G. M. ZUBIARRAIN
ERREFUXIATUAK EUROPAN

CALAISEKO «OIHANETIK» BAIGORRIKO ATERPERA, ETA GERO…

Hiru hilabete igaro ditu Nafarroa Behereko herrian Afrika eta Asiatik ihesean etorritako gizon gazte talde batek. Gobernuaren sostenguarekin baina Baigorriko Udalaren ekinez ekarri zituzten Calaiseko «oihanetik» negua pasatzera. Herritarrak latz inplikatu dira.

Abentura bat zen hastapenean, eta benetako esperientzia izan da». Hitz horiexekin laburbildu digu sentipena Denis Boutin errefuxiatuen harreraz arduratu den Atherbea elkarteko arduradunak. Otsailaren 15ean utziko dute Baigorri orain bertan diren 35 gizonezko gazteek; 49 iritsi ziren azaroan.

Gobernuak 200.000 bat eurorekin ordaindutako asmo honen helburua «gainez eginda dagoen Calaiseko harrera zentroari hats pixka bat ematea» izan dela adierazi digu Boutinek. 4.000 bat etorkin bizi dira Estatuaren iparraldeko harrera-gune horretan baldintza negargarrietan, gobernuz kanpoko erakundeek sarri salatu dutenez.

Harria maldan behera pirika jarri duena, baina, Baigorriko Udala izan da, zehazki Bernadette Mousques axuanta. VVF oporretarako herrixken elkarteak Calaiseko errefuxiatuak aterpetzeko borondatea agertu zuela jakin zuen. Baigorrin halako opor herrixka badenez, tokiko zuzendariarengana jo zuen. Duela 23 urte, Balkanetako gerra garaian, 180 bosniar aterpetu zituzten urtebetez bertan. «Orduan egin bagenuen, gaur zergatik ez?» xaxatu zituen udalkideak. Prestasuna agerturik, hamabost egunean gauzatu zen guztia. Herriko Etxeak baldintza bakarra jarri zion prefeturari: harreraz jendarte zibila arduratzea. Atherbeak hartu du zeregina.

Garbiketa txandak eta tankerakoak lotzen aritzen diren arratsalderoko hitzorduaren ostean hartu du Atherbeako Boutinek tarte bat GARArekin hitz egiteko. Lehentasuna osasuna zuten: txekeo orokor bat egin zitzaien errefuxiatuei beren osasun egoeraren berri izateko. Gizarte langileek, beren aldetik, administrazio izapideak burutu dituzte eta bereziki, OFPRA erakunde ofizialaren bulegoan aurkeztu beharreko errefuxiatu-eskaera taxutu. Pertsonon harreman sozialak sustatzea izan dute hirugarren zeregina. Bost zaintzaile, hiru gizarte laguntzaile, interpretea eta koordinatzailea aritu dira lanean. Hamarreko taldea orotara.

ez zekiten ezer

Azaroaren 16an iritsi ziren lehenak, zazpi. Hiru egun geroago 42 etorri ziren. «OFPRArekin hitzordua Parisen zuenik ere bazen; autobusa hartu zutenean hara zihoazelakoan zeuden, oso informazio gutxi zuten» kontatu digu Mousquesek. Horregatik, lauzpabost berehala joan egin ziren.

Traumatizatuak, shock egoeran, aurkitu zituela gogoratzen du zinegotziak, «Calaiseko ‘oihanetik’ etorrita…». Boutinenek ere aipatu du hori. «Estatuko zerbitzuak, hots, laguntzaile sozialez mozorrotutako poliziak, topatuko zituztelakoan zeuden. Hori guztia argitu behar izan dugu». Konfiantzazko harremana ezinbestekoa dela dio «norbait bere buruaz kezkatzen hasteko eta ondotik bere bizi proiektuan inplikatzeko».

Laguntzaile sare zinez zabala ehundu da harrera honen inguruan: Erretreta Etxeak astelehenetik larunbatera otordu bero bat prestatu die, Elikagai Bankuak larunbatero poltsa bana banatu. Arropa kontuan ere eskuzabaltasunez erantzun da. Baztandik kamioi bete arroparekin etorri ziren.

«Espontaneoki» jende mordoak laguntzeko prestasuna agertu duela esan digu Mouquesek, «Baigorrikoak eta kanpokoak». Frantses kurtsoak, musika ikastaroak, ile moztaileak… «Zinez ongi atera» delako poztu da zinegotzia. Boutinek ere zorion hitzak besterik ez ditu: «Benetan aberasgarria, chapo!». «Babes erabatekoa» izan dute bai Udaletik, bai departamentutik, bai prefeturatik.

koska, herritarrak

«Dena ez da arrosa-arrosa izan», onartu digu Mousquesek. Koska herritarren jarreran zegoen. Pariseko atentatuetatik hiru egunera iritsi ziren, eta askoren gogoan «zaku berean sartuta» zetozen. Herriko Etxeak gutuna banatu zuen atez ate informazioa emateko eta «zinez harrera ona» izan zuela aipatu du. Onartzen du badirela egindakoa ongi ikusi ez dutenak, baina bilana argi du: «Ez da liskar bakar bat izan».

Mendi ibiliak egin dituzte, asteartero futbolera Garazira joan —sakrilegioa Baigorrin, bizilagun berriak errugbizale baino futbolzaleagoak izan!–. Partidua ere jokatu zuten errefuxiatuek seniorren aurka. Errefuxiatuak nagusitu ziren.

Baigorriko esperientzia ongi ateratzearen zergati bat zirriborratu digu Mosquesek: «Duintasun handia du jende honek, herritarrei enbarazu ez egiteko kezka zuten eta eta horregatik ibili dira beti talde txikitan, zinez adeitsu».

Iragan asteburuan kulturarteko jaia izan zuten. 300 bat lagun bildu ziren Xoko Plaza aretora goizetik arratsera. Ordu erdiro izan zen ekitaldiren bat, batek kanta, besteak dantza; nork bere kulturatik ekarria. Eguerdian otordu kosmopolita izan zuten: Afganistandik, Sudandik, Pakistandik eta Eritreatik etorritakoek jakiak prestatu zituzten.

Gazte hauen etorkizunaz galdetu diogu Mousquesi. «Astelehenean izan ginen prefeturan eta giro baikorra dago eskaera egin dutenekiko», ausartu da aurresaten. Ez da erraza alabaina, eskaeren %80 ukatu egiten dituzte. Baigorritik joango direnetan “bakar bat ere ez da kale gorrian izango” ziurtatu digu Boutinek. Baionako asilo eskatzaileenharrera zentrora (CADA) eramango ote dituzten itaunduta, erantzuna argia izan da: «Prefeturak erabakiko du nora eramango dituzten». Uneotan bederatzi hilabeteko behin-behineko egote-baimena dute.