Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Donostiako kortsarioen testigantza, komiki batean bildua

Donostiako badia behinola kortsarioen topaleku garrantzitsu izan zela gogora ekartzera dator Ikastolen Elkartearen bidez Dani Fanok eta Guillermo Gonzalezek argitaratu duten «Kortsarioen ostatua» komikia. «Irakurleak bestelako Donostia topatuko du», ziurtatu dute.

XVII. mendean Donostiako badia kortsarioen topaleku zela gogoraraztera dator “Kortsarioen ostatua”, Dani Fanok (gidoia) eta Guillermo Gonzalezek (marrazkiak) sinatu eta Ikastolen Elkarteak argitaratu duen komiki album berria, bildumako zortzigarrena. «Hasieran, asmoa piratak, fantasia eta mitologia uztartuta istorio labur bat egitea zen, baina aspaldi ikasi nuen istorioak egiteko historiari begirada bat eman behar zaiola, eta kortsarioen atea ireki nuenean bereziki harritu ninduen datu bat topatu nuen: Donostia penintsula osoko kortsario portu handiena izan zen. Badia txiki honetan, 50 ontzi baino gehiago ibiltzen ziren XVII. mendean», ziurtatu zuen Fanok.

Garai hartan, lehorrean zeudenean ostatuak izaten ziren kortsarioen topaleku, horietan burutzen zituzten salerosketak, tratuak, horiek zituzten lotarako leku, baita euren bizipen eta istorioak zabaltzeko gune ere. «Istorioak ostatuetan jaso izan dira; hura zuten sagardo pitxer baten aurrean mihia astintzeko lekua», azaldu zuen komikigile donostiarrak, eta Donostian ere horrelakorik bazela gaineratu zuen: «Donostiako Piraten La Flamenka zen horietako bat, baina bazeuden gehiago, Juana Larrandoren ostatua, esaterako. Gure istorioak ere ostatu horietatik sortzen dira, hor dute sorburua».

Datuen ehizan

Kontakizunean zehar, irakurleak ezagun zaizkion paisaiak topatuko ditu eta ez dira faltako lapurretak, traganarru edo itsasoko haize-zurrunbiloak eta itsas istorioak. «Ez dira zehatz-mehatz egiazko istorioak», onartu zuen Fanok. Kontakizuna datu errealetan oinarritutako fikzioak gidatzen duela azaldu zuen eta bide hori egiazko datuak topatzeko konplexutasunagatik hautatu dutela esan zuen: «Altxor bat izan da historia guzti hori topatzea, baina dakigun gehiena epaitegietatik dakigu, orduko datuak urriak direlako eta literatura egiteko orduan xarma edo zera hori falta zitzaielako. Datu horiek guk asmatutako pertsonaien inguruan kokatu eta hainbat gai sartu ditugu: emakumeak eta kortsoak, aseguruak, egiten ziren tortura eta gehiegikeriak...».

Datu historikoen hutsuneak ere ekarri dizkio hainbat buruhauste marrazkilariari. «Ez nuen sekula komiki osorik egin, are gutxiago erdi-historikorik, eta nire helburua hanka ez sartzea izan da», azaldu zuen Gonzalezek. Marrazteko orduan, maiz datu-baseetan gorderik geratzen ez diren xehetasunek, deskribapenek, garrantzia dutela ziurtatu eta alor horretan informazio fidagarri askorik ez dutela topatu gaineratu zuen. «Kortsarioek erabiltzen zuten ontzi txiki eta azkarren gaineko dokumenturik, adibidez, ez dugu aurkitu, deskribapen txiki bat baino ez, eta hori marraztu behar duzunean arazo larri bat da...», ziurtatu zuen Fanok.

«Hor badago mundu bat, mundu zoragarri bat, eta ez dakit zergatik ez den gugana iritsi», deitoratu zuen Fanok, eta komikian zehar irakurleek «bestelako Donostia bat, egungoarekiko oso ezberdina» topatuko dutela ziurtatu zuen.