GARA
DONOSTIA

UEUk bakea eraikitzeko prozesuan sakondu nahi du Azpeitiko jardunaldietan

Heldu den urriaren 14ean eta 15ean UEUk Euskal Herria bakearen bidean jartzeko abian den prozesuari buruzko hausnarketa kolektiboa egingo du. Estatuko indarkeriaren biktimei omenaldia egingo zaie.

Udako Euskal Unibertsitateak, Azpeitiko Udalarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin batera, “Bakea gugandik eraikitzen. Egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez errepikatzeko bermea” jardunaldiak antolatu ditu, bakea eraikitzeko prozesuan sakondu eta gizartea eraldatzeko proposamenak lantzeko oinarriak jartzeko asmoz. Aipatu topaketak urriaren 14an eta 15ean egingo dira Azpeitian, eta izena emateko epea zabalik dago www.ueu.eus webgunean.

Atzo aurkeztu zituzten topaketok, eta prentsaurrekoan Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Itziar Salegi jardunaldietako koordinatzaileak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak hartu zuten parte. Alegriak azaldu zuenez, «UEUren egiteko garrantzitsuenen artean topaguneak sortzea eta tokian tokiko gizarteak dituen beharrei erantzutea» daude, eta, ildo horretan, gaineratu zuen jardunaldiok «gizarteak duen eskaera bati» erantzuteko antolatu dituztela. «Gure helburua da jardunaldiak ikasi, eztabaidatu, trukatu eta elkar aberasteko izatea», nabarmendu zuen.

Salegik urriko jardunaldietan Estatuko indarkeriaren biktimei omenaldia egin nahi dietela aurreratu zuen. «Ahaztu, isildu eta umiliatuak izan dira 80 urte luzez. Urte ilun eta gogorrak pasa dituzte. Duintasuna eta errespetua itzuli nahi dizkiegu», aipatu zuen, gaineratuz Euskal Herriak «sendaketa pertsonala eta kolektiboa» behar dituela. Jardunaldion bidez «bakea eraikitzeko prozesuan sakondu» nahi dutela ere nabarmendu zuen.