Dabid LAZKANOITURBURU
DONOSTIA

Palestinarren alde BDZ Foroak ehunka ekintzaile bildu ditu Donostian

Bigarren urtez jarraian, Mundu Bat eta Palestinaren Okupazioaren Aurkako Elkartasun Sareak (Rescop) erakundeek antolatuta, Euskal Herriko eta Estatu espainoleko ehunka ekintzaile bildu ziren atzo, Miramar jauregian, Boikot, Desinbertsio eta Zigor mugimenduaren (BDZ) Foroan.

Israelek palestinarren aurka daraman apartheida salatzeko nazioartean boikota bultzatzen duen kanpainaren nondik norakoak azaltzeko BDZ mugimenduaren sortzaileetarikoa den Omar Barghoutik eta Europan ekimena koordinatzen duen Riya Hassanek zabaldu zuten goizean foroa, biak palestinarrak.

Barghoutik txalotu egin zituen bertaratutako guztiak, palestinarrei itxaropena berpizten eta Israelek «denoi inposatu nahi digun burdinazko horma apurtzen» laguntzeagatik. Palestinar adituak gogora ekarri zuen nola Shlomo Ben Ami politikari israeldarrak ohartarazi zien palestinarrei justiziaren eta bakearen artean hautua egin beharko zutela eta Henry Kissingerrek quid pro quo-a onartzeko dei egin ziela.

Aitzitik, «ez dugu amore eman», eta Hegoafrikaren ereduan eta AEBetako mugimendu zibilaren borrokan oinarritzen den BDZ kanpainak Israelen aurka «jauzi estrategikoa» egin duela gogoratu zuen, batez ere isolatze akademiko eta kulturalean, eta apurka ekonomian.

Halere, «onartu behar dugu arrakastaren meritu guztia ez dela BDZ mugimenduarena, hau da, mugimendu guztiz inklusibo, ez-identitario, ez-biolento eta konplizitatea bilatzen duen honena». Argitu zuenez, «Israelek sekula izan duen Gobernu arrazistenak zabaldu egin du guk lortu dugun babesa».

«Beste borrokekin uztartu»

Riya Hassan Europan BDZren koordinatzaileak nazioarteko kanpainak izandako emaitzen berri eman zuen. Adibidez, Veoliak Jerusalemen tren arin baten proiektuari uko egin eta Israeleko merkatua utzi zuela aipatu zuen, Orange telefono konpainiak, frantsesa berau ere, gauza bera egin duela gaineratuz. G4S segurtasun arloan munduko enpresa erraldoienetarikoak Israeletik erretiratuko zela agindu zuen iaz, mugimenduak Israelgo kartzeletan 7.000 preso palestinar daudela gogoratu zionean. «Aldaketak lortu ditugu maila makroan, eta inpaktua lortu dugu maila mikroan», aldarrikatu zuen ekintzaile palestinarrak «eta hemen lortu duzuen indarra aitzindari bilakatu da Norvegian, Irlandan...».

Amaitzeko, Hassanek hausnarketa proposatu zien forokideei, palestinarren aldeko borroka beste borrokekin (arma industriaren aurkakoa, errefuxiatuen aldekoa) uztartzeko.