Jon LEUNDA
Entrevista
BIXINTXO BILBAO
BEREZKOEN BINAKAKO TXAPELDUNA

«Iaz Larralderekin lortutako txapela ez zela kasualitatea izan erakutsi nahi nuen»

Bixintxo Bilbao, oso denbora gutxian, berezkoetako pilotaririk onenetakoa bihurtu da. Bigarren urtea du onenekin, baina jadanik erreferentzia bihurtu da. Buruz Burukoan bi urtetan finalerdietan sartu da, eta Binakakoan bi urtetan jarraian txapela jantzi du. Aurtengoan Waltari izan du lagun.

Bixintxo Bilbao gizon zoriontsua da. Bigarren urtez jarraian irabazi du Berezkoen Binakako Txapelketa. Iaz Peio Larralde lagun zuela jantzi zuen txapela, eta aurten, berriz, Waltarirekin lortu du garaipena. Beraz, bi urtetan ondoz ondo irabazi du Binakako Txapelketa. Trinketeko esku pilota profesionalera haize berria ekarri duen gazteetako bat da Bixintxo.

Uste baino garaipen errazagoa izan al zen finalekoa?

Kanpotik begiratuta horrela ematen du, baina barrutik ez zen horrela izan. Uste dut lan ona egin genuela laurok, eta finala emaitzak ematen duena baino askoz ere gogorragoa eta estuagoa izan zela.

Ondoz ondo bigarren urtez txapela lortzea ez da kasualitatea izan, ezta?

Hori da. Begira, txapelketa hasi zenean hori erakustea zen nire helburuetako bat. Iazko txapela kasualitatea ez zela izan erakutsi nahi nuen. Denek nahi dugu irabazi, baina maila ona emanez irabazi nuen txapela, eta azkenean lortu dut. Uste dut orokorrean egin dudan txapelketa oso ona izan dela, edo ni, behintzat, errezelo horrekin geratu naiz. Baina ez nirea bakarrik, Waltarik ere sekulako lehiaketa egin du.

Jendeak dioen bezala, itzuli da Waltaririk onena?

Nik uste dut baietz. Sekulako Txapelketa egin du. Finalerdietan egin zuen partida ikaragarria izan zen, eta finalean ere bai. Maila oso ona eman du, eta oraindik hor goian jarraitzeko moduan dagoela argi eta garbi utzi du.

Orduan, ongi moldatu zara Waltarirekin, ezta?

Bai. Ez nintzen inoiz berarekin jokatua, eta lan asko egin dugu. Entrenamendu pila egin dugu elkarrekin. Berak hiru urte eman ditu arazoekin, eta tarte  horretan ez du txapelik lortu, eta berriro irabazteko gogoz zegoen. Buruz Burukoan lan ona egin zuen, itxura ona eman zuen, eta nik, berriz, lehen esan bezala, iazkoa kasualitatea ez zela izan erakutsi nahi nuen, eta lan handia egin dugu garaipena lortzeko, eta azkenean lortu dugu.

Oro har, nola ikusi duzu txapelketa?

Hasieratik hiru bikote jotzen gintuzten faborito, eta hirurak ibili gara hor. Lehen fasea berdinduta amaitu genuen, bakoitzak partida bat galduta, eta finalean ere bi bikote horietakoak ginen. Orokorrean partida onak izan dira, eta pentsatzen dut jendea gustura geratu dela ikusitakoarekin.

Gazteek hartu al duzue berezkoen aginte makila?

Hor hiru gazte sartu gara mailarik gorenean. Ducassou, Larralde eta ni gazteak gara, baina gora heldu gara. Behetik hor daude jadanik profesionaletan Ospital eta Gixandut, eta pentsatzen dut horiek ere laster direla gure parean. Baina ez gaude gazteak bakarrik, oraindik beterano batzuk ere oso ongi daude, eta Waltarik erakutsi du hori. Harizmendi ere maila horretan dago, eta Lanbert. Uste dut oso une onean dagoela trinketeko esku pilota profesionala.

Gazteen ekarpena ere nabari da harmailetan. Ez al zaizu iruditzen?

Beti esaten da gazteak gaztea erakartzen duela, eta hori ikusten da harmailetan. Jende asko izan da aurtengo txapelketan, bai Binakakoan, baita Buruz Burukoan ere, eta pasa den urtean ere bai. Tartean gazte jende ainitz ikusten zen, eta hori poztekoa da. Azken batean, pilotak aurrera egiteko gazteek etorri behar dute, baina harmailetan ere jendeak jarraitzeko gazteek joan behar dute partidak ikustera, eta uste dut gure kasuan biak batuta doazela.

Baionako Mastersa izan liteke agian zure hurrengo helburu nagusia?

Bai, dudarik gabe. Hemendik aurrera hasiko dira udako torneoak, eta hor garrantzirik handiena Baionako Mastersak dauka. Ez dakit norekin jokatuko dudan, baina hori da oso ongi prestatu nahi dudan beste lehiaketetako bat. Gero, udako torneoetan ere maila ona eman nahiko nuke. Lehen esan bezala, jendea ugaritu egin da berriro ere harmailetan, eta orain guri tokatzen zaigu haiek mantentzea, eta, horretarako, maila eman behar da.