Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Paperezko agenda «indartsua» osatu du Garoa Kultur Lab-ek

Hobetzen jarraitzeko erronka zaharrari eutsiz ekin dio Garoa liburu dendak urte berriari. Lehen hiruhilekoko ekimen zerrenda prestatu dute, erabat osatua ez badago ere. Kontzertuak, liburu aurkezpenak, erakusketak eta irakurketa klubean parte hartzeko aukera izango dute apirila artean Donostiako eta Zarauzko dendetara doazenek.

Urte berria erronka berarekin hasi du Garoa liburu dendak: «iazko pasio eta indarra, gutxienez berdintzea». Hala azaldu zuten lantaldeko Imanol Agirrek eta Oier Aranzabalek. Ez da zeregin makala, Donostiako denda ireki zutenetik «dena eman baitugu». Xede horien inguruan Garoako kideek egitarau «potentea» antolatu dute. Aurretik zabalik zituzten lerroak mantenduz: Paperezko Kontzertuak, Amigas de Papel irakurle taldea, liburu aurkezpenak eta erakusketak.

Bazterreko antolatzaile diren aldetik, inoren finantzaziorik ez izateak eragindako segurtasunik eza dute ezaugarri, baina baita «gabeziak bertute bilakatzea» ere; halako eragileak baitira Aranzabalen esanetan, «hiri bizi bat» egiten dutenak: «Benetako gauzak antolatzen ditugunak, atzean pasioa eta antolatu nahi bat dutenak. Egiten duguna gustatzen zaigulako, hori delako bide bakarra, eta nabaritzen da». Horregatik, Europako Kultura Hiriburutzaren ondoko urtea, euren proiektuarentzat bezala, hiriarentzat eta kulturarentzat ere garrantzitsua izango dela uste dute.

Artista berriak eta ezagunak

Ekimen zerrenda «bizia» da eta jarduerak batzen joango zaizkio. Esaterako, Agirrek argitu bezala, «literatura alorrean nobedadeak orain ari dira argitaratzen eta idazleen birak antolatzen». Zehazteko dauden hitzorduekin batera, erabat ez osatzeko arrazoia, jasotzen dituzten proposamen ugariak. Literaturak ardatz izaten jarraitzen badu ere, diziplina arteko zubigintzak ere garrantzia hartu du eta plaza bat eman nahi diote behar duten artistei edo sortzaileei. Horiekin «filtro» lana egin behar dute.

Akustikoak, solasaldiak eta literatura batzen dituzten Paperezko Kontzertuetan, hiru artista gonbidatu dituzte. Bina saio eskainiko dituzte, ostiraletan, Donostian, 20.00etan; eta larunbatetan Zarautzen, 12.30ean. Lehena, Izaro Andres izango da, urtarrilaren 27an eta 28an. «Ahots bikainaz gain, disko bikaina ere» kaleratu duela uste dute antolatzaileek. Otsailaren 24an eta 25ean, Su Ta Gar-en txanda izango da. “Maitasunari pasioa” disko berriaren soinu akustikoak ekarriko ditu Aitor Gorosabelek; eta taldearen ibilbidea aztertuko du. Aranzabalek «oso emankorra» izango dela uste du. Azken protagonista Elliott Murphy da, «legenda bat». Debuteko “Acuashow” diskoaren arrakasta esplotatu beharrean, Europara etortzea erabaki zuen. Azken hamarkadetan kultuzko musikaria bilakatu da, Euskal Herrian ezaguna. Martxoaren 31n eta apirilaren 1ean parte hartuko du formatu txikiko emanaldian. Artistek liburu bat gomendatu ohi dute saioan eta Murphyk bere “Paris Stories” lanaren lehen itzulpena ekarriko du. Alboan izango du ekimeneko moderatzaile ariko den Joseba Martin kazetaria. Honek estatubatuarrarekin harremana izateaz gain, hari buruzko “Elliot Murphy. Amerikar bat Parisen” liburua idatzi du.

Literaturak, ezinbestean, tarte garrantzitsua du egitarauan. Irakurle kluba otsailaren 22an elkartuko da Emmanuel Carrere-ren “El adversario” aztertzeko. Hogei bat laguneko talde finkoa osatu badute ere, edonori irekia da. Agirreren hitzetan, «ez da elite bat, jendea elkartzen da literaturaz, liburuez eta bizipenez hitz egiteko». Aurkezpenei dagokienez, Gabriel Kortaren “Maitasunaren indarra” lanarekin hasiko dira, hilaren 26an. Jarraian Luis Haranburu Altunaren “Crepúsculo de Dios: Historia Cultural del Cristianismo en Vasconia”, otsailaren 9an; eta Julio Villarren “Viaje a pie”, otsailaren 16an eta Ibon Sarasolaren “Bitakora kaierak”, otsailaren 22an. Guztiak, 19.00etan.

Azkenik, beheko solairuko erakusketei helduz, Maite Carrillo gasteiztarraren bilduma ikusgai izango da, Donostia gai duten duten margoek osatua.