Ariane KAMIO
AMURRIO
EUSKAL KULTURAREN KOMUNIKAZIOA GOGOETA

Rock banda eskas bat, egun batez bederen kantu bakarraren hizpidean

Euskal kulturak dituen gabezia, behar eta arazo komunikatiboez aritzeko, Jalgik hedabideetako ordezkariengana jo zuen atzo. Hamaika komunikabidetako kide bakoitzak bere mikromunduaren argazkia atera zuen, nahiz eta gero ateratako irudi orokorrean tonalitateak oso diren antzekoak eta eskaskeriak ere batean zein bestean, errepikakorrak.

Beharbada kazetaritzak euskal kulturaren komunikazioan dituen gabezia, arazo eta bide hutsez inoiz entzun den aitortza kolektibo zehatzena egin zen atzo Amurrion. Baga, ez da ohikoa Euskal Herriko hedabide desberdinetako ordezkariak bateratuta ikustea, Durangoko Azokaren edo antzeko hitzorduen bueltan ez bada, nekez elkartzen baita euskal kulturaren bueltan lanean dabilen espektro komunikatiboa. Eta, biga, kazetariak kazetarion artean, eragileekin batera, komunikazio agentziekin batera justuan egingo baitu etxean dituen miseriez.

Jalgi Euskal Kulturaren Plaza Ibiltariak erronka finkatu zuen, zinez erronka baita hamaika komunikabide edo komunikazio arloko ordezkariek deialdi berberari baiezkoa ematea. Horrek esan nahi du, miseriak egon, etxe guztietan badirela eta, ildo berean, batzuk gehiago beste batzuk gutxiago, orokorra dela gabezia horiei aterabideak emateko kezka eta nahia.

Hitz egin zuten GARA eta “Berria”-ko ordezkariek, bi egunkari nazionaletakoek. Zuzeu agerkari digitalekotik, “Argia” astekaritik, “Gaztezulo”-tik, Di-Da agentziatik, Hamaika Telebistatik, Bilbo Hiria irratitik, Iparraldeko Hitzatik eta “Alea” aldizkari arabarretik, besteak beste. Hausnarketarako ordezkaritza batu zen, bai, baina hutsunerik ere izan zuen hitzorduak, EITBrena, kasurako.

Bategiteak

Banan-banan, hamar minutuz –Gotzon Barandiaran antolatzaile, idazle eta kultur eragileak erlojuz ondo zenbatutako tarteetan– egin zuen gonbidatu bakoitzak bere egunerokoaren argazkitik abiatutako gabezien edo zailtasunen diagnosi hori. Sinplea zirudien erantzun beharreko galderak, baina haria korapilatzen –zentzurik onenean– joan zen hitzetik hitzera. “Zein dira euskal sormen lanen berri hedatzeko zailtasunak?” galderaren bueltan joan ziren hasierako ideia eta ondorengo garapen guztiak.

Tokiko komunikabideetatik eta hedabide nazionaletatik, kazetari bakoitzak ikuspuntu desberdina izango badu ere, arazoetan bat egite ugari izan ziren. Lehenengoa, eta orokortua, euskal sormenaren berri emateko orduan nabariak direla komunikabideek dituzten zailtasunak. Hori abiapuntutzat hartuta, baliabideen eskasiaz aritu ziren hizlari bat baino gehiago. Prekaritate hitza behin baino gehiagotan ibili zen hedabideetako ordezkarien artean. Inoiz baino handiagoa da informazio jarioa, eta gero eta urriagoa bai kazetari kopurua bai kazetariak berak egin beharreko lana.

Adostasunez emandako beste puntuetako bat sortzaileen eta kazetarien arteko harremanean datza. Zubiez aritu zen GARAko Kultura saileko arduradun Xole Aramendi. «Zubi lana egitea da gure zeregina. Sortzaileak eta komunikatzaileak albo banatan gaude, zubia zeharkatzea da gakoa. Baina borondatea behar da». Mikel Lizarralde, “Berria”-tik ere bide berean ibili zen: «Elkar ezagutzea ezinbestekoa da, guk ezagutzeko sortzailearen nahiak, kezkak, kexuak eta abar, baina baita sortzaileak ezagutzeko guk lan egiteko ditugun baldintzak ere. Batak eta besteak ezin dute elkarrengandik urrun ibili», argudiatu zuen.

Eztabaida publikoak piztearen alde ere agertu ziren gonbidatuetako batzuk. Kritika zintzoaren beharraz jardun zuen Iñaki Etxelekuk “Iparraldeko Hitza”-tik eta zintzotasun berberaz aritu zen Gorka Bereziartua (“Argia”): «Euskal komunikabideok euskarazko produkzioari lehentasuna ematen diogu. Euskal kulturak badu norberarena den gela bat eguneroko jario komunikatibo horretan. Leku bat ematen diogu, baina izan gaitezke eraginkorragoak, beharbada. Komunikazioaren eta kazetaritzaren arteko desberdintasuna nabarmendu beharko litzateke. Komunikazioak kultur jario horretaz hitz egiten duen bitartean, jardun periodistikoak filtroak pasatzen ditu. Hori egiteko irizpideez gutxi hitz egiten da: berritzen ditugu nahikoa gure informazio iturriak kulturaz hitz egiterakoan? Araututako bideetatik kanpo ez zaie behar bezalako arretarik eskaintzen. Gure lana bada iristen zaigun informazioa filtratzea eta bada ere kazetariak kontatu nahi dituen istorioak bilatzea».

