Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

Da Hui Backdoor Shootout 2017: Koa Rothman garaile Pipelinen

Bertako surflariek soilik parte har dezaketen txapelketa ospetsuan sekulako olatuak izan ziren. Da Hui elkarte hawaiiarrak antolatzen duen txapelketa zinez ikusgarria da, baina polemikoa ere bai, duen ibilbide historiko iluna eta izaera baztertzailea dela eta.

Aurten ere sekulako olatuak izan dira Pipelinen, «bertakoek bertakoentzat» egiten duten Da Hui Backdoor Shootout txapelketan. Koa Rothman izan zen irabazlea eta 40.000 dolar amerikarreko txekea jaso zuen oholtzarik gabeko sari banaketan.

Urtarrilaren 12an hasi eta lau egun iraun zuen lehiaketan sekulako olatuak izan ziren, lau metroko olatu borobil eta garbiak, tuboak egiteko ezin hobeak. Mota horretako olatuek eta lekuaren berezitasunak (sakonera gutxi eta korala) arriskutsuak ere badira, ordea, eta ez zen istripurik falta izan.

Gavin Bechen lehiakideak, adibidez, ukalondoa hautsi zuen, baina erorketa larriena Kalani Chapmanena izan zen. Ezker surflariak Pipelineko bigarren urautsian hartu zuen olatu handi bat eta ur ertzera hurbildu ahala, olatua lehen arrezifera iritsi zenean, itzelezko tuboa jaso zen; une horretan Chapman desagertu egin zen. Olatua pasatu ostean uretako motorrarekin zebilen sorosle bat bere taula zegoen lekura hurbildu zen. Taularen txikotatik tiraka hasi zenean surflaria oraindik ur azpian zegoela ohartu zen.

Chapmanek konortea galdu zuen bere taularekin kolpea hartuta. Inguruan ziren lagunek hondartzara atera eta suspertze ariketak egin ostean ospitalera eraman zuten. Zorionez, jasotako kolpeaz harago ez zituen bestelako ondorioak jasan surflari hawaiiarrak.

Lehiakide bakoitzak hartzen zuen olatua ikusgarria zen eta inork baino hobeto ezagutzen duten munduko olatu zailenetako batean bikain aritu ziren guztiak, baina bakar bat izaten da irabazlea, eta aurtengoan Koa Rothman izan da, epaileen esanetan, «ziur aski, aurtengo tuborik ederrena» egin baitzuen.

Hiru urautsi batean

Txapelketa honen izena ulertzeko komeni da Pipeline eta Backdoorren arteko zenbait berezitasun kontuan hartzea. Hastapenetan Pipelinen soilik egiten zen surfa; hau da, olatuaren ezkerraldean (itsasotik lehorrera begiratuta). Denborarekin surflariak eskuinaldean ere surf egiten hasi ziren eta Pipelineren atzeko atea deitu zioten horri, Backdoor. Beraz, olatu berean ezkerraldera joanez gero, Pipeline da eta eskuinaldera joanez gero, berriz, Backdoor.

Pipelinek hiru urautsi edo arrezife dauzka. Lehen urautsia olatuek metro bat edo bi metroko altuera dutenean lehertzen da. Urertzetik oso gertu hausten da olatua, bi aldeetara, ezker-eskuin, baina batez ere eskuinaldeak (Backdoor) ematen du joko handiena. Jaitsiera zaileko olatua izaten da, oso azkarra da eta askotan itxi egiten du, beraz, maila handia izatea eskatzen duen olatua da.

Bigarren urautsia olatuek hiru eta lau metroko altuera dutenean lehertzen da. Tamaina honekin olatua bere onenean egoten da. Jaitsiera zaila izaten da, ur gutxiko leku arriskutsua bilakatzen da, baina tubo bikainak sortzen dira. Gainera, olatuak bi aldeetara jotzeko aukera ematen du, bai Backdoorrera, baita Pipelinera ere, aukera ohikoena Pipeline bada ere.

Hirugarrena ur ertzetik urrunen aurkitzen da eta olatuak lau metro baino handiagoak direnean lehertzen da. Jaitsiera beste bi urautsietan baino errazagoa da eta olatua bigarren arrezifera iristean itzelezko tuboa eratzen da. Arrezife honetan olatuak lehertzen direnean oso gutxitan ikusten dira surflariak Backdoorren surf egiten; izan ere, ez dute olatu guztiek irekitzen eta gainera itzuleran olatu handi batek azpian atzemateko aukera ia ziurra da.

