Ariane KAMIO
DONOSTIA
Entrevista
JONE SAN MARTIN
DANTZARIA

«Ezezagunari aurre egin nahi diot, interesatzen zaidana ez dakidana baita»

Berlindik Donostiara. Itzulerako bidea egingo du kasu honetan Jone San Martin (Donostia, 1966) dantzariak, hogeita hamar urtean baino gehiagoan bere ibilbidea atzerrian egin ondoren. Kultur hiriburutzarako prestatutako Gutun Zuria aurkeztuko du bihar.

Bihar izango zara Donostian «Legitimo/Rezo» proposamenarekin.

Nire Gutun Zuriak azkenean bost ikuskizun desberdin izango ditu. Lehenengoa da hau, nire soloa, bihar egingo dudana. Eta besteak urrian izango dira. Soloa ez da solo, solo, solo bat, zeren Josh Johnsonek ere nirekin dantza egingo du, kanpotik. Berak musikak eta soinuak bidaliko dizkit.

Solo honek bi zati ditu. Hasieran konferentzia baten itxura dauka eta dantza ere egiten dut, esplikazioak ematen ditut dantzariaren ikusmiratik hitz egiten, [William] Forsythekin egin dudan lanari buruz, inprobisazioari buruz. Azkenean, gero, solo bihurtzen da. Nik solo bat egiten dudanean aurikular batzuk dauzkat eta Joshek musika eta informazioa bidaltzen dit belarrietara, baina publikoak ez du entzuten. Nik bakarrik entzuten dut. Entzundakoa dantza bihurtzen dut, itzulpen bat bezala.

Eta publikoak ez du deus entzuten?

Batzuetan soinu batzuk daude. Nik ere mikrofono bat daukat. Entzuten dudana ahotsaren eta mugimenduaren bitartez transmititzen dut. Baina bestela ez dute ezer entzuten.

Gutun Zuri honekin zein da egin nahi duzun ekarpena?

Gutun Zuri hau opari garrantzitsua izan da. Ez da gauza erraza, ardura handia da. Donostia gaztetatik, dantza ikasten ari nintzenetik, nire atzean izan da beti. Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, bekak eman dizkidate beti eta jarraipen handia egin didate. Baina horrelako gauza handirik ez dut ez Donostian ez beste leku batean izan. Beraz, ardura handia da; ilusio eta gogo handia ere baditut. Lan handia da gauzak koordinatzea, jendearekin hitz egitea… Madrilgo Goethe Institutek ere laguntzeko asmoa dauka, parte hartuko duten artista asko alemaniarrak baitira. Izan ere, anbizio handiegia izan dudala uste dut [barre egiten du].

Hori ez da txarra…

Gauza asko egin nahi nituen hasieran eta agian atzerritik Donostiara gauzak eramatea oso garestia da. Pozik nago, beraz, Goethe Institutek berehala eskaini digulako bere laguntza. Maialen Sobrino lan handia egiten ari da eta berak esaten dit: “Jone, ez zaigula iristen!” [jarraitzen du barrezka].

Gipuzkoako Aldundiaren eta Lakuako Gobernuaren bekak jaso izan dituzu. Artistikoki, ordea, Euskal Herriko egoera munduan ezagutu duzunaren aldean oso desberdina izan da.

Hamabost urterekin joan nintzen Bartzelonara, Institut del Teatrera, Donostian Menchu Medel bezalako irakasle zoragarri bat izan ondoren. Hortik aurrera, Belgikan egon nintzen, Parisen, eta zorte handia izan nuen William Forsythek kontratu bat eskaini zidalako Frankfurteko Balletean aritzeko. Argi dago une horretan atzerrian zeuden aukera profesionalak ez nituela Euskal Herrian topatuko. Baina, nolabait, euskal instituzioen babesik izan ez banu, ez nuke inoiz kanpoan izan ditudan aukerak ezagutzeko betarik izango. Orain jaso izan dudan konfiantza eta laguntza eskertu nahi ditut eta partekatu egin nahi dut denbora horretan kanpoan ikasi izan dudana.

Esan nola gertatzen den Donostian dantza ikasten aritzetik hamabost urterekin atzerrira doan neskato horren jauzia.

Euskal Herrian dantza oso sustraituta dago. Dantza klasikoa, esaterako, euskal dantzetan oso inspiratua dago. Euskal dantzetan dauden pauso guztiak dantza klasikoaren katalogoaren barnean daude. Eta Euskal Herrian oso dantzari onak daude. Uste dut erraztasun handia dugula egokitzeko. Oro har, euskal dantzaria pertsona umila da, ikasteko gogoz dagoena eta erraztasun handiak dituena. Horrek asko laguntzen du. Gaur egun Donostian Dantzaz konpainia dago –haiekin lan asko egiten dut eta asko gustatzen zait nola lan egiten duten–, dantzari gazteak ditu, profesionalki garatzeko aukera dutenak. Zubi baten antzekoa da eskola eta konpainia profesional baten artean eta koreografo askorekin egiten dute lan. Halakorik ez zegoen ni ikasten ari nintzenean, baina orain bai.

Bartzelonan, Belgikan, Parisen… Baina Frankfurteko Balletarekin hasteak oinarri batzuk finkatu zituen zure ibilbidean.

William Forsythekin lan egitea erabakiorra izan da nire ibilbidean, nire bizitzan. 22 urtez egon naiz berarekin eta zoragarria izan da. Ezin hobea. Ez naiz sekula aspertu. Ezin imajinatuko nituzkeen gauzak egin ditut berarekin. Lan oso bat izan da, luzera begira egindakoa. Oso interesgarria izan da, eta orain beste koreografo batzuekin ari naizenean askorako balio dit ikasitako guztiak.

