GARA
donostia

Armagabetzea «garrantzi gutxiko kontutzat» du Madrilgo ordezkariak

David Plari, gatazkaren konponbiderako ETAko mintzaideari, GARAk eginiko elkarrizketak hizpide izaten segitzen du. Javier de Andres Gobernu espainolaren ordezkariak adierazi du behar baino «garrantzi handiagoa» ematen diotela armagabetzeari buruzko jarrerari.

GARAk igandean zabaldu zuen David Plari eginiko elkarrizketa ez zaio batere interesgarria iruditu Javier de Andres Gobernu espainolak EAEn duen ordezkariari. Forum Europa delako gosarian horretaz galdetu zioten PPko kargudunari eta hauxe erantzun zuen: «Gehiegizko garrantzia ematen zaio ETAren agoniari».

«Beren buruari gehiegizko garrantzia eskaintzen diote», erantsi zuen Arabako diputatu nagusi izandakoak. «Ez dakit etekinik lortzeko egiten duten, baina dioten guztia interes gutxikotzat jotzen dut», erantsi zuen.

Armagabetzeari mespretxu osoz erantzun dio PPko Gobernuak 2011tik hona. Armak eta lehergailuak «belardi batean uztea» nahikoa zela aipatu zuen lehen Barne ministro zen Jorge Fernandez Diazek. Orain Javier de Andresek nabarmendu zuenez, benetan garrantzia duena hauxe da: «Ez dago ekintza armaturik egiteko moduan, Estatuko segurtasun indarren kontrolpean delako» (antza, 2011ko urriaren 20an ETAk jarduera armatua behin betiko utzi zuela ez du barneratu Gobernu espainolaren ordezkariak). «Horretaz jabetu eta bere helburu guztietan men egin behar du ETAk», ziurtatu zuen atzoko gosarian.

Presoen egoera «arrunta da, ez salbuespenekoa», erantsi zuen De Andresek. «Munduko inongo presondegitan ez duzu erakunde kriminal bereko kidegoa baturik aurkituko, erakunde horietan birgizarteratzea oztopatzen duten hierarkiak beti egoten direlako».

EAJ: «Behingoz amaitu»

Plak eginiko adierazpenek hautsa harrotu dute bereziki Lakua eta EAJren barruan. Urkulluren Gobernuko Bake eta Elkarbizitza idazkari den Jonan Fernandezek atzo Euskadi Irratian berretsi zuenez, traba baldin bada «bidetik aterako dugu» 2014ko abenduan armagabetzerako luzaturiko proposamena. Lakuaren jarrera ETAk beti kritikagai duela salatu du Fernandezek.

Aitor Esteban diputatu jeltzalearen ustez ere, orain arte «Eusko Jaurlaritzak ETAren partetik jaso duen bakarra mespretxua izan da». «Baliteke gobernu espainol eta frantsesak ETAren zulo guztiak kontrolpean izatea», erantsi du, eta armagabetzea «behingoz amaitzea» eskatu du.