka dator aurten Literaktum jaialdia

Hamargarren urteurrenean berrikuntzaren bidea urratu du Literaktumek. Literatura, zentzurik eta formarik zabalenean, Donostiako bazter guztietara irits dadila nahi du eta «hitzen hiria» eraiki ahal izateko 50 sortzailetik gorak 30 ekitaldi eskainiko dituzte maiatzaren 5etik 16ra bitartean. «Ediziorik borobilenetakoa izango da», ziurtatu dute antolatzaileek.

Hamar urtetan gidari izan dituen oinarriei muzin egin gabe baina begirada berrituarekin dator aurten Literaktum jaialdia. Batetik, maiatzaren 5etik 16ra bitartean Donostia «hitzen hiri» bilakatu nahi duen literaturaren festa honek irudi berria izango du gaurtik aurrera. Logoa eta eskuorria, biak eguneratu eta horien bidez jaialdiaren izaera anitza nabarmendu nahi izan dutela azaldu zuen jaialdiko edukien koordinatzaile Iñaki Gabarainek: «Literaktum beti izan da jaialdi anitza eta aurten dituen atal ezberdinak nabarmentzeko garaia iritsi dela uste dugu», azaldu zuen.

Bestetik, ez dira gutxi hamargarren edizio honetako berrikuntzak. Esate baterako, iaz abiatu zuten Kafea Idazleekin ekimena nobedadeekin dator. Gabarainek azaldu zuenez, hiriko liburu dendek urtean zehar literaturaren alde egiten duten lana goraipatu nahi dute eta, horrela, aurten hiriko liburu dendek hartuko dituzte idazle eta irakurleen arteko gertuko solasaldi hauek. Horietan parte hartuko dute Harkaitz Canok, Marías Dueñasek eta Cees Nooteboom herbeherearrak. Proposamen berri honen barnean, Markel Ormazabal eta Oier Guillanek poesia errezitaldi musikatua eskainiko dute Garoa liburudendan.

Espazio horiek jaialdian txertatzera datoz baita ere aurtengo beste bi berrikuntza: Liburu Lurraldea eta Irakurgunea. Lehena hiriko liburudendetan gauzatuko diren solasaldi formatuko elkarrizketek osatzen dute. Hala, Txetxu Barandiaranek Jorge Carrión elkarrizketatuko du, Danele Sarriugartek gidatuko du Unai Elorriagaren elkarrizketa eta Eider Rodriguezek Samanta Schweblin izango du aurrez aurre. Irakurgunea, bere aldetik, Alderdi Ederren egongo den gune berria da eta irakurketa-klubak, solasaldiak, elkarrizketak eta hainbt bisitari hartuko ditu. Aurten, bertatik pasako dira, besteak beste, Ramon Saizarbitoria, Maria Jose Olaziregi eta Almudena Grandes.

Literatura Kaiera bloga

Literaktumek formatu berrietara hurbiltzeko egin duen saiakeraren emaitza dira, bere aldetik, Literaktum Kaiera bloga, “Burua altxako balu” ibilbide gidatua eta “Paisaiaren murmurioa” eta “Idazleen begirada” erakusketetan egingo diren jarduerak. Lehenean, urtero idazle bati aipatu blogaren ardura hartu eta jaialdiaren kronikak idatz ditzala proposatuko zaio eta, lehen aldi honetan, Danele Sarriugarte GARAko kolaboratzailea izango da zeregin horren arduraduna. “Burua altxako balu”, bere aldetik, Olatu Talkarekin elkarlanean osatutako ekimena da eta jaialdiaren data ofizialetatik kanpo ospatuko da, maiatzaren 30ean. Ekimenak Polloe hilerrian barnako bidaia literarioa proposatzen du, eta Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariek kantuz gidatuko dute bidaia. Aurreratu zutenez, ekimen honi Lugaritzeko bertso eskolako ikasleek jarriko diote gatza eta piperra.

