Maitane ALDANONDO
Oñati

Ekintzailetza, lidergoa eta talde lana jardunez ikasteko bidaia

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza ikasten ari den gazte talde batek My Way egitasmoa sortu du, Interraila eta udalekuak uztartzen dituena. Graduko metodologia eta balioetan oinarrituta, bizitzen ari diren eraldaketaren parte egin nahi dituzte nerabeak.

Meikinn Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek osatutako elkartea da. Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza (LEINN) graduko bigarren mailako ikasleak dira. Eginez ikasteko gauzatzen dituzten proiektuen artean, iaz Meikinn Europe egitasmoa sortu zuten; Interrail bidaia eta udalekuak uztartuta. Lehen aldiko eskarmentutik ikasita, berrituta eta hobetuta dakarte, My Way izenpean. Bidaia, hizkuntza eta balioak dira oinarria. Graduan ikasten ari diren hori transmititu nahi diete nerabeei: ekintzaile sena, lidergoa nahiz talde lanean trebatuz. «Etengabe ikasten aritzeaz gain, transformazio bat jasaten ari gara. Besteei transmititzeko beharra sortu zaigu, batez ere, gazteei», argitu du Nora Kortabarriak. Berak, Aintzane Agirre, Oihane Aizpurua eta Sara Menendezekin batera, kudeatzen du «eraldatzailea» izatea nahi duten ekimena.

Bi ibilbide prestatu dituzte Europako hainbat herrialde zeharkatzeko: “The New” (Frantzia, Italia, Kroazia, Hungaria, Austria, Polonia eta Txekia) eta “The Original” (Frantzia, Belgika, Herbehereak, Alemania eta Txekia). 14 eta 18 urte arteko 20 lagunek parte hartu ahal izango dute uztailean egingo dituzten bi txandetako bakoitzean –3tik 16ra eta 17tik 30era–. Euskal Herritik Parisera elkarrekin joango dira; han, ordea, hamarrek bide bat hartuko dute, eta beste hamarrek, bestea. Pragan elkartuko dira berriro eta sorpresazko helmugara joango dira. «Hasi bezala, amaitzea ere garrantzitsua da. Europako egoera ikusi ondoren, hemengo gure egoera ikusiko dugu. Nondik gatozen, non gauden eta nora goazen», dio Kortabarriak.

Batetik bestera egingo duten bidaia ez da ohikoa izango, txoko berriak ezagutzeaz gain, gazteek erronkaz betetako hezkuntza programa bati jarraituko baitiote. Leku esanguratsuetara bisitak ez dira faltako, baina horiekin batera, esaterako, networking saioak egingo dituzte. Horietan tokian tokiko herritarrekin edo turistekin harremana izan beharko dute, lekua eta kultura ezagutzearekin batera hizkuntzak erabiliz eta autonomia indartuz. Horrez gain, taldean gainditu beharreko probak ere proposatuko dizkiete, modu ludiko eta dinamikoan gertakizun historikoak edo kulturalak barnera ditzaten. Agirrek azaldu duenez, herrialde bakoitzean bizpahiru egun pasako dituztenez, egunetako batean, bizipenak partekatuko dituzte, «helburuak betetzen ari direla ikusteko eta ikasitakoari forma emateko». Halaber, ibilbide osoan zehar osatzen joan beharko duten erronka nagusi bat ere izango dute.

Etorkizunera begirako proiektua

Programa oinarria besterik ez da, gazteak euren esperientzia sortzen joango baitira, deliberatzeko gaitasuna landuz. «Konturatu gara, zu zure esperientziaren, istorioaren, protagonista zarenean askoz gehiago disfrutatu eta ikasten duzula». Taldea zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta dinamikoagoa denez, partaideak bosnaka jarriko dituzte eta multzo bakoitzari coach –aholkulari– bana egokituko diote. Kortabarriaren hitzetan, «laguntza emango diegu, aholkuak, baina malgutasunez, beraiek egiten dutenaren balioaz jabetu daitezen». Eguneko aurrekontua eta denbora kudeatu beharko dute, dinamika bakoitza noiz eta nola egin erabakiz. Herrialde bakoitzean lider bat egongo da, goizero abiatzeko dena prest dagoela ziurtatu beharko duena. Gainera, Agirrek argitu duenez, «taldeko kaosari edo egoerei nola aurre egin jakin beharko du, denen artean erabakiak hartzen joateko».

Izen emateak 1.520 euroko kostua du eta leku guztiak bete arte parte hartzeko aukera izango da. Informazio guztia www.mywayroutes.com atarian eskuragarri dago.

My Way esku artean duten proiektu garrantzitsuena da eta eurak ere asko ikasten ari dira, hobetzeko bide berrietan pentsatuz. «Sortzean ez genekien eta oraindik ere ez dakigu noraino helduko den; baina gure helburua da graduko lau urte hauetan jo eta su aritzea ahalik eta produkturik onena sortzeko. Baina baita hortik aurrera ere jarraitzea. Gure pasioak lotzen ditu eta ahalegin handia egiten ari gara. Aurrera goaz eta sinesten dugu», aitortu du Kortabarriak.

Lau lagun arduratzen dira egitasmoaz, baina Meikinneko gainerako kideek ere laguntzen diete beraien gaitasunak eskainiz behar dutenean. Era berean, ikasketa prozesuaren parte diren elkartearen bestelako proiektuetan ere jarduten dira laurak. Aurrera daramatzanen artean, ingelesa ikasteko hilabeteko egonaldiak kudeatzen dituzte atzerrian, arazoei irtenbide berritzaileak bilatzeko jarduerak antolatzen dituzte, musika talde hasiberriei babesa ematen diete euren kontaktuak baliatuz, edota drone enpresa batekin elkarlanean aritzen dira.