Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Berdintasuna lortzeko legeen inguruan aritu dira Donostian

Berdintasun legeak gobernu guztien eskura daude baina horiek jarraitu daitezkeen pauta batzuk besterik ez dituzte proposatzen. «Lege bigunak» dira eta betetzen ez badira ez dute inolako ondoriorik, Octavio Salazar Kordobako irakaslearen arabera. Egunotan EHUko udako ikastaroen barnean berdintasun legeen inguruan eztabaidatzen ari dira eta atzo egun ditugunen ahulguneak seinalatzeko aukera izan zen. Hamarnaka akats identifikatu zituen Salazarrek.

«Autoan ibiltzeko arauak badaude edota igerilekuan txanoa janzteko araua badago, eta horiek hautsiz gero isun bat jartzen badigute, uste dut, berdintasuna lortzea justifikazio ona badela horren inguruan ere bete beharreko arauak ezartzeko», aipatu zuen Octavio Salazar Kordobako Unibertsitateko irakasleak EHUko udako ikastaroen barnean atzo Donostian eskaini zuen hitzaldian.

Salazarren ustez, emakumeen eskubideak ziurtatzeaz arduratzen diren legeak ez dira aproposak, «lege bigunak» direlako; hau da, jarraitu daitezkeen pautak proposatzen dituzte baina ez badira betetzen ez da ezer gertatzen. Horregatik uste du «lege gogorrak» erabili behar direla, arauak hautsiz gero ondorioren bat egoteko.

Salazarri zegokion Estatu espainiarrean dauden berdintasun legeak aztertzea eta alderatzea, baina, oso lan luzea izango zela iritzita, zituen 45 minutuetan orain arte ateratako ondorio nagusiak aipatzea erabaki zuen. «1978ko Konstituzioan emakumeak ia ikusezinak dira. Uste dut orain erreforma bat beharrezko ikusten badugu, emakumeak horren erdigunean egon beharko liratekeela», aipatu zuen.

Izan ere, «demokraziazko 30 urteotan desberdintasunaren sintomei egin zaie aurre, baina, ez, aldiz, horiek gertatzearen arrazoiari». Azken hamar urteotan aurrerapausoak eman dira zentzu horretan Salazarren ustez, baina oraindik ere asko dago egiteko. «Autonomia erkidegoetan estatutuak sinatu dira eta tokian tokiko berdintasun legeak egin dira», baina, Salazarrentzat, horiek ere «nahasgarriak» dira terminologiari dagokionez. Bestalde, autonomia erkidego bakoitzean gai horiez arduratzen diren erakunde desberdinak daude eta horien osaera ere desberdina da leku bakoitzean.

Emakumeen ikuspuntua landu

Gizartean ez dago parekidetasunik eta politika gizartearen isla ere badenez, politikan ere ez dago berdintasunik. «Legeek proposatzen dute parekidetasuna egon behar dela, eta hori espero da zerrendak osatzerakoan, baina, azkenean, errealitatea bestelakoa da. Autonomia erkidegoetako parlamentuetan legeak zehaztutako %40 hori betetzen da, nahiz eta postu garrantzitsuetan gizonak egon ohi diren. Andaluzian, adibidez, lehen aldiz emakumeak gizonak baino gehiago dira orain. Baina Estatu mailan %36 dira emakumeak. Gainera, kontuan izan behar da emakumeen ibilbide politikoa gizonezkoak diren kideena baino askoz laburragoa izan ohi dela», aipatu zuen adituak.

Estatuan dauden lege horiek guztiak ikusirik harrigarria da oraindik ere indarkeria matxista nola dagoen, pobrezia nola feminizatzen den, hedabideetan eta publizitateetan emakumeak nola sexualizatzen dituzten edota emakumeen lanpostuak nola diren hain ezegonkorrak. Hori dela eta, gogoeta bat proposatu zuen Kordobako irakasleak: «Nahikoak al dira ditugun legeak? Zer-nolako legeak behar ditugu? Zer-nolako berdintasun eredua behar dugu?».

Salazarren ustez parekidetasuna gizonen ikuspuntutik jorratu da eta hori akats larria da eredu berdina errepikatzen delako. «Gizonezkoek gogoeta egin behar dute eta dituzten pribilegioei uko egin behar diete, eskubide eta betebehar berriak eskuratzeko. Izan ere, emakumea ere boterearen erdigunean egon behar da», amaitu zuen.