GARA
DONOSTIA

La Publika, artearen eta esparru publikoaren arteko loturak ikertzen

Arte-ikerketarako laborategi gisa aurkeztu dute La Publika. Tabakalera eta Donostia 2016ren ekimenez, artearen eta esparru publikoaren arteko loturez hausnartzea izango du helburu.

Gizartean bolo-bolo dabiltzan eztabaidei artearen ikuspegitik heldu eta horietan duten eragina aztertzeko sortu da, Donostia 2016 eta Tabakaleraren eskutik, La Publika arte-laborategia. «Artelan bat publikoa da, baina ez publikotzat jotzen den toki batean kokatuta dagoelako, ezpada esparru publikoa sortzen duelako. Horretarako, artea elkarrizketan aritzen da beste jakintza-arlo batzuekin, bereziki pedagogia kritikoekin eta feminismoarekin; izan ere, osagai horiek ezinbestekotzat jotzen dira komunari buruzko hausnarketak egiteko», azaldu zuten ekimenaren aurkezpenean.

Arte-ikerketarako laborategi gisa aurkezten den ekimen hau elkarlanean ariko da EHUko Arte Ederren fakultatearekin, eta dagoeneko martxan dute helburu jakin bat erdiestera bideratu duten jarduera-programa: arte-praktikek nola eraikitzen duten esparru publikoa eta esparru publikoak nola eragiten dion arteari.

«Esparru publikotzat hartzen ditugu konpartitutako espazioak, adibidez, kalea, plaza eta hiria, baina esparru publiko gisa hartzen ditugu, baita ere, Internet, komunikabideak eta guztiona den hori kudeatzeko erabiltzen ditugun mekanismoak: hizkuntza, errituak, arauak eta talde-prozesuen estetika. Gizarte- eta hiri-paradigma berriak sortzen ari diren honetan, La Publikak prozesu horiek guztiak lantzeko eta horiei buruz hausnartzeko gunea izan nahi du», ziurtatu zuten.

Jarduerak eta irratia

Urriaren 18an, Donostian bizi den Gerard Ortin artista katalanak abiatuko du jarduera-programa: basoan zehar egingo den ibilbide batean, “paisaia” eta “lurra” gisako kontzeptuez hausnartzeko gonbidapena egingo du. Urritik abendura bitartean hainbat gonbidatu jasoko dituzte: Petra Bauer artista eta zinegile suediarrak feminismoaren ikuspegitik landuko du prozesu kolektiboen errepresentazio bisuala; arte pedagogiei buruz ariko da Stine Hebert Kopenhageko Funen arte-akademiako komisario eta errektorea; espazio kolektiboen kudeaketa landuko dituzte Max Andrews britainiarrak eta Mariana Canepa Luna uruguaitarrak; eta komunikabideen kulturak esparru publikoaren eraikuntzan, Interneten eta sare sozialetan duen eragina aztertuko dute Bani Brusadin artistak eta An Mertens software-idazleak.

La Publikak web-irrati bat ere badauka, proiektuarekin batera garatuko dena. Irrati horretan bilduko dira aurrez aurreko jardueren podcast-ak, eta irratirako berariaz egindako edukiak ere izango ditu, elkarrizketak eta soinu-piezak, besteren artean.

Hilaren 15ean, arratsaldez, Bilbon aurkeztuko dute ekimena. Informazio gehiago: www.lapublika.org.