GARA
ERRENTERIA

Ereintza azokak 44 artisau bilduko ditu Errenterian

Ereintza Euskal Herriko XXXVIII. Artisautza Azoka ospatzen ari da Errenterian asteburu honetan eta Euskal Herriko txoko guztietatik heldutako 44 artisau biltzen ditu Merkatuzar Kultur Gunean. Bihar izango du azken eguna artisauen erakusleiho den hitzorduak.

1979tik, Ereintza elkarteak gero eta garrantzitsuagoa bihurtu den azoka antolatu du urtero maiatzaren 1eko zubian. Azokari esker, euskal eskulangintzaren elkargune handia bihurtu da Errenteria. Ereintza Euskal Herriko Artisautza Azoka Ereintza elkarteak eta Artiola Artisautzaren Guneak antolatzen dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Errenteriako Udalaren eta Kutxa Fundazioaren babesarekin.

Artisauak jendearekin elkartu eta zuzeneko harremana bultzatzeko gunea da azoka. Helburu horrekin, hiru ardatz ditu Errenteriako hitzorduak: produktuak bertan egitea, erakustea eta saltzea.

Aurtengo edizioan ere parte hartzaile asko eta askotarikoak ari da biltzen azoka, Euskal Herriko txoko guztietatik etorriak. Guztira 44 artisau ari dira atzo geroztik beren produktuak erakusten. Gehienak gipuzkoarrak dira, eta gainerakoak Bizkaikoak, Arabakoak, Nafarroakoak, Ipar Euskal Herrikoak eta baita Estatu espainoleko batzuk ere.

Errenteriako erabilera anitzeko areto berria du behin betiko egoitza azokak. Areto horrek 1.300 metro koadro ditu, eta jende ugari hartuko du hiruzpalau egunez: Euskal Herri osoan zorrotz hautatutako artisauak eta urtero azoka bisitatu ohi duen jendea –15.000 eta 18.000 lagun artean–.

Errenteriako azokak garrantzi handia du Euskal Herriko artisautza azoken artean, bai bere antzinatasunagatik, bai bere antolamenduagatik. Hori dela eta, «erakusleiho aparta» da artisauentzat antolatzaileen iritziz, produktuak zuzenean saltzeko aukera eskaintzen baitie. «Parte hartze soila kalitatezko zigilu bat izan ohi da bere tailerrentzat», nabarmendu dute.

«Errenteriako Artisautza Azokaren xedea da 37 urteko ibilbide luzean lortutako sonari eustea, tailer parte-hartzaileak arretaz aukeratuta. Horrez gainera, bisitariak azokan lasai eta pilaketarik gabe ibiltzea lortu nahi dugu, guztiek artisautzaz goza dezaten», esan dute antolatzaileek. Hortaz, azokara sartzeko prezio sinboliko bat ezarri da, eta helduek 2,50 euro ordaindu beharko dituzte.

Azoka atzo zabaldu zen eta bihar itxiko ditu ateak. Egunero 11.00etan zabalduko da eta 14.00etan itxiko ditu ateak. Arratsaldeko ordutegia, berriz, 16.30etik 20.30ak arte izango da.

2003an, Azokako Artisauen Katalogo Orokorra argitaratu zen; katalogo horrek zehatz-mehatz bildu ditu lehen mailako kultura-adierazpen honen filosofia eta helburuak, baita bertan parte hartu duten 447 artisauren banan banakako fitxak ere.