Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Ipar Euskal Herriko historia plagiatu izana salatu dute

Ipar Euskal Herriko historialari talde bat elkartu zen atzo Baionako Euskal Museoan, Manex Goyhenetcheren lana plagiatua izan dela salatzeko. Dominique Lormier Bordeleko historialariak argitaratu duen «Histoire du Pays Basque» liburuak biltzen dituen plagioak azaleratu eta Goyhenetcheren obra defendatzeko beharra azaldu zuten. Auzitara joko dute.

“Histoire du Pays Basque” liburua argitaratu berri du Dominique Lormier Bordeleko idazleak. Atzo Baionako Euskal Museoan bildu zen Ipar Euskal Herriko historialari talde batek adierazi zuenez, ordea, liburu hori Manex Goyhenetcheren lanaren plagioa da. Jean Louis Davanten esanetan, «Lormierek argitaratutako lana ez da historiari egin dion ekarpen edo opari bat, Gabonetan egiteko opari bat baizik; ez da kasualitatea liburu hau sasoi honetan argitaratzea».

Gertakari hau salatzeko Ipar Euskal Herriko 25 historialari eta historia irakaslek testu bat sinatu dute eta atzo salaketaren nondik norakoen berri eman zuten prentsaurreko batean. Agerraldian zirenek Goyhenetcheren lana eta oroimena babesteko elkartu zirela aitortu zuten.

Lehenik testu edo kartografia bat plagiatua izan dela baieztatzeko zein baldintza bete behar diren azaldu zuen mahaian zen Txomin Hiriartek, alegia, plagio bat egiaz plagio bat dela baieztatzeko zein baldintza izan behar diren.

Plagio bat dela esateko irizpideak zeintzuk diren azaldu ostean, Manex Goyhenetchek 1998. urtean argitaratu zuen “Histoire General du Pays Basque, Tome I” liburuko zenbait pasarte eta Lormierrek argitaratu berri duen “Histoire du Pays Basque” liburuko zati batzuk alderatu zituzten, salatutakoa frogatzeko.

Adibideak oso argigarriak izan ziren, Lormierren liburua ireki bezain laster Goyhenetcheren kartografiak ageri baitira, bereak izango balira bezala. Izan ere, plagio irizpideetan azaldu bezala, beste norbaiten zerbait erabiltzeko protokolo bat jarraitu behar da; berezko egilearen baimena behar da, berau aipatu, eta abar. Atzoko prentsaurrekoan salatu zutenez, ordea, Lormierrek ez ditu inondik inora historia liburu bat argitaratzeko jarraitu behar diren irizpideak bete eta kasu batzuetan, gainera, jatorrizko testua hartu eta koma bat bera aldatu gabe atxiki du bere lanean.

Historialariek erakutsitako adibideak oso argiak izan arren, ez dago beren esku Bordeleko idazleak argitaratu duena plagioa den ala ez ebaztea, eta horregatik garbi utzi zuten atzoko prentsaurrekoa ez zutela inor epaitzeko egin, jendartea informatzeko baizik; izan ere, lan bat plagiatua izan dela baieztatzeko ahalmena soilik epaile batek izan dezake.

Alde horretatik, Peio Etxeberri-Aintziart Elkarreko kideak aurrera begira auzitara jotzeko asmoa dutela iragarri zuen. Goyhenetcheren liburua argitaratu zuen Elkar argitaletxea haren sendiarekin harremanetan jarri da, historialari ospetsua 2004. urtean hil zenetik haiek baitituzte Goyhenetcheren obren egile-eskubideak.

Lormierrek Ipar Euskal Herriari buruzko bi liburu argitaratu ditu aurten. Urte hasieran “Petit Histoire du Pays Basque” liburua argitaratu zuen eta orain “Histoire du Pays Basque”. Bi lanetan Goyhenetcheren lanak bere egin ditu. Manex Goyhenetchek egiteko bizi oso bat behar izan zuen liburua, antza, hilabete gutxitan egin ahal izan du Lormierrek.

Orain artean 30 liburu inguru argitaratu ditu Lormierrek. Urtean batez beste lau liburu argitaratzen ditu, beti historiari lotuak, baina gai eta herrialde desberdinetakoak; ez omen dauka gustukoago duen edo gehiago lantzen duen eremu zehatzik eta hori,, historialarien hitzetan, «susmagarria da, ezinezkoa dela ez esatearren».

Goyhenetxeren obra defendatzeko abokatu batekin lanean hasi direla iragarri zuten agerraldian bildutako kideek, eta plagiatuak izan diren beste historialari batzuk ere izan daitezkeela ohartarazi zuten. Lormierrek, ostera, plagioa egin izana ukatu du eta Peio Etxeberri-Aintziart Elkar argitaletxeko kidea bera difamatzeagatik salatuko duela iragarri du. Beraz, auzi hau hasi baino ez da egin.