Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Euskal Herrian girotutako nobela beltz bana dakarte Ladronek eta Odriozolak

Hasiberria da bata. Genero beltzean ibilbide oparoa duen idazlea, bigarrena. Baina badute zerikusirik argitaratu berri dituzten eleberriek: Euskal Herria dute agertoki, eta ikertzaile bana protagonista. Alberto Ladron Aranak Leire Asiain detektibearen pertsonaia berreskuratu eta etxetik desagertu den haurraren bila jarri du «Gezurren basoa»-n. Ander Odriozolak jaioterri duen Ondarroako portuan gertatutako heriotza ikertzen jarriko du Joanes detektibea.

Ateko Bandan bilduman, genero beltz eta poliziakoari zuzendutakoan, bi ale berri aurkeztu berri ditu Elkar argitaletxeak: Ander Odriozolaren “Freeport” eta Alberto Ladron Aranaren “Gezurren basoa”. Biek ala biek euskal agertokietan girotutako kontakizunak dituzte ardatz, eta biek ikertzaile bana jarriko dute atzean mamia duten heriotza bana ikertzen.

Generoko euskal idazle oparoenetakoa da Ladron Arana eta bederatzigarren eleberri hau «parentesi baten ostean» idatzi duela azaldu zuen liburuaren aurkezpen prentsaurrekoan: «Aurrekoa guztiz desberdina zen, publiko gazteari zuzendutako fantasiazko eleberria [“Itzalak bizi diren lurraldea”], eta honekin berreskuratu egin dut nire betiko generoa». Generoa, bai eta “Harrian mezua” eleberrian agertzen zen Leire Asiain inspektorearen pertsonaia ere: «Nobela horren lau edizio atera dira dagoeneko, eskatuenetakoa da, eta berreskuratu nahi izan dut. Emakume berezia eta konplikatua da, arazoak ditu familiarekin, baita sexuarekin eta elikagaiekin ere. Oso pertsonaia erakargarria da», hausnartu zuen. Asiainez gainera, hiru eleberritan bigarren mailako pertsonaia gisa agertu den Armentia foruzainari ere leku egingo dio Ladronek, inspektorearen alboan desagerpen bat ikertzeko: Iruñeko auzo batetik bederatzi urteko haur bat desagertuko da eta ikertzaileek denboraren kontrako bilaketari ekin beharko diote. «Desagerpen zaharrago batekin lotura egingo dute, baina hainbat ikerketa lerro izango dituzte: sekta esoterikoak, haurrei eginiko abusuak...», iragarri zuen. Eleberriak astebeteko epea hartzen duenez, kontakizunaren erritmoa bizia dela eta «larritasun eta urgentziazko egoera liburu osora» hedatzen dela nabarmendu zuen.

Portuen sinbolismoa

Arana ez bezala, lehen lanarekin dator Ander Odriozola: “Freeport”. Bilbo eta Ondarroa artean bizi den ingeniari eta irakasleak portuek duten sinbolismo eta misterioa eraman nahi izan du estreinako lanera eta, hala, agertoki horretan gertatutako heriotza bat ikertzen jarriko du Joanes detektibea.

«Polizia eleberri klasikoa da», azaldu zuen Odriozolak, «hilketa eta femme fatalekin». Gidoigintzan ibilia da ondarroarra eta, zentzu horretan, eleberrian «gidoi asko» dagoela nabarmendu zuen, eta kontakizuna eraikitzeko haurtzaroko oroitzapen batera jo zuela azaldu zuen: «Txikitan hildako bat ikusi nuen portuan, tiro batekin. Armadore bat zen. Ez zen jakin nork hil zuen. Istorio hori beti eduki dut gogoan, eta hura jantzita eraiki dut eleberria». Joanes da protagonista, «batzuetan legalki eta besteetan ez horrenbeste» jokatzen duen detektibe bilbotar «ganorabako samarra».

Ondarroako portura «argazki konprometitu batzuk» saltzeko asmoz joan eta bezeroa tiro batez hilda aurkituko du Joanesek. Poliziak hark erail duela susmatu eta atzetik jarraika izango ditu Joanesek, baita aitaren zorrak kitatzeko asmotan dabilen kasinoko morroi bat ere. «Kontrabandoarekin ere badago trama interesgarri bat», gaineratu zuen Odriozolak.