Jose Angel ORIA
Kazetaria

AFRIKAKO LUR PILATZEARI MUGA IPINI DIOTE HERRITARREK SENEGALEN

Senhuile izeneko proiektua hilzorian dago Italiako eta Senegalgo inbertitzaileen arteko liskarrengatik eta, batez ere, herritarrek egin duten presioaren eraginez. Bost urteko erresistentzia, garaipen baten berri emateko, Re:Common elkarteak nabarmendu duenez.

Afrika ez da hain desberdina, batez ere dirua pilatu nahi duten konpainien jarduerari dagokionez: herritarren eskariei jaramonik egin gabe, agintariak usteltzen dituzte beren negozioa arazorik gabe egin ahal izateko. Afrikan gertatzen dena Euskal Herrian ere behin baino gehiagotan gertatu izan da, eta Latinoamerikan ere tankerako kasu ugari ezagutu ditugu azken urteotan. Zorionez, diruzalekeriak ez du beti arrakasta lortzen. Ezta Afrikan ere.

Tampieri Financial Group Italiako konpainia multinazionalak bioerregaiak ekoizteko helburuarekin lur asko bereganatu du Senegalen (45.000 hektarea) azken urteotan. Lege arazoak saihestu nahian, Senethanol-Senhuile konpainia sortu zuen orain urte batzuk, herrialdeko bertako kapitala onartuz, baina akzioen %51 poltsikoan gordeta.

Eta propagandarekin hasi zen Tampieri: milaka lanpostu, ibaia desbideratzea, putzuak eraikitzea, eskolak, osasun zentroak, errepideak… agindu zituzten proiektuaren sustatzaileek. Aurrena Fanaye herrian (Dieri eskualdean, Senegal ibaiaren ondoan, Mauritaniako mugatik gertu) egin zuten kanpaina, eta bertan porrot egitean (2012ko hauteskundeak zetozela-eta, Abdoulaye Wade garaiko presidenteak proiektua bertan behera utzi zuen), Ndiael eskualdean. Bi toki horietako herritarren mobilizazioak aztertu ditu Re:Common izeneko Italiako gobernuz kanpoko erakundeak.

Senegalgo herritar askorentzat, Senhuile esatea lur pilatzea esatea da. 2011n Fanayekoek proiektuaren berri izan zutenean, mobilizazioekin hasi ziren (bi hildako) eta nahi zutena lortu zuten. Baina arazoa Ndiaelko herritarrei iritsi zitzaien. Konpainiak gaizki eraikitako ureztatze lubaki batean ume batzuk ito ziren, bertakoak gehiago haserretzeko. Gainera, konpainiaren sinesgarritasuna kaltetu zuten legez kontrako finantzaketa susmoek eta Benjamin Dummai zuzendaritzako kide ohiaren eta konpainiaren arteko akusazioek, Lorenzo Bagnoli kazetariak jakinarazi duenez.

Fanaye zein Ndiaeleko herritarrek diote konpainiak abian jarri nahi duen jarduera oso kaltegarri dela beraientzat: «Lurra salduz gero, zer geratuko zaigu? Zer geratuko da gure seme-alabentzat?», adierazi zuen nekazari batek 2011n. Garbi zituen gauzak.