Idoia ERASO
LEKORNE
Entrevista
PAULINE GUELLE ETA JEAN FRANçOIS LEFORT «LOF»
EUSKAL HERRIA ZUZENEAN FESTIBALEKO BOZERAMAILEA ETA SORTZAILEA

«Azken hogei urteotan Euskal Herria Zuzenean alternatibaren ikur izan da»

Duela hogei urte sortu zen Euskal Herria Zuzenean festibala. Aurtengo edizioa hasteko egun batzuk besterik falta ez direnean, GARA egun jaialdiren bozeramailea den Pauline Guellerekin eta EHZren sorrera bizi izan zuen Jean-François Lefortekin izan da. Bi belaunaldien arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak agerian gelditu dira. Lekorneko Garro gazteluaren aitzinean ospatuko da jaialdia, uztailaren 3tik 5era.

Bi hamarkada pasa dira “Arrosako Zolan” Euskal Herria Zuzenean jaialdiak lehen aldiz euskal gazteria bildu zuenetik. Garaian sortzaile izan zirenak, orain beste lan batzuetan ari dira, eta, hala, gaur egungo gazteek hartu dute gidaritza. Galdera berdinei batzuek eta besteek emandako erantzunek urteok ekarritako aldaketak agerian utzi dituzte.

Zuentzat zer da EHZ?

Pauline Guelle: Elkargune bat da, non hiru egunez mikrogizarte ideal bat eraikitzen den. Teoriatik praktikara ideiak eramateko egina izan da. Horren adierazle dira komun idorren eta txosnen eraikitzea, euskal hedabideen elkarlana, web telebista, EHKZ proiektu parte hartzailea, bertako produktuen eskaintza...

Jean François Lefort «Lof»: EHZ festibal bat baino gehiago da; festa, musika eta baita borroka ere uztartu nahi ditu. Hogei urteotan rol berezi bat izan du Ipar Euskal Herrian eta Euskal Herrian oro har, alternatibaren ikur izan delako. Hogei urte berantago segitzen du izaten eta hori biziki garrantzitsua da.

«Hogei urte, urtero sortzen» da aurtengo leloa. Zer dago esaldi horren gibeletik?

P. G.: Nahi genuen azpimarratu hogei urtez EHZ sortzaile izan dela beti. Festibalak bi hamarkada bete ditu, eta, ikuspegi nostalgiko bat hartuta ospatu ordez, geroari begira jarri gara, sorkuntzari leku berezia emanez. Lema azken hogei edizioetan izan diren laguntzaile eta publikoari zuzenduta dago, jakinez proiektua urtero eraberritu eta birpentsatu dela.

J. F. L.: Urtero festibalaz okupatzen den gazteriak beti behar du pentsatu zein den tresna horren funtzioa eta nola baliatu eginahalak eragin gehien izateko euskal gazteriarengan. Urtero behar da asmatu festibal berri bat, errepikatzen dena, baina ekartzen dituena elementu berriak.

Urteurren honen karietara garaiko eta gaurko belaunaldiak elkartu zarete, zer nabarmenduko zenukete?

P.G.: Hogei urteko transmisio lana eramana izan dela, eta, nahiz eta berritzailea izan, aurtengo proiektua lehen belaunaldiari ere mintzatzen zaiola. Hogei edizio eta gero ikusten dugu proiektuaren oinarriak atxiki ditugula, testuingurura egokituz. Gainera, ohartzen gara pausoak egin ditugula; aurten ere bihurgune bat hartu dugu programazioaren aldetik, eta lehen edizioaren antolatzaileen oharrak biziki positiboak izan dira.

J.F.L.: Gure belaunaldian bada poztasuna ikustean gazteria berri bat geroa eskuen artean hartzen ari dela, eta segitzen duela pentsatu, gogoetatu eta eragiten. Harritu nauena da festibal berean aritu garela garai desberdinetan baina ez dela elkar ezagutzarik. Beharbada oraingo belaunaldiak ez daki edo guk ez diogu transmititu zer izan ziren festibalaren lehen urteak, zertarako erabaki genuen horrelako tresna bat sortzea. Eta memoriaren transmisioak badu garrantzia Euskal Herrian.

Zerk eraman zintuzteten festibaleko kudeaketan/sorreran parte hartzera?

P.G.: Ideia batzuk teoriatik praktikara pasatzeko nahiak. Ohartu nintzen sekulako formakuntza elkartea zela EHZ, eta, gainera, Ipar Euskal Herriko proiektu orokor batean parte hartu eta militatu nahi nuen.

J.F.L.: Kolektiboki hartu zen erabakia izan zen; duela hogei urte sentitzen genuen Ipar Euskal Herrian bazela gazteriaren aldetik borondate bat dinamika eta borroka pizteko. Garai horietan hainbat tresna berri sortu ziren, eta festibala horietako bat izan zen Ipar Euskal Herriko gazteria biltzeko tresna eta proiektu politiko-kultural baten inguruan.

Nola ikusten duzue festibalak Arrosan sortu zenetik Lekornera heldu arte egin duen bidea?

P.G.: Harrigarria dena laguntzaile sarearen egonkortasuna da. Jakin behar da hiru egunetan 600 laguntzaile badirela festibalean, sekulako lorpena da! Bestalde, EHZ oztopo anitzen gainetik aitzina joan da, izan ekaitza, ezker abertzalearen zatiketa, zailtasun ekonomikoak, lekualdatzeak... Horri lotuta, Ipar Euskal Herriko barnealdean izan duen eraginkortasuna azpimarratuko nuke. Arrosatik, Lekornera, Idauze-Menditik eta Heletatik pasatuz, beti bertako jendearekin harremana ukaitea lortu du. Azkenean, hitzordu nagusi bat bilakatu da Ipar Euskal Herriko jendearentzat eta beste jende bat ere erakarri du euskal mundura.

