GARA
DONOSTIA

Roaming-a amaitzeko promesak zalantza ugari utzi ditu airean

Europar Batzordeko presidenteak EB barruan mugikorra ibiltaritzan erabiltzeagatik aplikatzen diren gainkostuak amaituko direla berretsi du; negozio edo opor bidaiak egiten dituztenentzat soilik ez, baita mugaren bestaldean lan egiten dutenentzat eta Erasmus ikasleentzat ere. Halere, kontsumitzaileek zein konpainiek galdera aunitz dituzte.

Bidaiatzen dugunean, etxean bezala egon beharko genuke sakelako telefonoari dagokionez. Ideia horrekin egin du Europar Batzordeak roamingaren amaieraren inguruko proposamen berria, aurrekoa zuzentzen duena. Aitzinekoan 90 eguneko muga bat ezartzen zitzaion gainkosturik gabeko ibiltaritzari, operadoreek gehiago eskaintzeko aukerarekin. Kontsumitzaileek muga hori gaitzetsi zuten, eta erretiratzea erabaki du azkenean Europako Exekutiboak.

Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak mugikorra ibiltaritzan erabiltzeagatik kobratzen diren gainkostuen amaiera (2017ko ekainerako aurreikusia dagoena) berretsi zuen joan den astean. Kargu horiek ezabatzeko «promesa» beteko duela baieztatu zuen, ez soilik «bi eguneko negozio bidaiak egiten dituztenentzat edo oporretan bi aste kanpoan ematen dituztenentzat, baita mugaren bestaldean lan egiten dutenentzat eta seihileko bat edo bi atzerrian ematen dituzten milioika Erasmus ikasleentzat ere».

Hala eta guztiz ere, promesa honek makina bat zalantza uzten ditu airean kontsumitzaileentzat zein telefono konpainientzat. Besteak beste, ez dagoelako argi zeinek hartuko dituen bere gain kostu horiek eta ibiltaritzako datuen kontsumoan mugarik egonen den.

Printzipioz, kontsumitzaileek ongi hartu dute asteazkenean Europar Batzordeak aurkeztu zuen proposamen berria, baina «arrazoizko erabileraren» klausulak kezkatzen ditu. Operadoreei dagokienez, libre dira ibiltaritza datuak gehiegi erabiltzen direla ikusiz gero kontsumitzaileari kobratzeko. Ikusteko dago zer hartzen den “gehiegitzat”.

Zenbait estatu, kezkatuta

Roamingaren amaiera zailagoa da estatu batzuk kaltetuak izanen diren kezka dutelako, Finlandiak kasu. Tarifak hagitz lehiakorrak dira bertan, baina operadoreak, sarri tokian tokiko konpainiak, galtzaile ateratzen ahal dira Vodafone, Telecom eta Orange bezalako handien aitzinean, hauek beren sarea dutelako hainbat estatutan.

Europar Batzordeak «gainkostu txiki» batzuk ezarri dizkie bezeroei: minutuko lau zentimo, SMSko zentimo bat eta megabyteko 0,85 zentimo. Finlandiako eurodiputatu Miapetra Kumpula-Natrik kostu txikiagoak proposatu ditu: 3 zentimo minutuko eta 0,5 megabyteko. Defendatu du gehienezko prezio altuak ezartzeak eragin txarra izan dezakeela merkatuetan.

Eragin ekonomikoaz gain, roaminga bukatzeak badu bertze balio bat, Europar Batasunaren parte izatearen sentimendua indartzen ahal duelako. Hurrengo eztabaida nazioarteko deien prezioak berdintzea izanen da.