Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Goenaga, mihiseetako kaosa ordenatzen duen margolaria

Margotzean kaosari ordena ipintzen ahalegintzen dela dio Juan Luis Goenagak. Geruzaren gainean geruza berriak eraikitzen, margolana esanahiz, sentipenez, argiz hornituz. «X izpiekin begiratuz gero, ez dakit zenbat geruza aurkituko liratekeen lan bakoitzean», esan du, Donostiako Kur galeria donostiarrean jarri dituen formatu handiko lanei begira. Paisaiak dira, hondartzak, mendiak, kobazuloak... Naturako irudiak, Goenagaren estilo fin eta sakonaz onduak.

Alkizan, «naturaren erdian» du tailerra Juan Luis Goenagak (Donostia, 1950). Ibilbideak egitea du zaletasun, natura behatzea. Eta natura da, hain zuzen ere, Kur galerian duen erakusketaren gai nagusia. Lan sakonak dira, oinarri figuratiboa agerian izanagatik ere abstrakziora jo eta, lur koloreak gama biziagoekin nahasiz, esanahia geruza geruzaren gainean jarriz hartzen dutenak. «X izpiez begiratuz gero, ez dakit zenbat geruza aurkituko liratekeen lan bakoitzean», azaldu du, Kur galeriako obretako bati begira. Lan gehienak lurrean, horizontalean, hasi dituela aipatu du: «Nire estiloagatik da, asko zanpatzen dut materiala eta bestela ezingo nuke horrela egin», esplikatu du geruzei aipu eginez. Gero hartzen dute bertikaltasuna, eta orduan hasten da ordenatzen mihise zuriko «kaosa»: «Koadro hauek kaos batetik sortzen dira eta, margotzen noan heinean kaos hori ordenatzen joaten da. Beti dago ordena bat, margotzen zoazen heinean agertzen dena eta, batzuetan, bere gisa etortzen dena. Azken batean –hausnartu du–, koadro bakoitza beti da abentura bat; behin ere ez dakizu nondik datorren, nora eramango zaituen... Horregatik dira horren dentsoak». Koadro bat bukatzea «borroka bat» dela aitortu du, obra bat amaitzen urteak ere eman izan dituela, «baina azkenean atera egiten dira; olioak beti ematen dizkizu sorpresak», ziurtatu du.

Kur galerian jarri dituen koadro guztiak dira olioak, batzuk figuratiboagoak, besteak abstraziorako joera askoz handiagoa dutenak. Baina denek dute oinarrian paisaia bat, izan Donostiako hondartzak izan Ernioko mendizaleak. «Errekreazioak dira, Ernio ez duzulako sekula horrela ikusiko», esan du mendizaleen koadroa seinalatuz, «baina badute oinarri hori, horren gainean egin dut lan», azaldu du.

Mural zuri-beltza Zeanurin

Kur galerian duen erakusketa 2016ko urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai eta, iragarri duenez, ez da hori Goenagak egun esku artean duen proiektu bakarra: Zeanuriko Altzusta auzoan dagoen Ellauri hotelean murala prestatzen ari da, Esperanza Zabala artista eibartarrarekin elkarlanean.

«Han lo egin genuen behin eta orduan ikusi nuen horma handi hori; murala egitea proposatu nien, mural zuri-beltza, hotelaren estetikarekin bat egiten duena. Ingurune ederra da eta Gorbeia, Mari... halakoetan oinarritzen ari gara», azaldu du. Zabalarekin lan egitea «oso erraza» suertatzen zaiola dio: «Margotzeko era antzekoa dugu eta ez dugu aurretiaz ezer adostu: hormaren aurrean jartzen gara eta zer ateratzen den ikusten dugu». Han ere, inguruan duenetik edan eta kaosa ordenatzen ahalegintzen da Goenaga.