Jose Angel ORIA

Afrika Erdiko Errepublika gerraren atarian ipini dute nazioartearen hutsegiteek

Irailaren 26an taxi gidari musulman bat hil zuten hiriburuan eta geroztik egoera asko gaiztotu da. Analistek ez dute baztertzen gerra zibilaren aukera eta nazioarteari leporatzen diote erantzukizuna.

«Gaur egungo indarkeria giroa berehala baretzen ez bada, etnia eta erlijioaren araberako erasoek gora egingo dute eta benetako gerra zibilaren atarian egongo gara», esan du aste honetan Genevan, Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean, Marie-Therese Keita Bocoum adituak.

Taxi gidari baten aurkako erasoak abian jarri zuen indarkeria giroan gutxienez 40 pertsona hil dira dagoeneko eta beste ehunen bat zauritu. Hala ere, larriena izan daiteke lehendik ere iheslari asko zituen herrialdean pertsona are eta gehiago ari direla ihes egiteko hautua egiten (30.000 inguru, azken datuen arabera), Afrika Erdiko Errepublikan bizitzen jarraitzea gero eta zailagoa baita.

Thierry Vircoulon International Crisis Group taldeko analistak nazioarteko komunitateari leporatzen dio egungo egoeraren erantzukizuna. Bere ustez, sekulako hutsegitea da hauteskundeak antolatu nahi izatea ez segurtasunik ez instituziorik ez dagoen herrialde batean.

Vircoulonen iritziz, herrialdeko krisiari aurre egiteko abian jarri den bide orriak ez du krisia bera konpondu nahi, ez da horretarako estrategia bat, krisitik nolabait irtetekoa baizik.

Milizia armatuei armak kendu ez izana litzateke akatsetako bat. Beste bat, oso garrantzitsua, komunitate ezberdinen arteko harremanak oso ahulak direla. Gainera, orain zutitzen ari diren instituzioak ahulegiak dira oraindik, eta musulmanen konfiantza lortzeko ez dute ezer egin, betiere analistaren ustez. Horregatik eransten du baldintza horietan ezinezkoa izango dela hauteskundeak aurten egitea, Catherine Samba Panza behin-behineko presidenteak aurkakoa esaten badu ere (urriaren 18an egingo direla esan du berriz aste honetan).

Mendekua

Vircoulonek deskribatutako egoera irailaren 25ean hasi zen gaiztotzen. Ostiral hartako gauean taxi gidari musulman bat hil zuten auzo kristau batean. Gorpua larunbat goizean eraman zuten Bangiko meskita nagusira. Berehala abiatu ziren zenbait gazte musulman auzo kristaura: tiroka sartu ziren bertara, hamabi lagunen heriotza eraginez (beste 40 pertsona eraman zituzten erietxera).

Arratsaldean, berriz, beste aldekoen mendekua iritsiko zen. AntiBalaka izeneko miliziek (ustez kristauak eta animistak babesteko sortutakoak) irrati kate musulman baten egoitza suntsitu zuten. Musulmanen miliziek Elizaren instalazio batzuei eta Nicolas Guerekoyame Gbangou artzain protestantearen etxeari egin zieten eraso ondoren. Guerekoyame erlijio ezberdinetako kideak hartzen dituen plataformako buruetako bat da, Dieudonne Nzapalainga gotzainarekin eta Oumar Kobine Layama imamarekin batera. Izan ere, Afrika Erdiko Errepublikako gatazka ez dela erlijio kontuek sortua defenditzen dute protestante, katoliko eta musulmanen buruek, eta hori nabarmentzeko komunitate ezberdinek elkarrekin otoitz egin izan dute, beste ekimen batzuen artean. Hala ere, oraindik ez dute lortu gatazkari erlijio kutsua kentzea.

Larunbat hartan (irailaren 26an) arratsaldean borroka gehiago ere izan zen. Nazio Batuek bertan dituzten tropek ez zuten egoera ondo neurtu eta oso baldar ibili ziren, Fides Vatikanoko agentziak salatu duenez.

Egoera nahasi hori baliatu nahi izan zuten oposizioko alderdiek eta AntiBalaka miliziekin bat egin zuten: desobedientzia zibila abian jartzeko deia egin zuten, frantses tropak herrialdetik ateratzeko exijitzeaz gain. Presidentearen burua ere eskatu dute oposiziokoek.