Amalur ARTOLA
GASTEIZ

Julio Galarta, Arabako paisaien arima mihisera eraman zuen margolaria

Kritikak goi-mailako margolari gisa onartu arren, Julio Galartak «naturarekin kontaktuan egotea eta pinturaz gozatzea» lehenetsi zituen ibilbide profesionalaren gainetik eta, horrek Arrasate ingurutik kanpo sobera ezaguna ez izatera eraman zuen. Paisajistaren izena «merezi duen lekuan jartzea» da Gasteizen osatu duten erakusketaren xedea.

Zizurkilen sortu bazen ere, haurtzaroa Arrasaten eman zuen Julio Galartak eta, euskal paisaia oro maitatu eta margotu zuen arren, ez zuen behin ere Arabako paisaiak sorrarazten zion lilura ezkutatu. «Aramaio ezagutzen ez duzun arte ez dakizu aberastasun hori noraino iristen den», esan ohi zuen.

Gaurtik aurrera, Julio Galarta Pintorearen Lagunak elkartearen ekimenez, paisaia horiek ikusgai egongo dira Gasteizko Vital Kutxa Fundazioaren aretoan, “Julio Galarta. Gogoa duen paisaia-pintorea” erakusketaren barnean. Elkarteko kide Josemari Velez Mendizabalek azaldu duenez, margolariaren ehun obra inguru biltzen ditu erakusketak, horietatik gehienak Arabako paisaiak, baina tartean natura hilak eta erretratuak ere ikusi ahalko dira. Baita lanerako erabili ohi zuen materiala, 36ko gerrako koaderno bat eta Galartaren ibilbidearen erakusgarri den bideo-lan bat ere.

Velez Mendizabalen hitzetan, Julio Galartak (Zizurkil, 1917 - Aretxabaleta, 2011) ibilbide oparoa izan zuen pintura munduan. Bartzelonako goi-eskolan arte ederrak ikasi ostean hasi zuen bere ibilbide artistikoa, 1946an. Hasieratik zuen garbi paisaiak margotzea zuela gustuko eta Euskal Herriko geografia zeharkatu zuen zeregin horretan. Galartaren lana berehala hasi zen arreta erakartzen eta bere bizitzan zehar 40 erakusketa ingurutan hartu zuen parte. Horien artean, nabarmentzekoa da 1973an Madrilen goi-mailako erakusketa batean erakutsi zituela bere lanak, Zuloaga, Baroja eta Amaricaren obren ondoan.

Kritikak goi-mailako margolari gisa onartu izan duen arren, Galartak «naturarekin kontaktuan egotea eta pinturaz gozatzea» lehenesten zuen ibilbide profesionalaren gainetik, eta horrek, bere izaera «lotsati eta umilarekin» batera, goi-mailako zirkuituetatik kanpo egotea ekarri zion. «Menchu Galekin batera hasi zen margotzen, baina, hark ez bezala, Galartak profesionaltasunetik urrundu eta Arrasateko lantegi batean zortzi ordu lanean eman eta gero margotzea erabaki zuen».

Hala ere, margolari emankorra izan zen Galarta. Velez de Mendizabalen hitzetan, Arrasatetik at bere izena sobera ezaguna ez den arren, «Arrasaten ez da Galartaren koadro bat ez duen etxerik; milaka margotu zituen». Zentzu horretan, margolariaren ondarea herri gipuzkoarretik kanpo ezagutaraztea eta Galartaren izena «merezi duen lekuan» jartzea da elkartearen zeregina. «Horretarako garrantzizkoa da erakusketa hau», aitortu du.

Euskal zeruen urdina

Galarta paisajista izan zen batez ere eta bere obran koloreak erakartzen du ikuslearen arreta. Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeak kolorez busti zituen eta, Errioxako paisaiak margotzeko paleta okrea erabiltzen zuen bezala, euskal paisaietan urdin ilun eta argitua erabili ohi zituen. Galartak berak azaldu ohi zuenez, lehentasuna marrazketari ematen zion, eta haren atzetik zetorren koloreen harmonia: «Euskal Herriko argia iragankorra eta iraupen laburrekoa da, kolore-efektuak lortzeko lan handia egin behar da», aipatu izan zuen.

Elkartearen eskuetan dauden 600 koadroetatik ehun inguru biltzen ditu erakusketak, gehienak Arabako paisaiak (Aramaio, Uribarri-Ganboa, Agurain, Arabako Errioxa, Guardia...) eta erretratuak, natura hilak eta itsas-irudiren bat ere ikus daitezke. Horrez gain, Arrasateko udaletxean dauden lau metro luzeko hiru mural ere eraman dituzte Gasteizko aretora.

“Julio Galarta. Gogoa duen paisaia-pintorea” urriaren 4ra arte egongo da ikusgai Vital Kutxa Fundazioaren aretoan (Posta kalea, 13-15).