Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Coleman: «Ez dut etiketetan sinesten, musika musika da»

Inprobisazioan ez ezik, bat-batekotasunean ere oinarritzen da Steve Coleman bere konposizioak osatzerakoan, eta hala agertzen da oholtza gainean ere. Jazzaldian, Trinitate plazako oholtza hartu zuen Five Elements-eko bere taldekideekin batera. Jazzean baino musikan sinesten duela dio, eta natura, «misterio handi hori», duela inspirazio iturri.

Jazz garaikidearen alorrean saxo altuaren jeniotzat hartua da Steve Coleman eta, atzo, Trinitateko oholtza hartu zuen Five Elements taldekideekin batera. Bere taldea heldutasun artistikora heldua dela baieztatu zuen Colemanek kontzertuaren aurretik prentsaren aurrean egin zuen agerraldian, eta hori elkarrekin jotzen daramaten denboraren eta talde gisa egin duten lanketaren emaitza dela ziurtatu zuen. Zehaztu zuenez, 90eko hamarkadan hasi zen Sean Rickman bateria-jotzailearekin eta Anthony Tidd baxu-jotzailearekin jotzen, badira hamasei urte Jonathan Finlayson tronpetariarekin lehen kontaktuak izan zituela eta sei, aldiz, Milek Okazaki gitarristarekin dabilela. «Denak gara New York ingurukoak, AEBetako ekialdeko kostakoak, eta talde sendoa osatzen dugu», baieztatu zuen.

Musika modu berezian bizi duela ere azaldu zuen Colemanek. Etiketak ez dituela maite azaldu eta jazzean baino musikan sinesten duela esan zuen, eta berak musika konposatzeko orduan, jotzerakoan bezala, inprobisazioa bakarrik ez, bat-batekotasuna ere bilatzen duela aitortu zuen. «Baina hori ez da beti erraza izaten. Horretarako talde sendoa behar duzu izan, musikariek horretarako gai izan behar dute. New Yorken musikari on asko dago, baina nire bandan aritzeko gutxik balio dute, nik sentikortasuna bilatzen dudalako musikari batengan. Eta bikote harremanetan bezala gertatzen da; batzuetan funtzionatzen duela, eta besteetan ez», azaldu zuen Colemanek.

Sortzerako orduan, inspirazioa naturatik datorkiola ere azaldu zuen, «baina ez zentzu metafisiko batean. Niri, adibidez, politika ez zait interesatzen, jendearen arteko harremanak interesatzen zaizkit. Jaiotzen gara, hazi, haurrak ditugu... baina hori zakurrek edo sugeek ere egiten dute. Hemen gaude, eta hori misterio handi bat da niretzat, eta ni misterio horrek inspiratzen nau», adierazi zuen.

Komunikaziorako lanabes

Bera musikaria dela eta, hortaz, musika komunikatzeko lanabes gisa darabilela ere zehaztu zuen Colemanek, eta, zentzu horretan, kontzertuak gainerako musikariekin zein publikoarekin elkarrizketan aritzeko espazio gisa bizi dituela gaineratu zuen. «Horregatik ez ditut kontzertuak planifikatzen. Noski, badakigu zer egingo dugun, baina ez dugu erabat lotzen, hala, egoeraren unean sortzen diren harreman horien arabera egokitzen joateko aukera dugulako. Elkarrizketa bat da finean, ezagutzen ez duzun norbaitekin hitz egiten duzun lehen aldia bezala, unean zoaz elkarrizketa hori bideratzen».

Berarengan eragina izan dutenei buruz galdetuta, 1920ko hamarkadan jaiotako jazz musikariak aipatu zituen: «Musikan hasi nintzenean haiek izan nituen eredu, Charlie Parkerren belaunaldiko jende hori. Ni Chicagon jaioa naiz eta nire etxetik oso hurbil aritzen zen entseatzen Von Freeman. Astean hiru edo lau aldiz. Sekula ez zen nire maisua izan, baina maisutzat dut nik, hari entzuten eman nituen orduetan asko ikasi nuelako». Freeman «bereziki ezaguna» izan ez bazen ere «musikari handia» izan zen, Coleman iritziz, eta haren hileta-elizkizunean, oro har, «bere alderdi gizatiarra» nabarmendu zela ekarri zuen gogora, «eta ez musikari gisa zuen maila. Badirudi gizarte honetan denek ospea lortu behar dugula... nik ez dut horretan sinesten».