Iraia OIARZABAL
HERNANI
Entrevista
LUIS INTXAUSPE
UDALBILTZAKO LEHENDAKARIA

«Harremanak hobetzen ari dira, garai bateko hausturaren ondotik»

Hernaniko alkate eta, 2016ko otsailetik, Udalbiltzako lehendakaria da Luis Intxauspe. Euskal Herriko udal eta hautetsien erakundea hausnarketa prozesu bat abiatu berritan da, «garai berrietara egokitzeko» asmoz. 2017ko udazkenean jarri dute epemuga.

Udalbiltzan Bagabiltza prozesua abiatu du udal eta hautetsien erakundeak aurrera begira hartu beharreko norabidea finkatu asmoz. Herritarrei zabaldutako prozesua izango da. Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariak zertan den azaldu digu.

Hausnarketa prozesua abiatu berri du Udalbiltzak. Zer eman du bere 18 urteetan eta zeintzuk dira orain lehentasunak?

Udalbiltzaren ibilbidea luzea da, 1999an sortu zen adostasun politiko handi eta zabal batekin. 1.000 hautetsik baino gehiagok eman zioten hasiera, baina urte batzuk pasata haustura bat gertatu zen, gero Udabiltzaren judizializazio prozesua etorri zen eta 2011n epaia atera bitartean bere aktibitatea apaldu zela esan dezakegu. 2012an berriro sortu zen, 1999an planteatu ziren printzipio berberekin. Baina antzematen genuen Euskal Herriaren luze-zabalean hautetsien perfila aldatu zela. Bazegoen jende helduaren artean Udalbiltzaren inguruko ezagutza sakonago bat, sorrerako ilusio eta indar hori bizi zituen jendea. Hautetsi gazteagoen artean, ordea, ezagutza edo atxikimendu hori ez zen horrenbestekoa. Orduan planteatu genuen: agian, momentua da Euskal Herrian gertatzen ari diren aldaketak direla-eta Udalbiltzak gogoeta bat egiteko. Egungo Euskal Herrian eta hurrengo urteetan izango dugun errealitate politiko-administratiboan zein da Udalbiltzaren egitekoa?

Gaur egun zenbat udal eta hautetsi daude atxikita?

Udalbiltza juridikoki partzuergo bat da. Esan beharra dago bere garaian epaileak esan zuela Udalbiltza legala zela eta 2014-2015 urteetan Carlos Urquijo espainiar Gobernuaren EAEko ordezkariak hainbat helegite jarri zituela. Helegite horiek Udalbiltzaren aldekoak izan dira eta esaten dutena da partzuergoa ondo eratutako instituzio publiko bat dela. Euskal Herri mailako instituzio publiko bakarra gara eta Udalbiltzak egiten duen lana ez du beste inork egiten. Momentu honetan 68 udal gaude partzuergoko parte garenak, baina gero baditu hitzarmenak beste udal batzuekin. Hautetsiei dagokienez, milatik gora gaude.

Zein da Udabiltzaren «osasun egoera»?

Udalbiltzaren egitura garai berri batean dagoela uste dut, gero eta udal gehiago atxikitzen ari dira. Harremanak ere hobetzen ari dira, eta hori oso garrantzitsua da garai batean haustura egon zelako. Aukera polita dago zubi horiek berreraikitzeko eta zentzu horretan harreman berriak egiten ari gara. Osatzen eta indartzen ari da Udalbiltza.

Haustura aipatu duzu; zehazki alderdi politikoren batekin ikusten al duzue aukera zubi horiek berriro eraikitzeko?

Sortu zenean kolore ezberdinetako hautetsi eta udalak zeuden. Udalbiltzaren printzipioetako bat da Euskal Herriko zazpi lurraldeak aintzat hartzea. Hasieran horiek aintzat hartzen dituzten indar politikoetako hautetsiek osatzen zuten. Haustura egon zenean, indar metaketa hori barreiatu egin zen. Konbentzituta gaude gaur egun, eta gehienbat Nafarroan 2015eko Udal eta Foru hauteskundeetan gertatutako aldaketarekin eta mapa politiko berriarekin, baita Ipar Euskal Herrian Euskal Elkargoaren sorrerarekin ere, Udalbiltza instituzio publiko nazional bakarra izanik, aukerak badaudela elkarlanerako. Elementu ezberdinek adierazten dute hori: Jean Renne Etchegaray elkargoko lehendakari hautatu berriak hizkuntzaren eta kulturaren inguruan duen jarrerak, hegoaldeko herri eta instituzioekiko harremana aipatu du... Momentua da sentsibilitate politiko ezberdinek elkarlanerako espazio horiek topatzeko.

