GARA
DONOSTIA

Gizarte batean kultura sortzeko moduak aztergai, «Erronkak» zikloan

Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburutzaren harira sortu den proiektu bat da «Erronka», euskal gizartean sortzen diren erronkei erantzuteko xedea duena. Oraingoan kulturaren sorkuntzari buruz arituko dira gaurko hitzaldi sortan, San Telmo museoan.

Jakiundek Euskal Herriko errealitatea aztertu eta kultur industriei eta sormen lantegiei buruzko eztabaida mahaigaineratuko du gaur “Erronkak” zikloaren barruan. “Sormen-lantegiak: kultura eta berrikuntzarako eremu berriak” jardunaldia Donostiako San Telmo museoan izango da, goiz eta arratsaldez.

Hitzaldien bidez, kulturarekin harremana duten espazioen gainean hausnartuko dute. Lantegi edo fabrika kontzeptua aztertuko dute, ikuspegi antropologikotik eta artistikotik. Esaterako, industrializazio garaian lantegi berriak sortu ziren (serie-fabrikazioa hasi zen), eta lantegi horiek sormenarekiko «antitetikoak» badirudite ere, hortik sortu zen sormen-lantegi kontzeptua kultura eta arte mota desberdinei ateak zabaltzeko tresna gisa. Egun ere hitz bera erabiltzen da.

Gaiari buruz adituak, unibertsitateko irakasleak eta kulturguneetako kudeatzaileak arituko dira hizlari. Hala, 09.30ean hasiko den hitzaldi sortan Idoia Zabaleta koreografo eta Azala kreazio espazioko zuzendaria eta EHUko dekanordea den Natxo Rodriguez izango dira hitza hartzen lehenak. Ondoren, Joxean Muñoz Lakuako Kultura sailburuak “Kulturaren artisautza” izango du hizpide.

Mahai-ingurua, arratsaldean

Arratsaldeko saioan, Santi Eraso izango da lehena. Madrid Espacio Cultural erakundeko zuzendaria da eta, gaztelaniaz, artearen eta politikaren arteko harremanaz mintzatuko da. Ondoren mahai-inguru bat antolatuko dute, eta bertan solaskide izango dira Jesus Carrillo Madrilgo UAM Unibertsitate Autonomoko Artearen Historiako irakaslea, Andrea Estankona EHUko Soziologiako irakaslea eta Arantza Lauzirika EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa. Amaitzeko, EHUko Soziologiako irakaslea den Ander Gurrutxagak “Fabricas del futuro” hitzaldia eskainiko du.

“Erronkak” zikloa Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barnean kokatzen den proiektua da. XXI. mendeko gizarteek dituzten erronka handien inguruan eztabaidatzea du helburu. Otsailaren 2an hasi zen programa eta jada hainbat hitzaldi sorta prestatu dituzte: zahartzea, indarkeria, ingurumena, musika...