M.D.
IRUÑEA

Absolbitu egin dituzte ikurrinaren aferagatik auzipeturiko oteitzarrak

Ezerezean gelditu da 2013an Jose Angel Bermejok, Oteitzako orduko alkateak (PSN), jarri zuen salaketa, kalean jarritako ikurrina kentzen ari zela iraindu egin zutelakoan. Nafarroako Probintzia Auzitegiak absolbitu egin ditu bi oteitzar auzipetuak, frogarik ez dagoelako.

Jose Angel Bermejo (PSN) Oteitzako alkate ohiak jarritako salaketaren ondorioz auzipetuak izan diren Oteitzako bi biztanle absolbitu egin ditu Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioak. Modu honetan, Lizarrako epaitegiak bi lagun hauei «agintariak mespretxatzeagatik» ezarritako zigorra –160 euroko isuna– indarrik gabe utzi du Probintzia Auzitegiak. Azken erabaki honen kontra ezin da helegiterik aurkeztu. Francisco Javier Fernandez eta Luis Javier Saenz Oteitzako biztanleen kontra frogarik ez dagoela nabarmendu dute epaileek.

2013ko azaroan, Oteitzako biztanle talde batek ikurrina, Nafarroako bandera eta Independentistak sareko ikurra paratu zituen kalea zeharkatzen zuen kable batetik zintzilik. Orduan, herriko alkate zen Jose Angel Bermejo (PSN) garabi batera igo zen ikurrak kentzeko. Herritarrak jarrera horren kontra azaldu ziren. Bermejok foruzainen aurrean jarri zuen salaketan azaltzen zenez, herritarrek alkatea iraindu eta garabia astindu zuten.

Salaketa horren ondorioz, oteitzarrak Lizarrako auzitegian epaitu zituzten. Baita zigortu ere. Orain, aldiz, Nafarroako Probintzia Auzitegiko epaiak azaltzen duenez, alkateak salaketan egin zuen deklarazioa eta salatuek duten bertsioa kontrajarriak dira, baina ez dago inolako frogarik bataren edo bestearen alde. Alkatearen eta herritarren hitza baino ez dira aurkeztu epaileen aurrean. Ondorioz, absoluzioaren alde egin dute.

2014ko apirilean, Oteitzako biztanle gehienek auzipetuen aldeko agerraldia egin zuten. Ikurrina herrian inolako arazorik gabe jarri izan dela gogoratu zuten, eta Bermejori leporatu zioten Oteitzako giroa mikaztea. Aurtengo udal hauteskundeetan ez dira aurkeztu ez Bermejo ez PSN Oteitzan.

Absolbituak izan diren bi oteitzarrek herritarren sostengua eskertu zuten atzo ohar baten bidez. «Bere onera itzuli du Oteitza eta sentsibilitate guztiak errespetatzen duen Udala dugu orain», adierazi zuten.

Honez gain, UPNri eta Carlos Salvador diputatuari beraien kontra bota zituztenak –«maila apaleko terroristatzat» jo zituen– zuzentzeko eskatu zieten.