Ariane KAMIO

Gogoeta IV: Gaztetik heldura, zein bide du literaturak?

Gazte literatura, usu, zokoratutako alorra da. Baina etorkizuneko irakurleak sortuko badira, begia egungo gazteengan jartzea ezinbestekoa da. Gaztetasunetik heldutasunera, zein bide egiten du literaturak bere irakurleak hazten doazen heinean? Horratx ideia batzuk.

Eli Larrinagak, joan den astean, bere sinaduran (“Faktoria”, Euskadi Irratia): «Batxillergoko lehen mailako gela batean irakasleak bost liburu dotore aurkeztu ditu. Dotore edukiarengatik eta egileengatik. Ikasleek horretatik bat aukeratu behar dute irakurtzeko. Orduan gazte batek eskua altxatu eta... ‘zein da orrialde gutxien dituena?’, galdetu dio irakasleari. Ez da asmatutako kontua, benetan gertatua baino. Ezin da esan egungo gazteak irakurzaleak ez direnik. Izan badira, baina gehienen kasuan hiru edo lau esalditik gora elkarren atzean ikusten dituztenean neurribako nekeak hartzen du euren gogoa...». Izan daiteke EHUko irakasle eta kazetariak ematen duen argazkia egungo gazteriaren gaineko klik bat. Baina ez da hori bakarrik aztertu nahi dena. Etorkizuneko –edo dagoeneko orainaldiko– irakurle direnek norainoko jarraipena dute literaturaren alorrean helduarora iristen direnean? Nerabezaroan irakurle denak irakurzaletasunari gerora ere helduko diola antzeman daiteke? Jarraipenik ba al du gero gazte literaturatik helduen eremura igarotzen den zaleak? Argitaletxe batzuen atarian jarri gara erantzun bila.

Esnobismoa eta elitismoa

Mikel Sotok, Txalapartako talaiatik, Patxi Zubizarretak “Erantzuna haizean dabil” liburuaren aurkezpenean botatako esaldia dakar gogora: «Ikusiko dugu aurtengo azokarako gazteentzako zenbat liburu argitaratzen diren». Mundu anglosaxoira doa. Young adult fiction edo young adult literature (YA) gisa ezagutzen diren literatur alorrez ari da –12-18 urte bitarteko gazteentzat sortzen diren liburuak–. «Izendapena bera da publiko horrek haien literatura sisteman okupatzen duen lekuaren seinale», azpimarratu du. Etxera itzuli da; «nire argitaletxe propiotik has naiteke, eta ez da horrelako banaketarik egiten». Trataera berezia egiten duten argitaletxeak urriak direla deritzo. Elkar-en adibidea jarri du, eta goraipatu, baita Gaumin argitaletxearena eta “Xabiroi” aldizkariarena ere.

Bere iritziz, euskal literaturan ez dago mundu mailako arrakasta duten “Twilight” edo “Hunger games” edo antzeko fenomenoak itzultzeko «baliabiderik, ausardiarik edo irakurle-masarik (Alberdaniak hasieran eta Alberdania-Ereinek argitaratu zuten azkenean “Hunger Games” trilogia osorik, «eskertzekoa den ahalegina»).

«Bestetik –jarraitu du–, askotan, gazteei zuzendutako gure liburuek ez dituzte haien benetako esperientziak eta kezkak behar bezala balioesten» eta, azkenik, «gure sistema literarioan badago elitismo eta esnobismo maila handi bat». «Euskal literatura espezifikoki jorratzen duten argitalpenetan gazte literaturak zer leku duen azter dezakegu». Eta bota du galdera: «Hala, bada, zer trataera dauka gazteei zuzendutako literaturak ‘Sautrela’-n, ‘Erlea’-n edo ‘Hegats’-en?». Interesgarri deritzo, zentzu horretan, ikustea euskal literatura espezifikoki jorratzen duten tresnen ikuspuntua eta jokamoldea. «Elkarrek hiru hilabetero ateratzen duen aldizkariak era askoz duinagoan tratatzen ditu gazteei bideratutako lanak aipatu bi argitalpenek eta programak baino. Gurean ‘Euskal literatura’ diogunean, gazteentzako egiten diren hainbat lan ez ditugu gogoan eta gazteentzako sortzen duten idazleen lanak ere sistemak sarri gutxiesten ditu».

Urte batzuk atzera egin du. Xabier Silveiraren “A las ocho en el Bule” eta jasotako kritikak aipatu ditu. «Teorian gazteleraz argitaratzeagatik zen, baina kritika askori aipatutako esnobismo eta elitismoa zerien».