Elkargoarekin harremanetan jartzeko aukera izan duzue?

Bilerarik ez dugu egin elkargoko lehendakariarekin; guk harremana dugu Ipar Euskal Herriko hautetsi, herriko etxe eta auzapezekin eta prozesu horretan buru-belarri ari dira.

Nafarroan denbora gehiago da aldaketa gertatu zela. Zein puntutan dago bertako ordezkariekin duzuen harremana?

Harremana izan dugu alderdi batzuekin, ez denekin, eta asmoa dugu guztiekin izatekoa harremana. Udal ezberdinekin eta kontzejuen federazioarekin kontaktuan egon gara. Sumatzen dugu Euskal Herri osoarekiko irekitasun hori badagoela eta esparru hori aztertzekotan gelditu gara.

Makroak diren aldaketa horiez aparte, gobernuen edo elkargoaren kasua izan daitezkeenak, udal txikiekin lan egiten dugu eta horien arteko elkarlanerako esparruak indartsuagoak dira orain. Horrek asko laguntzen du herritarren arteko kohesioan, baita elkarlanean programa ezberdinak garatzeko aukeran ere, dela kulturan, dela hizkuntzan, tokiko garapenean edo garapen ekonomikoan.

EAEn aurreko legegintzaldian Udal Legea onartu zen. Udalbiltzak zer irakurketa egiten du?

Udal Legean zehazki jasotzen da, 107. artikuluan, lurraldeen arteko lankidetza, eta aipatzen da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako toki erakundeek lankidetza hitzarmenak sinatu ahal izango dituztela Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Behere edo Zuberoako toki erakundeekin. Zentzu horretan, udal legean horrela jasotzea oso interesgarria iruditzen zaigu, toki entitateoi eskuduntza hori ematen digulako.

Horren harira, Eudelekin zer nolako harremana duzue?

Eudel Euskal Autonomia Erkidegoko udalei erantzuten dien antolakunde bat da, funtzio zehatz batzuekin. Udalbiltzaren izaera beste bat da. Eudel elkarte bat da eta Udalbiltza instituzio publiko bat da, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duena eta lurraldeen arteko kohesio eta garapen orekatu hori lantzen duena, Euskal Herria bera subjektu politiko bezala hartuz. Iruditzen zaigu nazioartean ere Euskal Herria subjektu bakar bat bezala ordezkatzen duela. Komatxo artean, ez daukate zerikusirik, nahiz eta batek eta besteak egiten duten lana osagarria den. Udalez osatuta gaudenez, elkarlanerako esparrua zabaltzen du eta hori bilatzea da gure asmoa.

Hainbat bilera izan dituzue azken asteetan. Zein ondorio atera dituzue?

Harremanak zabaldu nahi ditugu. Helburua elkarlanerako espazioak bilatzea da, iruditzen zaigulako beste momentu politiko batean gaudela. Udalbiltza sortu zenean Lizarra-Garazi prozesua martxan zegoen eta alderdi batzuen arteko batasuna zegoen, bazegoen halako ilusio bat. Orduan zeuden oztopo batzuk desagertu dira eta horrek lagundu dezake sentsibilitate ezberdinen arteko zubi horiek eraikitzen.

Hausnarketa prozesu honen bidez, zer nolako erakundea izatera jo nahi duzue?

Euskal Herriaren instituzionalizatze horretan non egon nahi dugun eta ze lan ildo izango ditugun zehaztu behar dugu. Baita hori egiteko ze antolaketa beharko dugun ere. Hausnarketa hori ez dugu bakarrik hautetsiekin egingo, maiatzetik aurrera herritarrei ere zabalduko diegu. Eragileekin ere hitz egin nahi dugu. Oso prozesu zabala da.

Epemugarik jarri duzue?

Prozesua uda aurretik egitea aurreikusten dugu. Ekarpen guztiak jasota, udazkenean Udalbiltzak batzar nazional bat egingo du eta hor onartu beharko dira hurrengo urteetarako lan ildoak eta antolaketa.