Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Kultur ekosistema osatzen jakin izana da bertsolaritzak iraun izanaren giltzarria

Lau urtean behingo masa-fenomenoa baino askoz gehiago da bertsolaritza. Hori argi geratzen ari da egunotan Donostian garatzen ari den «Europa bat-batean» jardunaldietan eta, atzokoan, besteren artean Harkaitz Zubiri izan zen hitza hartu eta transmisioaz mintzatu zena. Bertsolaritzak osasun ona badu, kultur ekosistema elikatzen asmatu duelako da.

Transmisioa izan zen atzo, UEUko Udako Ikastaroen barnean, Donostian egiten ari diren “Europa bat-batean” jardunaldietako hari gidaria. Kultur adierazpide ezberdinetan transmisioari eman zaion garrantzia eta belaunaldien arteko zubiak eraikitzeko orduan hautatu diren bide ezberdinak ezagutzea izan zen atzoko egunaren helburua, eta Harkaitz Zubiri soziologo eta idazle donostiarra izan zen euskal esperientzia ulertzeko gakoak eman zituena, “Kultur ekosistema sortzeko estrategia, bertsolaritza garaikidearen transmisioa ulertzeko gako” izendatu zuen hitzaldia abiapuntutzat hartuta.

Entzuleak bertsolaritzaren osasunaren gainean hausnarrean jarriz abiatu zuen Zubirik bere parte hartzea. Eta, horretarako, datuak erabili zituen: bertsolaritza –beste zenbait kantu inprobisatu bezala– hizkuntza gutxitu bati, euskarari, lotua dagoela nabarmendu zuen eta hiru milioi biztanleko herrialde batean euskaraz 800.000 pertsona inguruk badaki ere, erabili %10ek besterik ez dutela egiten adierazi zuen. «Eta, hala ere, bertsolaritza ez da hutsaren hurrengoa», baieztatu zuen, lau urtetik behin jokatzen diren bertso txapelketa nagusiez gainera –BECen 14.000 pertsona biltzen badira ere txapelketa zuzenean 100.000k ikusten dutela esan zuen–, bertsolaritzak jarraitzaile talde fidela duela ziurtatuz. «Harrigarria da goizetik gauera a capella kantatzen duten zortzi laguni adi entzuten egotea», esan zuen, Euskal Herrian azken 25 urteetan 14.000 laguneko langa hori Pink Floyd, Donostiako Orfeoia, Shakira, U2 edota Bon Jovi gisakoek soilik gainditu dutela gehituta.

Baina lau urtean behingo masa-fenomenoaz gain, Euskal Kultur Behatokiak 2005ean egindako ikerketa baten arabera, %14k beren burua “bertsozale sutsutzat” dutela nabarmendu zuen: «Baina bitxiena zera da, euren burua ‘ez bertsozale’ gisa definitu zutenen artean %60k bazekitela azken txapelduna zein izan zen». Hori, Zubiriren hitzetan, bertsolaritzak euskal lurraldean duen indar eta osasunaren adierazle da.

Egokitzapena eta autoeraketa

Bertsolaritzaren «lehen boom-a» 1995ean gertatu zela gaineratu zuen Zubirik, eta egun bigarrena bizitzen ariko ginatekeela, bertsolaritzaren testuingurua nabarmen aldatu bada ere. Esaterako, «habitataren desagerpenaz» hitz egin daitekeela aipatu zuen: 1900. urtean biztanleriaren gehiengoa 5.000 lagunetik beherako herrietan bizi zen bezala –eta bertsolaritza landa guneekin lotua egon dela aintzat hartuz–, egun hamarretik sei hiriburuetan edo horietatik gertu bizi dela esan zuen. Hala ere, bertsolaritzak badu jarraitzailerik eta hori, Zubiriren hitzetan, bertsolaritza gizarte mugimendu gisa egituratu eta alor artistiko zein sozialean aldaketak eragin dituelako da.

Alor artistikoari dagokionez, garai, leku eta jende berrietara egokitzen jakin duela eta horrek bertsolaritza «multipolarragoa» izatea eragin duela azaldu zuen. «Gero eta saio gehiago daude, bakoitzera jende gutxiago joaten da eta ‘ezohiko’ etiketatzen diren gero eta saio gehiago daude, eta egongo dira», esan zuen. Alor sozialari dagokionez, batez ere 90eko hamarkadatik hasita, gizarte mugimendu bilakatu izana gakotzat jotzen du Zubirik. «Metamorfosi horri esker bere kultur ekosistema ekoizteko gaitasuna handitu zuen: gero eta bertsolari, antolatzaile, publiko gehiago ekoitzi ahal izan zituen bere kabuz», ziurtatu zuen, eta bide horretan Jon Sarasua, Joxerra Gartzia eta Andoni Egañak autoeraketari buruz egindako teorizazioak nabarmendu zituen.

Kultur proiektu autonomoa

Bertsolaritzak, beraz, gizarte mugimendu gisa egituratzen eta egitura horren baitan eragina izan dezaketen faktoreen gaineko erabakiak hartzen jakin duela azaldu zuen Zubirik. «Bertsolaritzak bere burua ‘kultur proiektu autonomo’ bezala definitzen du. Bere buruari galdetzen dio nola jokatu behar duen masa-kulturaren garaian eta, hori egitean, arerioa definitzen ari da: erdal kultura eta kultura merkantilizatua. Horren aurrean, ondarea zaindu eta biziberritu behar duela dio», azaldu zuen. Zentzu horretan, bertsolaritzak ardatz gisa artea hartu duela esan zuen, «sinesten baitu inbertsioak eremu sozialean eginez gero arteak egingo duela bere bidea». Alor sozialean egin diren «inbertsio» horien artean bertso eskolak, txapelketak edota hedabideekiko politikak eta, nagusiki, bertso saioak daude, Zubiriren hitzetan.

Datuetara itzuliz, 1990ean urteko 419 bertso saio egiten zirela eta 290 bertsolari zeudela esan zuen, eta 2015ean 1.764 bertso saio egitera eta 859 bertsolari egotera iritsi zela. Zubiriren hitzetan, datu horiek posible dira landa eremuen murriztea eta bizimodu aldaketa gertatu badira ere transmisioa «nahiko era naturalean» eman delako eta hori posible izan da «transmisiorako espazio eta baldintza berriak» sortu direlako.

«Sozializazio fase bat egon da eta bertso eskolak horren erakusgarri garbia dira: lagun taldeak eta partaidetza sortu dira», azaldu zuen, eta garatu den estrategia mediatikoaren eragina ere nabarmendu zuen: «Une batean ikusi zen telebistak izan behar zuela ardatz. Horri esker egongela askotara iritsi zen bertsolaritza eta jende hori gero iritsi zen plazetara. Azierto handia izan zen».

Egun, bertsozaletasunean «gero eta gehiago familiaz kanpoko faktoreek» eragiten dutela ere aipatu zuen Zubirik, «eta hau garrantzitsua da. Hedabideek honetan funtsezko rola betetzen dute, eta garaian telebistarekin egon zen bezala egun erronka berria dator, telebistaren gainbehera datorrelako. Hor badago asmatu beharreko estrategia berria», ondorioztatu zuen.