«Backdoor's backdoor»

Beraien olatuetan atzerritarrak txapelketak antolatzen ikusteaz nazkatuta zeudelako hasi omen ziren Backdoor Shootout lehiaketa antolatzen. Abenduan egiten den Pipeline Masters txapelketaren «alderantzizkoa» da. Pipelineko atzeko atea goraipatzean, «beste aldea edo kontrako zentzua» irudikatzen delako. Beraz, izen egokia «atzeko atearen atzealdea» litzateke, alegia «Backdoor’s backdoor».

Makua Rothmanen esanetan, «izenean Pipeline aipatu arren, gehienetan Backdoorren egiten da txapelketa hori. Gu, ordea, ezkerrean lehiatzen gara, Pipelinen; beraz, izenak trukatu beharko lirateke; Backdoor Masters eta Pipeline Shootout».

Backdoor Shootout

Urtarrilean egiten da, itsaski handien sasoian. Lehiakide gehienak hawaiiarrak dira, edo Hawaiin jaiotakoak behintzat. Bi dira sari nagusiak, bata, hiru olatutan puntu gehien bildu dituen surflariarentzat eta, bestea, puntu gehien bildu dituen taldearentzat.

Antolatzaileak Da Hui elkarteko kideak dira, Pipelineko «lokalak», alegia. Youtubeko bideoetan atzerritarrei ukabilkadak ematen eta taulak apurtzen agertzen diren berberak. Urautsian, ordena ezartzea omen da haien egiteko nagusia. Beraietarikoa ez den orok ez du urautsian egoteko eskubiderik eta beraiek uzten dituzten olatuak soilik har daitezke.

Itxuraz, txapelketa apala da. Epaileek puntuatu ahal izateko oholtza bat dute, baina gainontzean ez da apartekorik, ez megafoniarik, ez likra bereizgarririk, ezta ordenagailu bidezko puntuaziorik ere, eta sari banaketa lurzoruan egiten da, baina aldiz, diru sariak handiak dira, babesleek ongi baitakite zer nolako sona duen txapelketak.

Partaide bakoitzak marka izen bat ordezkatzen du eta marka izen bakoitza lau surflarik ordezkatzen dute. Txanda bakoitzean lau lehiakide izaten dira eta ez dago kanporaketarik. Alegia, txandak irauten duen 35 minutuetan ahalik eta olatu onena hartu besterik ez da egin behar.

Olatu batek jaso dezakeen puntuazio altuena hamabi puntukoa da. Denera, partaide bakoitzak hiru txanda egiten ditu eta txanda horietan egindako hiru olatu onenen batura egiten da. Puntuazio handiena lortzen duenak irabazten du.

Da Hui

«Hui» hitzak taldea esan nahi du Hawaiiko hizkuntzan eta «Da Hui» izenak surflari taldea esan nahi du. Ozeanoa eta kultura hawaiiarra babesteaz mintzo den elkartea da, baina helburu nagusia Pipelineko urautsian «ordena» ezartzea da. Horrek ordea, jendea uretatik ateratzea suposatzen du eta askotan «ukabilkadaren bat edo beste banatu behar izaten da».

Ordena ezartzeak suposatzen duenari aurre egiteko prest egon behar da, ordea; beraz, surfean ez ezik, boxeoan eta borroka librean ere aritzen dira Da Hui elkarteko kideak. Haien web orrian ikus daitekeen moduan, elkarteak bi zutabe nagusi ditu, batetik, surfa eta, bestetik, arte martzialak.

Eddie Rothman (elkarteko zuzendaria), Squidd, Perry Dane eta beste lagun batzuek sortu zuten taldea. Batez ere, Australiako marka izenak ziren Hawaiin txapelketak antolatzen hasi zirenak eta bertakoek oso gutxitan hartzen zuten parte lehiaketa haietan. Orduan, «kanpotarrek zor zieten errespetua eskuratzeko» Black Shorts (praka motz beltzak) taldea sortu zuten «bertako zenbait hawaiiarrek».

1976. urtean Pipelinen txapelketa bat egiten zen bitartean, surf egitera sartu ziren Rothman eta bere lagunak, lehiaketarik ez balego bezala. Fred Hemmings txapelketaren antolatzaileak bertako gazte batzuei uretara sartzeko eta txapelketa eremuan zeuden surflari haiek ateratzeko eskatu zien, baina hauek horrela erantzun omen zioten: «Fuck You Haole! Badakizu nortzuk diren horiek? Horiek, Da Hui dira, bertakoak dira eta inor ez da beraiekin nahasten».

Egun hartan hartu omen zuten lehenengoz Da Hui izena, nahiz eta urte askotan oraindik Black Shorts izena erabiltzen jarraitu zuten. Egun oraindik Pipelineko jaun eta jabeak dira eta han surf egin edo txapelketaren bat egin nahi duen orok haien baimena behar du.