Amagoia MUJIKA
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

LEKUE, AJURIAGOJEASKOA ETA AMURIZA, LARRABETZUTIK MIRIBILLAKO FINALERA

OSATU DA MIRIBILLAKO ZORTZIKOTEA: URIA, UGARTETXEA, LEKUE, AJURIAGOJEASKOA, AMURIZA, ENBEITA, GALLETEBEITIA ETA IBARZABAL. LAU GIZON ETA LAU EMAKUME, AURREKO FINALA BEZAIN PAREKIDEA BAINA IZEN DESBERDINEKIN, BERTSOGINTZA BIZI DABILEN ETA FINALERAKO HAUTAGAI ASKO DAUDEN SEINALE.

Kontsolagailuak, txirlak, Son Goku eta Rocco Siffredi porno aktorea. Gauza bizia da bertsolaritza, ezusteko ederrez betea, eta zoragarria da bertsolariak eskutik heldu eta espero ez zenuen tokira eramaten zaituenean. Atzo Larrabetzun sei bertsolari plantatu ziren, bakoitza mundu ikuskera propioz, eta uneren batean guztiek asmatu zuten beretik ertzak josten. Bertsozaleak barre egin zuen eta uneren batean aulkian deseroso sentitu ere bai. Ez da lorpen makala.

Bizkaiko txapelketak azken finalaurrekoa zuen atzokoa eta 700 bat lagun bildu ziren bertara. Etxahun Lekuek eskuratu zuen finalerako azken txartel zuzena, 527,5 punturekin saioko lehen postua lortuz. Larrabetzuko saiotik Miribillara, baina, beste bi ere joango dira: Ibon Ajuriagojeaskoa –hamar urte eta gero finalera berriz– eta Miren Amuriza. Hurrengo geltokia, abenduaren 17an, Miribillako finalean. Bertako zortzikotea: Jone Uria, Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal.

Atzoko saioan, hasieratik eman zuten abixu Miren Amurizak eta Etxahun Lekuek. Bakoitzak oso bere estiloan, erpin ederrak marraztu zituzten. Faborito izatearen pisuari elegante eutsi zioten. Azken puntuazioan Ibon Ajuriagojeaskoa sartu zen bien tartean, erregular jositako saioaren ordaina.

Hamarreko handiko ariketan, saioko lehenean, Etxahun eta Ibon aritu ziren elkarrekin. Ederki. Bederatzi urteko alabaren gurasoen paperean, hark mugikorra nahi urtebetetzerako eta gurasoek oparitu ez. «...akaso hauxe ikastea dau erregalurik onena/ beti ez dauala berak egin behar lagunek eiten dabena», bota zuen bigarrenean Etxahunek. Elegante jositako arrazoiak bata bestearen gainean, horrelaxe bildu zituen larrabetzuarrak 527,5 puntuak, finalaurrekoetako puntuazio onena.

Zortziko txikian Miren eta Ibon aritu ziren. Donejakue bidean topatu ziren. Mirenek bakarrik egon nahi eta Ibonek, Mirenekin. «...itsaskorragoa naiz bieira bat baino/ zugaz heldu nahi neuke Santiagoraino», bota zion zorrotz Ibonek. Eta, Mirenek, arratsaldeko ertz bat marraztu zuen. «...bieraik ez dot nik behar, behar dozu jakin/ nahiko ta sobra daukat neure txirlarekin». Miren Amuriza esan nahi zuenetik gertu sumatu genuen.

Nabarmentzea merezi du Mikel Goirienaren kartzelakoak. Hauxe zuten gaia: «Autotik bajatu eta zuzen etorri da zugana. Estu besarkatu zaitu».

Bide berezia ibili zuen Goirienak, aspaldiko bikote bat berriz agertu zen bere bizitzan. Harreman oso beroa omen zuten, «...askoz ligth-ago izan da Roko Siffredin azkena». Hirugarren bertsoko azken hiru hitzetan egin zuen errebuelta; «azken berbak esan doztez nire etxetik doala/ pasa dakola negarra ta etzi ezkonduko dala». Eta bertso saio batean Roko Siffredi zein den begiratu behar izan genuen Google-n. Esanguratsua.