Ariane KAMIO
DONOSTIA

Metamorfosiaren ondoren

Hiru urte eman ditu Lain taldeak «Tximeleta» disko berriaren hezurdura diseinatzen. Orain arteko ibilbidean inflexio puntua aurkitu eta indar dosia areagotuta itzuli da. Poperako joera rockaren norabidean jarri eta esatekoak ere lapitza zorroztuta bota dituzte orain.

Hamazazpi urte inguru zituzten Leire Berasaluzek eta Kristina Aranzabek Lainek lehenengo pausoak eman zituenean. 2007an Lor-en “Zure doinua”-ren bertsioa Youtubera igotzea izan zen haien bekatu nagusietako bat, debekatutako sagarrari kosk egin eta paradisuko ateak zabaltzen lagundu ziena. Nahigabean hasi zuten bidea, horrela etorri zitzaiela ere aitortzen dute beraiek. Musika talde berri batean hasi berritako musikari berri bi. Gaztea Maketa Lehiaketa poltsikoratuta, 2009an iritsi zen lehenengo diskoa, taldearen izen berekoa, eta handik bi urtera bigarrena, “Leihoak”. Nerabe izanagatik ere sona handia eskuratu zuen taldea izan zen Villabonan eta bere inguruetan sortutako boskotea (orain seikote).

Popera gehiago hurbildutako kantuak landu zituzten ordu hartan, arinak eta entzungarriak, bi «front woman»-en ahots bateragarrien erakargarritasuna buru jarrita.

Lau urte egin ditu Lainek diskorik gabeko lehortean, bilakaeraren gurpilaren etorrian. Eta disko berriaren izenburuari men eginez, «kapuluan sartuta» eman dute denbora hori guztia, «metamorfosia» gertatu bitartean. «Urteetan norabide batean joan ginen. Baina bakoitzak ze zama eta kezka zituen adierazi genion elkarri eta hor hasi ginen bolumena hartzen. Inflexio puntu bat izan zen», dio Javi Riverok (baxua).

Aldatuta dator taldea, taldekide berberekin. Edukian dago orain desberdintasuna. Rocka eta erritmo gogorragoak aurkezten dituzte “Tximeletak” lanean, beraien ezaugarri den «sentsibilitatea» galdu gabe.

Diskoari izenburua ematen dion kantuarekin abiatzen da lan berria, eraldaketa prozesuaren erakusle dena. «Ze zaila den barruan duguna kanpora ateratzea! –adierazi du Kristinak–. Kapulu baten barruan egon eta irtetea bezalakoa izan da», nabarmendu du.

Barrutik kanporako bidea egin duten doinu eta letrak dira mahai gainean jartzen dituztenak, taldekide guztien parte-hartze prozesu baten ondotik sortutakoak. Eta hori da, abesti gehienetan, gai nagusia, nahiz eta bestelakorik ere sartu duten. Emakumeen inguruko gaiak plazaratuz, esaterako. «Emakumeen gaia neurtzen saiatu gara eta gure aldarrikapena hor utzi nahi izan dugu. Gure ikuspuntua argi eta garbi utzi dugu pare bat abestitan», jarraitu du Javik. “Bi ezpain” izan daiteke horietako bat, emakumea eta sexualitatea irudikatzen dituen kanturik rockeroena.

Benetako istorioetan oinarritutakorik ere badago, “Negar egingo dugu”, kasurako. Kanturik intimoena, Baionan eskainitako kontzertu baten ondotik sortutakoa. Emanaldi akustikoaren amaieran entzule bat gerturatu zitzaien paper bat utziz haien eskuetan. Hitzik egin gabe alde egin zuen. Paperean, poema labur bat: «Negar egingo dugu lasaitzeko bederen». Zirrarak jota-edo, hura ere diskoaren parte egin zuten, beste hamar kanturekin batera.

 

«Bonberon» lehenengo zuzenekoa

Lain taldearen hirugarren diskoa martxoa eta apirila bitartean grabatu, nahastu eta ekoitzi du Eñaut Gaztañagak Zestoako Gaztain estudioan eta masterizazioa Donostiako Doctor Master-en egina da, Estanis Elorzarekin.

“Tximeletak” lanerako kolaborazio soka luzea jaso dute: Natalia Garmendia (ahotsa), Jon Arruabarrena (saxoa), Felipe Murillo (biolina), Nerea Lasaga (biolontxeloa) eta Xabier B. Leturia (perkusioa).

Sormeneko eta estudioko lanak amaituta, jendaurrera eramateko ordua iritsi zaio taldeari eta lehenengo zita, aurreneko zuzenekoa, erabakita dute dagoeneko. «Etxean» egingo dute, Tolosako Bonberenean. Aurkezpen ekitaldia izango da, emanaldi «berezia», kolaboratzaile guztiekin elkarbanatu nahi dutena. «Etxekoekin eta lagunekin partekatu nahi dugu lehenengo kontzertua». Datorren larunbatean izango da. Hortik aurrera, hilabete berean beste bi hitzordu. Zamudion arituko dira maiatzaren 23an eta, astebete beranduago, hilaren 30ean, Azpeitiko Nuarbe auzoan. Irailerako beste bat itxi dute dagoeneko, eta uda partekoak etortzeke daude oraindik. A.K.