J.F.L.: Hogei urtez iraun du eta hori asko da, izan ere, beti azpimarratu behar da festibalak ez duela laguntza publiko handirik eta ez duela multinazionalen diru laguntzarik, bereziki ez duelako nahi. Nahi du izan festibal independente bat, beti idei berriak eta geroa partekatuz. Belaunaldi artean transmititutako baloreen segida izan nahi du.

Ibilbide osoa aztertuta, zer kritika egingo zenukete jaialdiak izandako gauza positibo eta negatiboak kontuan izanik?

P.G.: Ez dut pentsatzen zilegitasun handirik dudanik kritikak egiteko! EHZk oztopo anitz gainditu ditu eta horrek erakusten du berrasmatzen den elkartea garela, laguntzaileek ez dutela egitasmoa bazterrera utzi; azken finean, proiektuaren indarra horretan da. Bestalde, segur kritikak izan ahal direla, adibidez, aurten parte hartuko duten taldeak aukeratzeko gogoeta sakona egin dugu eta erabaki dugu bihurgune bat hartzea izen handirik ez ekarriz. Erabaki hori autokritikatik hartua izan da.

J.F.L.: Alderdi onen artean nabarmenduko nuke gazteriaren engaiamendu, parte hartze eta konpromisoa. Kritika txarra denik ez nuke erranen, baina bai azpimarratuko nuke festibalak segitu behar duela izaten Ipar Euskal Herriko gazteria osoari irekitako tresna bat; izan ere, batzuetan nagusiki euskaraduna eta abertzalea den gazteriari ari gara zuzentzen. Jaialdiak izan behar du kontzientzia hartze nazionalerako tresna bat; bada Ipar Euskal Herrian gazte andana ez dena abertzalea baina euskal herritar sentitzen dena eta festibalak behar du sentimendu hori beste zerbait bilakatu. Agian ez dugu beti hori lortu, baina segitzen du jaialdiko helburu nagusietako bat izaten.

Zeintzuk dira etorkizunari begira festibalak dituen erronkak zuen ustez?

P.G.: Orain gainditu nahi dugun erronka da urte osoan dinamika bat sortu eta egitarau bat osatzearena. Azken urteetan horretan ari gara zinemaldiaren edo musika topaketaren bidez, baina badugu zer landu. Haatik, segur da beste erronka batzuk izanen direla, baina gure xedea ez da atzetik datozen gazteei zer egin behar duten adieraztea; gazteek hartuko dute proiektuaren gidaritza eta segur aski beraiek beste erronka batzuk atzemango dituzte.

J.F.L.: Erronka nagusia nortasuna atxikitzea da. Hau da, gazteek antolatutako jaialdi independentea izatea eta ez erakunde edo multinazional bati lotutako ekimena. Erronka nagusia da ere ideia berriak elikatzen segitzea eta sistemak inposatu nahi digun bizimoduaren kontrako alternatibak atzematen segitzea. Segitu beharko da sakontzen, lantzen, eta hori lortuko bagenu biziki berri ona litzateke zinez.

 

«Bi hamarkadaz festibala bizirik atxikitzea lortu dugu; bada garaipen bat eta behar dugu ospatu»

Urteurrenaren ondorioz jaialdi berezia izanen da aurtengoa. Zer nabarmenduko zenukete aurtengo ediziotik jendea uztailaren 3tik 5era Lekorneko gaztelura bertaratzeko gomita luzatzeko?

Pauline Guelle: Animaleko zaflako bat bilduko duzuela! Bai programazioaren aldetik bai eskaintza orokorraren aldetik. Aurten bihurgune bat hartu dugu, deskubritzeari eta sorkuntzari leku gehiago emanez. Horregatik, talde edo ikusgarri ezagunen alde egin beharrean, kalitatezko programazioaren alde egin dugu. Musikari dagokionez, Skip&Die talde feminista gomitatu dugu, baita Woods, Deluxe, Cotton Claw edota Last Train ere. Hogei urteak Berri Txarrak taldearekin batera ospatuko ditugu, baita lehen edizioetan parte hartu zuen Massilia Sound System taldearekin ere.

Eztabaida ugari izanen dira eta hainbat gai jorratuko dira, izan Grezia, feminismoa, Kurdistan, presondegiak edo energia. Ikusgarriei begira, Iron Skulls talde katalana edota Pied de Biche taldea izanen dira. Hots, eskaintza anitza izango dugu, eta hori guztia bertako janari eta edariekin uztartuta. Orduan ez duda egin eta etorri festibalak hogei urte betetzen dituela gurekin batera ospatzera.

Jean François Lefort: Nik gogoa nuke azken hogei urteotan festibalean partaide izan diren guztiei gomita zabaltzeko, erranez bi hamarkadaz jakin dugula festibala bizirik atxikitzen; hori bada garaipen bat eta behar dugu ospatu.

Ospakizun horretan beharko da momentu hunkigarri bat ere, zeren eta zenbait bidelagun ez dira jaialdian gurekin izanen. Hainbat laguntzaile galdu ditugu bidean eritasunaz edo istripuz, eta azpimarratu nahiko nuke, denak ez zerrendatzearren, berriki joan zaigun Gabi Phagaburu, Irulegiko Irratiko laguntzailea eta EHZko sortzailea. Gogoan izango ditugu ere urteotan guztietan gurekin batera lanean aritu diren eta uneotan preso dauden lagunak. Pentsatzen dut urteurrenean horiek guztiak gogoan izanen ditugula eta uste dut inportantea dela ospakizuna behar bezala egitea, parte hartzea bultzatuz eta beti atxikiz gogoan lagunak falta ditugula eta gogoan ditugula.I.E.