Asier Etxenike
Aztikerreko ikerketa koordinatzailea
GAURKOA

Ardatzak

E-26ko hauteskundeen atarian egindako hainbat inkesta ardatz hartuta, Katalunian eta Hego Euskal Herrian Podemosek eta indar independentistek izandako joerak aztertu ditu Etxenikek, lehenaren transbertsalitatea botoen erakarpenean erabakigarria izan dela ondorioztatuz, bereziki Euskal Herrian. Herri gisa, «impasse» egoera batean gaudelakoan, diskurtsotik praktikara pasatzeko unea dela uste du.

Azken hauteskundeetako emaitzak interpretatzen saiatzeko, hainbat inkestaren datu baseak eskuratu ditut azken hilabete-egunetan. Horien artean, mami gehien atera diedanak Lehendakaritzako Prospekzio Kabineteak bideratutako inkestak, CISek egindakoren bat eta Katalunian “El Periodico”-rentzat GESOPek egindakoak dira. Batzuetan eta besteetan, galderak (eta bereziki testuinguruak eta bilakaerak) ezberdinak dira, zalantzarik gabe. Hala ere, alderaketa txiki bat egiteko nahikoa datu daudela uste dut.

Eta alderaketa horretatik edozeinek ondorio nagusi batzuk ateratzeko modua dago. Alderaketa egiteko, han ERC eta En Comú Podem-en hauteslerien ezaugarritze eta mugimenduak eta hemen EH Bildu eta Podemosen ingurukoenak aztertzeko datuak bildu ditut eta hortik abiatuta nire hausnarketa egin dut.

Katalunian, GESOPek egindako azken inkestaren arabera, ezker-eskuin eskalan, ERC Podemos baino erdirago kokatzen du jendeak, beti ere ezkerrean (ezkerra eta zentro-ezkerra inkestaren terminologian). Eskala horretan bertan jendea nola kokatzen den kontuan hartuta ere, Podemosek ezkerrean kokatzen den jendearen artean sarbide handia du, baina indar hori galtzen du zentro-ezkerrean eta, are gehiago, eskuineraino doazen posizioetan.

ERCk, berriz, ezkerrean Podemosek baino sarbide gutxiago dauka (handia hala ere, posizio horretan kokatzen direnen %25 ia), baina zentro-ezkerrean Podemos baino gehiago da eta hor jende asko kokatzen da. Hau da, biek zentrotik ezkerrera lortzen dute beren hautesleria, ERCk modu orekatuagoan bi aukeretan (ezkerra eta zentro-ezkerra) eta Podemosek muturrerago kokatuta.

Eskala identitarioan, aldiz, ERCko hautesleria oso argi identifikatzen da “soilik kataluniar” edo “kataluniarra espainiarra baino gehiago” bezala. Soilik kataluniar identifikatzen direnen artean ia erdiek ERC bozkatuko zutela zioten orain bi aste, eta espainiar baino kataluniarrago sentitzen direnen artean %23 pasatxok. Podemosen kasuan, ordea, soilik kataluniar sentitzen direnen artean oso sarbide eskasa du (%8 inguru), baina beste identifikazio guztien artean sarbide indartsua dauka, bereziki espainiar baino kataluniarrago sentitzen direnen edo bietan pareko sentitzen direnen artean.

Hau da, Katalunian, Podemos eta ERCren arteko lehian, ERCk elementu identitarioen arabera muturrerago kokatzen den hautesleriaren artean du sarbide handia. Podemosek, aldiz, transbertsalitate handiagoa eskuratzen du. Bestalde, ezker-eskuin eskalan, kontrakoa gertatzen da, ERCren «transbertsalitatea» erditik ezkerrera baldin bada ere. Bi ardatz horiek hauteskunde motaren arabera (erkidegokoak edo estatukoak zehazki) eta momentuaren arabera, modu batera edo bestera eragin dute, estatukoetan Podemosi garaipena emanda eta erkidegokoetan ERC Podemosen aurretik geratuz nabarmen.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoara etorrita, paralelismo sinple samarra eginez, EH Bildu eta Podemosen alde bozkatzeko asmoa zutenen eta ERC eta Podemosen alde bozkatzeko asmoa zutenen artean badira antzekotasun batzuk eta, bereziki, ezberdintasunak. Euskal Herrian hautesleriak argi kokatzen du EH Bildu Podemos baino ezkerrerago. Bien sarbidea ezkerrean eta zentro-ezkerrean handia da eta neurri batean antzekoa, baina ardatz horretan Podemosek gaitasun handiagoa dauka transbertsalitaterako; hau da, ezkerretik eta erdiraino botoen ehuneko handiagoa eskuratzen du EH Bilduk baino. Katalunian, esan dugun bezala, ERC eta Podem-en arteko posizio lehiaren kontrakoa gertatzen da hemen ezker-eskuin eskala honetan.

Ardatz independentistan (eta ez identitarioa kasu honetan), ordea, Podemosen transbertsalitatea erabatekoa da. Sarbide handia du bai independentisten artean, bai erdian kokatzen direnen artean, bai unionismoan kokatzen direnen artean. EH Bildu, aldiz, ardatz honetan ere oso argi muturrean, independentismo argian, kokatzen da eta soilik hor lortzen du sarbide adierazgarri bat. Hau da, Euskal Herrian, Podemosek transbertsalitate handiagoa du bi ardatzetan (independentismo-unionismoan erabatekoa) EH Bilduk baino.

Euskal Herriko politika eta jendartea bera ardatz identitarioan (orain bestelako elementu batzuekin ardatz independentista-unionistan garatzen ari dena) eta ezker-eskuin ardatzaren arabera artikulatu da hainbat hamarkadatan. Horiek marrazten zuten, kopuru ezberdinetan, «familia soziopolitikoen» mapa Euskal Herrian. Une honetan, elementu identitarioak eta independentistak pultso politiko zein sozialik gabe daudela esango nuke eta horrek aukerak eman dizkio eta (ondo baliatu ere) Podemosi mapa horretan geografia ezberdinetan sartzeko.

Pultso falta horrekin, EAJ esperoan dabil, bilateralitatea noiz iritsiko autogobernu kuotaren bat eskuratzeko esperantzan, baina Kataluniaren ispiluan, gehiegi estutzeko asmorik gabe. Horren zain dagoen artean, guztiaren erdian, bi ardatzen erdian alegia, kokatuta dago (nahiko eroso esango nuke) euskal herritarron izaera kontserbadorea eta sasi-konfort egoera orokorra edo okerragoa izan zitekeen ideia kudeatzen. Emaitza elektoralek ere bere egitekoa babesten dute; beraz, premiarik ez aldaketa handiak bilatzeko. EH Bilduk subiranotasunaren aldeko apustua egin zuen bere momentuan, baina oraindik ere ez du lortu diskurtsotik eta politika elektoral eta instituzionaletik atera eta harago pauso handirik ematea.

Nolabait, herri gisa, impasse egoera batean gaudela esango nuke, ez aurrera ez atzera. Eta impasse egoera horretan elektoralki gehien sufritzen duena EH Bildu da, eta sozialki, independentistok. Aukerak egon badaude eta neurri handi batean etxeko lanak eginak eta bidea erdi marraztuta egon badagoela sentitzen dut, baina horiek aplikatzen eta indar bilketa helburu, urratsak egiten hasi beharra dago, eremuz eremu, hiperkoherentziatik harago pragmatismoa bilatuz, gure herrikideek azken hauteskunde hauetan erakutsi diguten bezala.