J.L.
PILOTA

Ducassou eta Larralde prest lehen finalerako

Bi asteko atzerapenaz jokatuko da Superprestigioko finala. Igandean izango da, 16.00etatik aurrera Donibane Garaziko Garat trinketean, eta han neurtuko dira Ducassou eta Larralde.

Buruz Burukoarekin bat egin du eta garbi dago honek ez diola mesederik egiten baina, hala ere, Garatenea erabat beteko da, egungo bi onenen saioak erakarrita. Gainera, eurak laster sartuko dira Buruz Burukoan ere, eta harako erreferentzia bezala balioko die bai beraiei, baita zaleei ere.

Biak dira goi mailakoak, eta bi asteko geldialdi honek ikusi beharko da bietako zeini egingo dion kalte handiena, edo agian biei mesede egingo die, hori finalean ikusiko da. Faborito garbirik ere ez da ikusten, biak beste guztien gainetik agertzen baitira. Hori bai, Larraldek asko sufritu zuen finalerdietan Gonzalez mendean hartzeko, baina segur aski horrek ez du biharko neurketarekin zerikusirik izango. 

Bi pilotariak, oraindik oso gazteak izan arren, azkeneko urte hauetako finaletan elkarren aurka ari dira, eta biek lortu dituzte txapelak. Larralde da lehiaketa honetako egungo txapelduna. Beraz, garbi ikusten da bien artean alderik ez dagoela, eta horrek zaleen nahia indartzen du. Iaz Larraldek emaitza hobeak lortu zituen, eta aurten Ducassouk hori apurtu eta gauzak aldatzea nahiko du.

Buruz Burukoa

Buruz Burukoak ere aurrera jarraitzen du, eta joan den astean atzeratu behar izan ziren bi norgehiagoka jokatuko dira oraingoan. Gaur, 18.00etan, Milafrangan jokatuko da Bilbaoren eta Gixanduten artekoa. Bilbao gripeak jota egon da eta joan den astean ezin izan zuen jokatu, baina osatu da eta gaurkorako prest dago. Garrantzitsua da partida, irabazten duena finalerdietako ligaxkan sartuko baita.

Astelehenean Waltari eta Ospital izango dira aurrez aurre Donibane Garazin, 17.00etan. Azken honek min zuen orkatilan, eta joan den astean ezin izan zuen jokatu, baina badirudi erabat osatu dela, eta etzi ez duela arazorik izango. Hemen Waltari aterako da irabazteko faborito, baina Supreprestigioan ere neurtu ziren biak, eta ordukoan Ospitalek irabazi zuen.