Agirrezabal, Aitor
Entrevista
ROBERT JASPER
ALPINISTA

«Orain arte Baffinen bizi izan dugun abenturarik garrantzitsuena da»

Duela zortzi urte Glowacz eta zu zeu Baffinen bertan elkarrekin egon zineten. Zergatik itzuli zarete?

Zalantza izpirik gabe, uharte hori delako pareta handiak egiteko munduko lekurik eder eta onenetarikoa. Baffinen kristoren hormatzarrak aurki ditzakezu, natura ikaragarria da eta abentura handia bizi dezakezu. Artikoko alderdi horretan eskalatzea basatia da oso; ez dago jenderik, eta, esan dudan bezala, hango lekuak ukitu gabe daude.

Aurtengo espedizioan ez duzue inuiten laguntzarik izan.

Bai, hala izan da. Eta hala nahi genuen. Era erabat autonomoan jarduteak abentura indartzen du; norberaren abentura, hain zuzen ere. Eta hori da nik bilatzen nuena. Bakoitzak bere tresneria garraiatu behar izan zuen. Lan eskerga izan zen, eta logistikoki arazoa ere bazen, oso arin gindoazelako. Lera bakoitzean 100 kilo generamatzan: 30 egunerako eskalada tresneria eta janaria. Hiru laguneko talde txikia ginen, soilik bi eskalatzailerekin. Geure buruengan sinisten genuen, eta dena ondo atera da. Eginiko abentura oso intentsua izan da. Eskalada, oro har, pastel handi baten ginga baino ez da izan.

Jakin gabe, kanadarren bidean sartu zineten. Horretaz jabetu zinetenean, zergatik ez zenuten helburua aldatu bide berri batean sartzeko?

Guk aukeratutako estiloa (fair means) eta inuiten laguntza ez genuela kontuan hartuta, eskalatzeko oso denbora mugatua genuen; soilik saio bat egitea aurreikusten genuen. Soilik 30 egunetarako janaria genuen eta, gainera, jakin bagenekin izotza urtu egingo zela; hori, noski, arazo handia zen. Kontuan hartu geure kabuz eta inolako laguntzarik gabe itzuli beharra genuela. Denboraren presioa hor zegoen, eta bagenekien soilik saio bat izango genuela. Horixe da, beraz, estilo puruan eginiko bidaia zein eskalada batek duen arau nagusia. Beraz, guretzat bide horretan sartu izana ez da garrantzitsua izan; besteak beste, haren inguruko berririk ez genuelako. Eta garrantzitsuena honakoa izan da: abentura handi bat bizi izan dugu!

Bidearen lehen errepikapena izan da, eta aldaera berri batzuekin ia marra osoa era askean igo zenuten. Gustura zaude eginiko lanarekin?

Bai, eskalada ederra izan zelako eta, eguraldi kaskarra izan bagenuen ere, tontorrera heltzeko aukera izan genuelako. Gailurrean ginela gauerdiko eguzkia ikustea une zoragarria izan zen oso!

Zure sokakideak min hartu zuen, eta geratzen zen eskaladan sokaburu gisa jardun zenuen. Ardura handia izan zen?

Egoera zaila izan zen, Stefan munduko lekurik zaurgarrienean lesionatu zelako. Buelta erdia ematea zen erabakirik egokiena, baina Stefanek esan zidan bide erdia egina genuela, eta, beraz, falta zen eskaladan nik sokaburu gisa jarduten banuen, berak jumareatuko zuela geure argazkilari Klausekin batera. Azkenean gailurra egiteko aukera izan genuen.