Jon ORMAZABAL
Entrevista
MIKEL URRUTIKOETXEA
ASEGARCE-KO PILOTARIA

«Nire jokoaren aldaketa nahiko naturala izan da, eboluzio baten emaitza»

Buruz Buruko txapelak eta egunero gerriko gorria jantzi beharrak ez omen du bere bizitza gehiegi aldatu. Itxura ona eman beharra sentitu omen du zaratamoztarrak, baina bere buruarengan konfiantza handia ere eman dio eta indar horrek asko lagundu dio azken hiru urteetan bere jokoan izan duen garapenean. Orain, Aimar, Irujo eta Oinatzek bezala jokatzeko gai ikusten du bere burua.

Buruz Buruko egungo txapelduna bera den arren, miresmen ikaragarriz hitz egiten du Mikel Urrutikoetxeak hizketaldian Aimar Olaizola edo Juan Martinez de Irujoren izenak irteten direnean. Hala, beste txapel bat irabazteaz harago, halako bi izar handien aurka finalak jokatu ahal izateak betetzen duela aitortu zigun elkarrizketaren ondorenetan.

Orain urtebete Binakakotik kanpo geratu zinen lesio bategatik. Nola alda daitezkeen gauzak...

Hori da, orain urtebete hankarekin arazoak izan nituen, hiru hilabete geldirik egon behar izan nuen eta ez nintzen txapelketan sartu. Gero, zoritxarrez Aimarrek min hartu zuen eta azken zortzi partidak bere ordez jokatu nituen eta sentsazioak onak izan ziren, gero buruz buru finala jokatzea lortu genuen Oinatzen lesioaren ondorioz eta finala irabazi egin behar zitzaion Aimar bezalako pilotari bati. Gauza pozgarria izan zen niretzat, eta gero, zeresanik ez, beste final bat jokatzea horren denbora gutxian.

Baina finalean sartzeko bi modu oso desberdin izan dira...

Bai, denetarik gertatzen da. Zoritxarrez Oinatzen lesio hori etorri zen eta horrela sartu nintzen, baina gero finala ere jokatu egin behar zen, ondo egin behar zen eta Aimar bezalako pilotari baten aurka, nik uste berak ere partida ona egin zuela, eta irabazi egin behar zitzaion. Lau eta Erdiko honetan hasieratik konfiantzarekin aurkitu naiz, gauzak ondo joan dira eta finalean sartzea lortu dugu.

Baina zure merituz izan dela jakiteak ez zaitu gehiago bete?

Ez, izan ere, nik uste dut agian finalera sartzea orain nire meritua izango dela, baina final hura jokatu eta Aimarren aurka irabazteak ere badu bere meritua. Ez da edozeinen aurka jokatzea, hemen –Bilbon– partida on bat egin nuen, irabaztea lortu nuen, baina, galdu izan banu ere, nahiz eta penarekin amaitu, gustura joango nintzatekeen final polita eskaini genuelako.

Ez zenuen zure dohainak aldarrikatzeko behar hori sentitu?

Bueno, entrenatzeko aukera gehiago izan ditugu aurten. Udan zehar ere entrenamenduak egin ditugu Lau eta Erdikoari begira, kontzientziatu egin gara kaiolan ere ondo egin ahal genuela, mentalki ere nigan konfiantza handiagoa izan dut eta uste dut nabaritu dela. Hasieratik gauzak ondo joan dira, Irujoren aurkako garaipenak ere moral handia eman zidan eta nik uste dut txapelketan gauzak ondo joan direla.

Udan, beraz, txapelketa prestatzen aritu zinen?

Abuztu amaieratik Lau eta Erdikoan pentsatzen gabiltza. Azkenean, txapelketa handia da eta maila ona eman nahi nuen, kamiseta gorriarekin zoaz eta saiatzen zara maila ematen, finalean sartzea lortu dugu eta uste dut genituen helburuak lortu ditugula. Lehen helburua finalerdietan sartzea zen eta zerrendaburu izate hori mantentzea. Nik uste dut pilotari guztien lehen helburua hori dela, gero, finalerdietan hurrengo helburua finalerako sailkatzea da eta finalean sartutakoan, txapela. Baina pixkanaka joan behar da.

Orain arte ez zenuen emaitza onik lortu kaiolan...

Lehen urtean Zubieta eta Diazi irabazi nien, eta final-laurdenetan Gonzalezen aurka galdu nuen. Hurrengo urtean zuntz haustura batengatik hilabete geldi egon nintzen, material aukeraketan probatu eta jokatu nuen, baina txapelketa prestatu gabe, eta horregatik esaten dut aurten hobeto prestatzeko aukera izan dudala. Iaz ere denbora izan genuen, baina gauzak ez ziren ondo joan eta gainera partida horretan lesionatu egin nintzen.

Elgetan, hala ere, txapela lortu zenuen 23 urtez azpikoetan...

Bai, baina nik uste dut jokatzeko modua desberdina zela, ez du zerikusirik. Profesionaletako lehen urteetan ere dena botera jokatzen nuen, gaur egun txipa aldatu egin dugu, bai bikoteka bai buruz buru eta baita kaiolan ere eta uste dut nabari dela nire jokoan. Azkenean, goi mailako pilotarien, Aimar, Irujo, Oinatzen... jokatzeko modua, Lau eta Erdian ere aireko jokoa da, eta horrela jokatzea erabaki dugu. Azken hiru urteetan horretan gabiltza eta uste dut gorakada nabarmena dela.

