Asier AIESTARAN
PILOTA

Azken aukera izan litekeela sinistuz, aurrekariak ahaztu

Olaizola II.ak eta Untoriak ligaxkan jokatutako bi partidak irabazi dizkiete Elezkano II.ari eta Zabaletari.

Finalerdietako lehen jardunaldian euren neurketak galdu ondoren, bigarrenekoa irabaztera derrigortuta daude Olaizola II.a-Untoria eta Elezkano II.a-Zabaleta. Larunbatean neurtuko dituzte indarrak Labriten eta, Binakako Txapelketak utzi dituen aurrekariak ikusita, badirudi Aspekoek ez dituztela aurkari onenak aukeratu beren etorkizuna jokoan ipintzeko.

Kontua da Danelek eta Jose Javierrek Aimar eta Alvaroren kontra aurreneko ligaxkan jokatutako bi neurketak galdu egin zituztela. Elkarren aurkako lehen norgehiagoka Zierbenan jokatu zuten, bigarren jardunaldiari zegokion deman, abenduaren 8an, eta orduan Asegarcekoek 22-19 irabazi zuten. Bigarren itzuliko neurketa 10. jardunaldian iritsi zen, otsailaren 5ean, Bilbon, eta hor ere Olaizola eta Untoria nagusitu ziren 22-15. Bistan denez, emaitzak ez dira horren argiak izan, baina bitik bi irabazi edo galduta, aurrekari horiek izan ziren hizpide atzo egindako material aukeraketan.

«Pilota gutxi galtzen baditugu nik uste irabazteko aukerak ditugula. Ea ongi hasten garen, ze hor egon daiteke gakoetako bat», zioen, baikor, Jose Javier Zabaletak. Etxarrengo atzelariak partida kaxkarra jokatu zuen aurreko igandean Eibarren, eta bere maila onenera itzuli beharko du garaipena eskuratu nahi baldin badu.

«Lo gutxi egin nuen. Bai, eman genizkion buelta batzuk buruari. Egun hauetan burua beste gauza batzuetan edukitzen saiatu naiz eta ea larunbatean partida ona ateratzen den», gaineratu zuen nafarrak gertatutakoari buelta eman nahian. Danel Elezkanoren konfiantza behintzat ez du galdu. «Ez daukat zalantzarik. Jose Javier bezalako pilotari handi bat ohituta dago horrelako txapelketak jokatzen eta ziur nago larunbatean partida handi bat egingo duela», esan zuen atzelariari buruz ziurtasun osoz.

Zaratamoko aurrelaria, bestalde, arazotxo batzuekin ibili da azken asteotan. Lehen ligaxkako azken partida ez zuen jokatu eskuko mina tarteko, eta aurreko igandean, eskua odolduta ikusi zitzaion Astelenako neurketan. Azaldu zuenez, «pasa den astean ebaki txiki bat egin eta odol apur bat bota nuen, baina minik ez nuen sentitu. Egun hauetan saiatu naiz eskua ez behartzen, berotu bai baina gehiegi behartu gabe, zauria ongi ixteko».

Zorionez, zauri horrek ez omen du zerikusirik aurrez izan zuen eskuko minarekin: «Eskuko minari dagokionez igandean oso pozik geratu nintzen. Ez nuen minik sentitu, ondo libratu nuen eskua, eta uste dut asmatu egin nuela».

Materiala da pista onena

Lehen jardunaldiko gorabeherak ahaztuta, ordea, larunbatera begira daude jada bi bikoteak, eta norgehiagoka nondik joan daitekeen aukeratutako pilotek azaldu dezakete ederki asko. «Uste dut beraienak frontisetik oso gutxi ateratzen direla, eta lurrean gehiago ibiltzen dira gureak baino», onartu zuen Zabaletak, Olaizolari pilota kentzea zaila izango delakoan. «Hori bilatu dute, nik Aimar ez pasatzeko», gehitu zuen argi.

Eta Aimarri buruz zer esan, ba horrenbeste aldiz egin duena beste behin egiten saiatuko dela. «Beste final bat da. Azken hilabete eta erdi honetan final asko jokatzen ari gara, derrigorrez irabazi beharreko partidak», zioen irribarre txiki batekin, finalak, benetakoak ere bai, jokatzen espezialista handia den aurrelari goizuetarrak.

Espero duen neurketaz, sekretu gutxi: «Normalean beraiek dominatuko dute, Zabaletak asko jotzen duelako, eta gu gurean saiatuko gara: defenditu, sufritu, eta nik aukera dudanean jokoan sartu». Izan ere, «guretzat Txapelketan partida gehienak horrelakoak izan dira».