Durangoko Azoka termometro ona dela deritzo. Bi adibide jarri ditu. Orwellen “1984” gazte ugarik erosten dute, eta Literoturaren –Txalapartaren bilduma erotikoa– eroslearen erretratua egin du: emakumea eta oso gaztea. «Primeran dago gazteek ‘1984’ edo ‘Venusen delta’ irakurtzea, baina euskal sistema literarioa osatzen dugun aktoreok ardura eta estrategia bat(zuk) beharko genituzke euskal literaturari etorkizun bat ziurtatzeko. Euskal literaturak abangoardia baduela argi dago, baina irakurleak behar ditu eta Artearen eta Literaturaren izenean Parnaso urrunetan edota ego hurbiletan galtzen garen bitartean, lurrean, institutuetan edo botiloietan irabazi beharreko borrokak ez ditugu eman ere egiten».

Testuinguruak sortzea

Antxiñe Mendizabal, Elkarretik. Bere iritziz, ez dago zehatz-mehatz jakiterik irakurle helduak irakurle gazte izan ote diren, edo argiago esateko, berariaz sortutako gazte literaturarik irakurri ote duten lehenago. «Baina esango nuke gaztetan gozatutako irakurgaiek animatu dituztela hainbat eta hainbat gazte ‘literatura jasoagoak’ irakurtzera, behin adin langa hori gaindituta».

Nerabezaroa du aipagai. Gaztaroa bilaketa garaia ere badela azpimarratu du, «etorkizunari begirako erabakiak hartu eta modu aktiboan nortasuna eraikitzeko garaia ere bada. Horregatik zenbait gaztek irakurtzen dituzte bide horretan lagungarri izan daitezkeen liburuak, hau da, existentzia, ideologiak, baloreak, espiritualitatea... jorratzen dituzten irakurgaiak».

Ez du ukatzen, ordea, aipatu liburu horiek eskolan irakurtzen dituztela gehienek, eta «gazte askok, ondorioz, irakurzaletasuna ikasketa prozesuarekin lotzen dutela». «Gazteak aisialdian irakurtzera eramango dituzten ohiturak, testuinguruak eta esperientziak sortzea da, ziur aski, gaur egungo erronka. Konpetentzia handia da esparru horretan. Argitaletxeek testu erakargarri eta arinak eskain ditzakete, baina bestelako baldintzak ere behar dira irakurzaletasuna gazteen artean sustatzeko», esan du. Amaitzeko: «Gazte literatura ez da izango, ziur aski, helduaroan liburuetara jotzeko bide bakarra. Baina edozein irakurle helduk izan du gazte garaian era bateko edo bestelako literatura esperientzia. Eta gazte literatura katebegi hori osatzera dator».

Kultura erdigunean

Gorka Arrese (Susa) ez da soziologoa, are gutxiago futurologoa. Berak dio. Eta ez ditu ezagutzen gaur egungo gazteen motibazio estetikoak eta ideologikoak; «ez dakit nola estimulatzen dituzten beren desioak eta ametsak». «Esaten dutenez, liburuak ez dira gazteei gehien gustatzen zaizkien objektuak aisialdirako eta/edo formaziorako; baina orain dela 25 urte ere ez; hain zuzen, nik 25 urte nituenean ere liburuak ez ziren gure lagunen artean batere gustukoak eta kontsumituak». Itauna du buruan. «Zer egin dezake Susak?». Baita erantzuna ere. «Liburu onak argitaratu, ezagutarazi eta bisibilizatu, eta askoz gehiago ez».

Bere iritziz, kultura ez dago zentroan, ez lehen eta ez orain, «industriak, politikak eta abarrek ez dute garrantzizkotzat jotzen, txorakeriatzat baizik; eta gehiengoari ez zaio inporta eta gehiengoa ez da ohartzen gure identitatea ardazten duena kultura dela –azaldu du–. Kultura gure herriaren erdigunean kokatzen ez dugun arte ez gara inor izango, ez gara errepublika bat izaten hasteko maila egokian sozialki ezarriko».

Arreseren hitzetan, 25 urteko gazteegan baino 9-10 urteko neska-mutilengan pentsatu behar da. «Euskal Herriko irakasle eta hezitzaile eta intelektual eta jakintsu onenak eskoletan lanean ipini behar genituzke 7-14 urte arteko neska-mutilak motibatzen eta estimulatzen... eta kulturan murgiltzen». Bereak aurtengo Durangoko Azokako gogoeta sortari amaiera ematen dioten hitzak. Hurrengo urtean gehiago.