Diziplina ezberdinen arteko lotura egitera datoz, bere aldetik, “Paisaiaren murmurioa” eta “Idazleen begirada”. Horietan, artelanetan oinarritutako errezitaldi musikatuak eskainiko dira, erakusketa aretoetan bertan. Jaialdiaren mestizajearen ikur dira, halaber, poesia, antzerkia eta musika uztartuta Harkaitz Canok, Ainara Gurrutxagak eta Iban Irizarrek eskainiko duten “Ene maite kuttun guztiak” ikuskizuna.

Poesiak leku berezia betetzen du jaialdi honetan eta horrek lekuko dira, besteren artean, Antonio Casado da Rochak eta Oier Guillanek eskainiko duten poesia-irakurraldia, Urumea bazterrean Rikardo Arregik, Susana Benetek eta Eli Tolaretxipik eskainiko duten piknik poetikoa edota “Locus Amoenus II” izendatu duten ikuskizuna. Azken honetan, José Luis Padrón, Jon Obeso, Teresa Calo, Ekain Perez, Jon Elizalde eta Elena Martínez de Murgiak poesia errezitaldi musikatu berezia eskainiko dute: errealitatea, lorategia eta gizakia izango dira errezitaldiaren hiru gai nagusiak eta, horietako bakoitzean, idazle eta poeta ezberdinen poemak irakurriko dituzte, Oier Guillan, Jon Benito, Igor Estankona, Amaia Lasa, Leire Bilbao, Joseba Sarrionandia, Joxan Artze, Bernardo Atxaga edo Castillo Suarezenak, besteak beste.

Zilarrezko Euskadi sariak

Literaktumen sariketarik ere izango da aurten: urtero Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak ematen dituen Zilarrezko Euskadi sariak bertan banatuko dira. Maiatzaren 5an Udal Liburutegiko sotoan egingo den ekitaldi honek irekiko du, gainera, jaialdia eta sariak jasoko dituzten lanak Danele Sarriugarte elgoibartarraren “Erraiak” eta Parinoush Saniee idazle iraniarraren “El libro de mi destino” izango dira.

Azkenik, eskuorrian azaltzen bada ere, atzo jakinarazi zuten osasun arazoak tarteko Juan Goytisolo ez dela Donostian izango. Jaialdiaren gaineko informazioa eta datak: www.donostiakultura.com/literaktum.

 

«Baso bat opari», diziplina arteko uztarketen isla

Literaktumek jaialdi anitza izan nahi du, literaturara gainerako diziplina artistikoak ekarriko dituena edo literatura haietara eramango duena. Diziplina eta formatuen arteko lotura berriak sortuko dituena. Horren isla da aurtengo egitarauak dakartzan proposamenetan antzerkiak, musikak edota artelanek betetzen duten lekua. Eta horiek guztiak bildu eta bateratzen ditu maiatzaren 13an Lugaritz kultur etxeak hartuko duen “Baso bat opari” ikuskizunak.

Patxi Zubizarretaren “50” disko-liburua da ikuskizunaren abiapuntua, bertan idazleaz gainera Joseba Senperena musikariak eta Mintxo Cemillan margolariak ere parte hartu baitzuten. Antton Valverdek azaldu zuenez, «badira urte batzuk abeslari eta idazleak dauzkagun era guztietako krisiak gainditzeko proiektu ezberdinak martxan jartzen hasi ginenetik». Bide horretan, “Baso bat opari” «beste pauso bat» dela ziurtatu zuen abeslariak, idazle eta musikarien arteko loturaz gainera margolanak ere uztartzen dituelako. Agertokian, Valverde, Cemillan, Senperena eta Zubizarretaz gainera Maddi Oihenart abeslari zuberotarra ere egongo da. «Denon artean saiatuko gara jaialdi txukun bat ematen», ziurtatu zuen Valverdek.

Bere aldetik, EIEn ordezkari Joxemari Carrerek halako ekimenek, jaialdiak bezala, idazlea bisualizatzeko bidean egiten duten lana goraipatu zuen: «Idazleak ikusezinak dira, irakurleak bezala; idazleek euren imajinarioan irudikatzen dituzte eta, hemen, elkar ezagutzeko aukera dute. Hitzen hiria eraikitzeak harremanetarako hiria eraikitzea esan nahi du, eta horri erreparatu behar diogu». A.A.