Zure ibilbide profesionaleko gidaria izan dela esan daiteke?

Badaude topo egite batzuk, non norberak “klik” egiten baituen. Eta Forsythekin lan egitearen alderik onena da berak erakusten dizula zu izaten zeure buruaren gidaria. Jakin-min handiko pertsona da eta hori kutsatu egiten da.

Autonomia hori da Forsythengandik jaso duzun esentzia?

Baietz uste dut. Harritzea gustatzen zaion pertsona bat da eta dantzariei sekulako askatasuna eta ardura ematen die. Agertokian asko babestu behar dugu elkar erronka horiek gainditzeko. Askotan ez dakigu zer egingo dugun; gehienetan oholtza gainean jartzen gara aurreikusitako pausorik gabe, baina pauta askorekin eta praktika ordu askorekin, egoera horri aterabidea eman ahal izateko eta tentsio dramatiko eta teatral bat mantentzeko. Horrek esan nahi du koreografoak konfiantza handia duela dantzariengan.

Beraz, ez dago gidoi oso zehatzik, baina bai dantzariak ondo ezagutzen duen araudi bat.

Inprobisazioaren oinarria praktika da, kontraesankorra dirudien arren. Orduak pasatu ditugu berarekin lanean eta gure artean ideia praktikatzen, sistema koreografikoekin lanean, saio bakoitzean emaitza desberdinak dituztenak baina beti pauta berberekin egin direnak. Adibide erraz bat jarriko dizut: Bi puntu elkarren artean lotzea. Bi puntu bila ditzaket nire gorputzean; edo puntu bat izan naiteke ni eta beste bat egon daiteke espazioan; edo erabaki dezaket bigarren puntua beste pertsona bat izatea. Egoera horrek ahalbidetzen du norberak erabakitzea nola egin ariketa hori. Orduak pasatu ditugu era horretan lan egiten, pauta konplikatuagoekin, gorputzaren mugimenduaz gain, testua txertatzea eskatzen dutenekin. Horrela lanean hasita, gero oso zaila da ez jarraitzea. Zenbat eta gehiago aurreratu, ohartzen zara orduan eta gehiago dagoela deskubritzeko; gehiago handitzen da lan eremua.

Lan sistema hori ezin hobea da ikasten jarraitzeko jakin-minez dagoen dantzari batentzat.

Bai. Eta dantza gainera oso elementu galkorra da; sortu eta hil egiten da, sortu eta hil, sortu eta hil, sortu eta hil. Behin mugimendua egina dagoenean, ja ez da gehiago agertuko. Uste dut Forsythek oso ondo ulertu duela esentzia hori, dantzaria oholtza gainean dagoen unea. Bera gurekin egoten zen ikuskizun guztietan, zuzendu egiten zituen. Horregatik lan egiten genuen hainbeste inprobisazioarekin, aurretiaz pentsatuta izango bagenu kondenatu egingo genukeelako. Mugimendua egoera bakoitzean birsortzen da.

1966an jaio zinen. Nola bizi da dantza 50 urterekin?

Atzo [maiatzak 22] bete nituen 50 urte!

Zorionak!

Egia esan, ez naiz gogoratu ere egiten, asteburu osoa pasatu baitut ospakizunetan. Ez, benetan, zintzoki esanda, nik berdin bizi dut dantza. Inoiz ez diot dantza egiteari utzi eta ez dut utzi nahi. Orain bizi dut unerik interesgarriena. Saiatzen naiz oholtza gainean egin behar dena egiten une zehatzean. Ez naiz mugitzen mugitu behar ez bada, eta mugitzen saiatzen naiz mugitu behar denean. Uste dut gehiago disfrutatzen dudala. Askoz gehiago egiten dut barre neure buruaz, onartzen ditut akats guztiak, ez ditut ezkutatzen. Alderantziz, ekintzen parte dira eta benetan zer gertatzen ari den esaten dizute askotan huts egiteek. Gero eta gehiago ulertzen dut dantza nire barruan eta nigandik kanpo gertatzen ari den zerbait bezala eta zein den bere konexioa. Oso osatua sentitzen naiz, ez naiz saiatzen ez naizena izaten; alderantziz, daukadan guztiaz gozatzen dut.

Dance On konpainian ari zara lanean, 40 urtetik gorako dantzariekin. Mugarria da adin hori dantza alorrean?

Alemaniako Gobernuak babestu du ekimen hori. Egia da dantzariak adin batera heltzean pentsatzen duela, pentsatzen dugula, laster dantza egiteari utzi beharko geniokeela. Eta joera hori da gehienetan, dantza egiten jarraitzearena baino, dantza uztearena. Lankide ohi askori entzun diet esaten gustura jarraituko luketela dantzan, inbidia ematen diedala. Iruditzen zitzaigun organismo publiko batek lanean jarraitzeko aukera ematea dantzan ez jarraitzen laguntzea baino askoz hobea zela. Normalean beste zerbaitetan bihurtzen laguntzen digute. Ez, bada. Lagun gaitzatela gure ibilbide profesionala garatzen. Eta gaur egun puntako sortzaileekin ari gara lanean. Daukagun programa oso maila altukoa da.

Beraz, etorkizunari begira, heldutasun profesional horrekin lanean jarraitzea izango da zure helburu nagusia.

Deskubritzen jarraitu nahi dut. Sortzea da onartzea ez dakizula, eta hori asko gustatzen zait. Ez dut erakutsi nahi zer dakidan, baizik eta ezezagunari aurre egin nahi diot, badakidalako gehiago dagoela deskubritzeko. Interesatzen zaidana oraindik ez dakidan hori da.