Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Dantza, kultura ezberdinen transmisioa eta elkarbizitza gidatzen dituen «Soka»

Argi agertu du Xabi Payak: «Elkarrekin dantza egiteko gai bagara, elkarrekin bizitzeko gai izan gaitezke». Hala ikusten du Hiriburutzako kultur zuzendariak EKEk Donostiara ekarri duen «Soka. Euskal dantzaren urratsetan» erakusketa, euskal kulturaren transmisiorako zein herrien arteko elkarbizitzarako giltzarri gisa. Apirilaren 2ra arte egongo da ikusgai.

Erakusketa ibiltaria da “Soka. Euskal dantzaren urratsetan”. Euskal Kultur Erakundeak (EKE) antolatu eta Biarritzen ikusgai egon ostean, atzotik Donostiako Koldo Mitxelena hartu du dozenaka irudi, soinu erregistro, filmazio labur, testigantza eta idazkiz baliatuz euskal dantzak kulturari eta herrien arteko hartu-emanei egin dien ekarpena erakutsi bide duen erakusketa.

Euskal dantzarekin lotutako panel handiek irekitzen dute erakusketa eta bisitariek horietan txertatuta dauden pantailekin elkarreraginean jasotzen dituzte dantzak bizitzako alor ezberdinetan izan duen eragina, besteren artean tradizioan, genero ikuspegian, historian, gizartean, herrien arteko ezagutzan... bai eta sorkuntza garaikidean ere. Erakusketaren amaieran, bisitariak 3D betaurrekoak erabil ditzake Bizkaiko dantzen hiru mugimendu adierazgarrienak ikusteko. «Oren erdi edo, Miarritzen gertatu bezala, lau ordu eman ditzake bisitariak erakusketan», baieztatu zuen EKEko zuzendari Pantxoa Etchegoinek eta, bertan, dantzaren bi alderdi nabarmentzen direla zehaztu zuen: estetika eta teknika batetik, alderdi soziala, bestetik. «Hirugarren zati batean, galdegin diegu zinemagile eta argazkilari zenbaiti zer sor dezaketen euskal dantza oinarri hartuta», eta haiek sortutako materiala ere ikusgai dago erakusketan.

Erakusketaren oinarria, hala ere, EKEk urteetan zehar egindako dokumentazio lanean datza. Besteren artean, euskal kulturaren alorrean bildu dituzten testigantzen artetik dantzarekin lotura duten berrehun audio entzun daitezke erakusketan zehar eta gai berari lotutako laurehun irudi eta ilustrazio ere jarri dituzte ikusgai. Nabarmenen artean daude Robert Capak 1951ko abuztuan Saran egin zituen argazkien bost erreprodukzio eta, irudi zaharrena, 1927an Donostian, Baionan eta Lekarotzen ibili zen Pragako etnologo batek hartutakoa.

Elkarlana eta transmisioa

Etchegoinez gain, aurkezpenean Denis Itxaso Gipuzkoako kultur diputatu eta Donostia 2016ko kultur zuzendari Xabi Payak ere hartu zuten parte, horien laguntzaz ekarri baita erakusketa Donostiara.

Payak “Soka”-k Hiriburutzaren balioekin bat egiten duela ziurtatu zuen, «elkarrekin dantza egiteko gai bagara, elkarrekin bizitzeko gai izan gaitezke», gaineratuta. Dantzak kulturen transmisioan duen balioa agerien diasporan geratzen dela adierazi zuen, «gehiengoak hizkuntza galtzen badu ere dantza ez delako galtzen, lengoaia korporala mantendu egiten da».

Bere aldetik, Itxasok Voltaire-ren esan bat ekarri zuen gogora: «Hark ‘Euskal Herria Pirinioen magalean dantza egiten duen herria’ dela esan zuen. Erakusketa honek gure kultura, tradizio eta gizartearen garapenean dantzak izan duen garrantzia adierazten du».

Erakusketarekin batera ekimen paraleloak ere antolatu dituzte. Aretoan bertan, otsailaren 25ean, 19.30ean, Juan Antonio Urbeltz eta Oier Araolazak bisita gidatua eskainiko dute, eta areto nagusian hitzaldiak ere izango dira: EKEko Jakes Larre eta Maite Deliart dokumentazio lanaz arituko dira otsailaren 11n, Maritzuli konpainiako Jon Iruretagoyena euskal dantzen historiaz jardungo da 18an, eta Emile Durkheim zentroko Xabier Itçaina Ipar Euskal Herriko dantzen historia sozialaz mintzatuko da martxoaren 3an. Kulturunearen atarian bi dantza ikusgarri izango dira Herrikoa (martxoak 12) eta Leihotik (martxoak 19) konpainien eskutik, eta, Donostia 2016ren egoitzan, nahi duen orok Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik gidatuta dantza egiteko aukera izango du martxoaren 31n.

Azkenik, Donostia utzita erakusketa ibiltari hau hiru urtez Euskal Herrian barrena ibiliko dela iragarri zuen Etchegoinek eta gure mugetatik harago ere joango dela zehaztu zuen: «Jada bederatzi-hamar leku segurtatuak ditugu. Udan Boiseko festibalean izan ginen eta Katalunia, Paris, Bordele... interesa bada».

Donostian bi hilabetez, apirilaren 2ra arte, egongo da.