Noraino iristen den

Iñaki Uriak (Hamaika Telebista), euskarazko hedabideen irisgarritasunaz geruzaz geruzako deskribapena. Bere iritziz, «bloke gogorrera» iristen den informazioa, “Berria”-k eman dezakeena, bere adibidez, tipularen barru-barruko geruzaraino baino ez da iristen. «Euskaldunak eremu elebidunetan ere badaude». Eta Madrildik eta Parisetik iristen diren informazioak ere banatu zituen. Bere iritziz, gakoetako bat «espazio erradioelektrikoaren subiranotasunean» datza, Euskal Herrian nork emititzen duen oraindik ere Madrilek erabakitzen baitu.

Igor Elortzak, Di-Da komunikazio taldetik, jarri zuen adibide figuratiboa. Kaki Arkarazo izan zuen gogoan, eta nola bere estudiora joaten diren talde askori galdetzen dien ea goiz horretan bertan ezagutu duten elkar, bakoitza kantu desberdin bat jotzen ariko balitz bezala. «Guri gauza berbera pasatzen zaigu. Nahiko rock banda eskasa gara. Elkarrekin oholtzaratzen garenean ere bakoitzak gure kanta jotzen dugu. Hemen hitz egin da elkarlanaz, estrategia konpartitu baten beharraz, baina elkarrekin oholtzaratzen garenean bakoitzak bere kanta jotzen dugu. Elkarrekin jotzeak ez du esan nahi helburu guztiak partekatu behar ditugunik, gutxiago lagunak izan behar dugunik, baina helburu batzuk partekatu behar ditugu. Euskal herritarren aurrean elkarrekin agertzen garenean jo dezagun kanta bera». Bateratasunerako proposamenak bai, eta, dirudienez, borondate izpiak ere bai. Ideien biribiltzea eta horien gauzatzea gakoa izango dira datozen lan urteetarako. Denon hobe beharrez.

 

Transmisioa, «euskal» marka, zirkulu itxia eta iruditeria kolektiboa, diagnosian

Josu Amezaga, Leire Palacios, Estitxu Garai, Lander Garro eta Gaizka Aranguren mahai baten bueltan jarri ziren atzo Jalgin. Goizeko galdera berbera hizpide, arazoak detektatu eta soluzioak planteatzea zen euren lana. Gabeziak diagnostikatu bai, baina euskal kultur sormenaren komunikazioan dauden zailtasunentzat aterabideak bilatzea lan dezente konplikatuagoa da, are jakinik euskal kulturaren bueltan dauden orbita desberdinetan desadostasun edo desajuste mota askotarikoak badirela. Horien argazki bat eskaini zuten hizlariek.

Josu Amezaga EHUko irakaslearen irudiko, euskal kulturak duen arazo nagusia transmisioan dago. Eta bere seme-alaben eredua jarri zuen. Bi zaharrenek ze musika entzuten duten edo entzun izan duten badaki, berak jarritakoa izan baita. Gazteenarekin, ez da halakorik errepikatzen: «Autoan ‘pinganiloak’ jarri eta ez dakit zer entzuten duen».

Leire Palaciosek ofiziotik egin zuen analisia, bera ere kazetaria den aldetik. Bere esanetan, “euskal” aurrizkia maiz erabiltzen da, ondoren datorrenari garrantzia kenduz, edo eremu zehatz batean barneratuz. «Euskal literatura ez al da ba literatura? Euskal musika ez al da musika?», galdetu zuen.

Estitxu Garaik euskal marka indartzearen beharraz hitz egin zuen. «Etengabe ari gara euskal markari buruz, eta ezinbestean euskarak duen markari buruz. Asoziazio positiboak lortu behar dira marka horrekin. Frankismoan euskal kulturaren parte izateak bazuen bere marka eta horrek jende asko hurbiltzea ekarri zuen. Baina euskara joan da instituzionalizatzen, eta askorentzat orain euskara marka da eskola».

Lander Garrok badu esperientzia euskal kulturaren diziplina desberdinetan. Kazetari, idazle eta argazkilari, bere ustetan, euskal kulturaren kontsumitzaileak badu euskaltzale konponente bat. «Oso zaila da pentsatzea pertsona bat gerturatzen dela euskal kulturara euskaltzaletasun konponente politiko bat aurretiaz izan gabe. Hori da klabea, gure kulturak bizi duelako isolatze fenomeno bat. Gu gara gure ispilua, gu gara gure buruaz jarduten dugunak, gure buruaz jardute horren kritika guk egiten dugu eta azken 50 urteetan zirkulu itxi batean ari gara, non epaile eta juzgatu gu geu garen».

Gaizka Arangurenek soluzioa eman zuen «errudunak» izendatu aurretik. «Iruditeria kolektibo baten falta daukagu». Eta egoera horren eragileak dira «hedatze kanal egituratuen interes ekonomikoa; sorkuntzarekiko mesfidantza instituzionala; sortzaile eraldatzaileak inguru komunikatibo kontserbadorean dabiltzala; eta ‘euskal’ kontzeptuaren ‘despiporrea’». Eta sakondu zuen azken horretan: «Erreferente komunik sortzeko gaitasunik ez badugu, kanpokoen bila goaz. Ez gara gai gure herria izen berarekin deitzeko ere!».A.K.