Zerk bultzatu zintuen aldaketa hori beharrezkoa zela ikustera?

Gaur egun kanpotik ere ikusten da botera jokatzen oso zaila dela buruz buru irabaztea, airez jokatutakoan erritmoa ere beste bat izaten da. Hasieran agian pixka bat kostatzen zitzaidan, baina azken bi urteetan bai bikoteka eta bai banaka ere, aireko jokoan ondo gabiltza, aldaketa horrek gorakada eragin dit.

Egon zen momenturen bat «Mikel, aldatu beharra daukak» pentsatu zenuena?

Ez, ez, ez, dena eboluzio bat izan da, nahiko naturala. Pixkanaka, egiten nituen akatsez ohartzen joan naiz eta horiek hobetzen joan naiz.

Moldatzea asko kostatu zaizu?

Nik uste eboluzio bat izan dela. Gero eta konfiantza gehiagorekin sentitzen nintzen, gauzak ondo irteten hasi ziren, lesioek eta errespetatzen ninduten, entrenatzen ordu pila sartu ditugu... Hasiera batean gehiago kostatzen zitzaidan, baina gero eta gutxiago eta gaur egun konfiantzarekin sentitzen naiz.

Horretarako sinistu bai, baina ordu asko sartu beharko dira...

Bi horiek beharrezkoak dira, baina ez da erraza, horretaz aparte jakin egin behar da zelan egin eta ez da xamurra moldatzea, gantxoz, sotamanoz eta airez sartzeak erraza eman dezake Aimar eta Irujo ikusita, baina ahal izan behar da.

Irujok aipatu zidan orain irabaz dezakezula sinistuta ikusten zaituela eta errespetu handia dizula, txapelaren eragina izan daiteke?

Ez da txapelarengatik. Hori gauza polit bat da, baina bat gustura dabilenean entrenatzen eta eskuek errespetatzen dutenean, kantxan eta entrenamenduetan disfrutatu egiten du.

Baina askotan emaitza bat, momentu bat, behar izaten da...

Bai, azkenean emaitzek asko laguntzen dute, eta partida garrantzitsuak irabazteak are eta gehiago, ez niri bakarrik, denoi. Konfiantza asko ematen digu halakoak irabazteak eta ondo jokatzeak. Burua azkenean dena da, dena mugitzen du, zeure buruan konfiantza duzuenean dena asko aldatzen da.

Fisikoki ere oso indartsu zaude, finalerdikoan Oinatzek baino osoago amaitu zenuen eta hori asko esatea da...

Nekatuta amaitu nuen, baina oraindik pixka bat gehiago aguantatzeko moduan nintzen. Erritmo horretan eusteko gai izan nintzen, ondo aurkitu nintzen, nahiz eta biok azken aldera nekatuta amaitu, baina normala da erritmo horretan.

Fisikoki ere bilakaera nabarmena izan duzu, debutatu zenuenetik zenbait kilo hartu dituzu, ezta?

Pixkanaka hobera egin dut. Badakit lana egin behar dugula, kilo batzuk gehiago hartu, baina pixkanaka izan dudan garapenarekin jarraitu nahi dut. Lan eginez lor daitekeela uste dut.

Debutatu nuenetik 12 kilo inguru hartu ditut eta oraindik ere sei bat edo hartu beharko ditut. Argi dago kilo batzuk hartzeak on egingo lidakeela, baina bat gustura sentitzen denean ez dio horri buelta handirik ematen. Hanketatik ondo aurkitzen naiz, kolpez ere bai eta ez dut arazorik, etorri behar badute kiloak etorriko dira.

Pablo botilero bezala hartzeak eraginik izan du zure jokoan?

Bai, batez ere aholku onak ematen dizkit eta lasaitasuna transmititzen dit. Urte asko daramatza profesionaletan, partida asko ikusi ditu eta, nahiz eta tantoren batean gauzak txarto egin, bera aulkian egoteak niri lasaitasuna ematen dit.

Buruz Buruko finalean ikaragarri hotz egon zinen, ia keinurik ez zenuen egin txapela jantzita ere. Labriten Oinatzen aurka gehiago egin zenituela iruditu zitzaidan, badago motiborik horretarako?

Nire izaera ez da keinuak egitekoa. Ni saiatzen naiz zentratuta egoten partidan, nire maila ematen eta keinuek ez didate ezer aportatzen. Agian jendeari gehiago transmititu ahal diozu, baina nik uste dut pilotan jokatzen transmititu behar dela eta ondo jokatzen.

Udan aritu zinen atzelari, Binanakoan atzean jokatzeko esango balizute?

Hori enpresaren erabakia da, baina nik ez nuke arazorik jarriko, azken batean erabakia eurena delako eta nik nahi dudana enpresarentzat onena da. Nik jokatu egin nahi dut, kantxan egon eta disfrutatu. Argi dago nire lekua aurrean dagoela eta bertan oso gustura aritzen naizela, baina momentu batean eskatuko balidate ez nuke arazorik izango, bertan ere gustura jokatuko nuke. Ni aurrelaria naiz baina, azkenean, atzetik jokatzea ere, agian nire onerako ere izan daiteke, pilotari konpletoagoa izateko.