Amalur ARTOLA
GASTEIZ

«Kulturak laguntzen du gure dimentsio humano osoaren berri izaten»

Laugarren poema-liburua «inoizko narratiboena» atera zaio Zelaietari (Gasteiz, 1973). Aitaren heriotzak piztu zizkion sentipen eta pentsamenduetatik abiatuta, «Ispilu biluziak» bilduman (Pamiela) giza harremanak eta pertsonen barrunbeak arakatzen dituen ispilu-jokoa eraiki du.

Azalak ondo adierazten du liburuaren edukia: «Ispilu biluziak» izenburua alderantziz islatua, irudian ispilu-jokoa...

Ispilua erabiltzea ez da metafora originala, literaturaren historian hainbat aldiz agertzen da; beharbada, ekarpentxoa “biluzi” hori da. “Ispilu biluziak” da irudi bat, metafora bat azken batean zutaz hitz egiteko, edo nitaz, edo hor inguruan ditugun horietaz. Pertsonez. Gizakioz. Denok gara ispilu biluziak, nahiz eta beti jantzita joan eta jantzita agertze horretan enfasia jarri. Eta horrenbeste janzten gara, non gorde ere egiten garen, baina batzuetan zenbat eta gehiago gorde orduan eta gehiago erakusten dugu. Elkarren ispilu gara.

Lehen poeman, «Ni biluztean, zu biluzten zara» diozu. Zu biluzteaz bat irakurlea ere biluztea izan duzu asmo?

Biluzik agertzeko indar handia behar duzu, zeure burua oso landua izan behar duzu; errazagoa da jantzita edo gordeta agertzea biluzik agertzea baino. Hemen badago biluztearen aldeko apustu bat, estetika bat, ez dena exhibizionismoa baizik eta modu bat konturatzeko biluzia gauza indartsua dela. Hor bada mekanismo bat, zeinaren bidez norbera biluzten denean kurioski mundua ere biluzi egiten den, eta orduan gauzak beste era batera ikusten dira.

Beste begirada hori eraikitzeko inoizko poesia narratiboena erabili duzu. Hautua izan da edo horrela atera zaizu?

Hautua izan da, baina segur aski atera ere hala egin zait neurri handi batean. Laugarren poema liburua dut eta, bai, inoizko narratiboena da. Are gehiago: aitortzen dut badirela poema batzuk kasik mikroipuin bezala funtzionatzen dutenak. Hor mugak ez daude batere argi... Nik momentu batean deskubritu nuen mugaldekoa naizela, metaforikoki eta bestela ere. “Mugaldekoak” (Susa, 2004) poema liburuan ere, erantsi bat sartu nuen, ipuin batekin. Azken batean, bizitza genero mistoa delako eta niri beti interesatu izan zait gehiago mugaldekoa dena, hibridoa, eklektikoa, nahiz eta hori askotan heterodoxotzat edo okertzat hartzen den. Gustatzen zait, ezin dut ebitatu (barrez), eta esango nuke batzuetan horrek aukeratzen nauela ni. Baina, kasu honetan, egia da genero literarioen aldetik mugakoa dela: poesia narratiboa da.

Hiru atalek, «Zu», «Hura» eta «eta ni»-k, banatzen dute liburua. Zergatik banaketa hori?

Pertsona guztiez hitz egiteko modua delako. Guztien izenean hitz egin nahi nuen, literaturan betiere, iruditzen zaidalako bakoitza dela den bezalakoa baina gero mila gauza daudela konpartitzen ditugunak. Eta zergatik ordena hori eta ez gramatikala? Batetik, soinu aldetik goxoagoa iruditzen zitzaidalako “ni” horretan bukatzea eta, bestalde, ikusten nuelako interesgarriagoa zela nigan bukatzea, mundu ageriago batean, parterik pertsonalenean.

Hasieratik oso presente dago heriotzaren gaia. Aitaren heriotza. Gaiak jauzi egiten du atal batetik bestera.

Jauzi egite horrek badu zerikusirik ispilu-etxe bat antolatzeko nuen ideiarekin. Banuen, hain biderkatua izan gabe, isla askoko zerbait eraikitzeko asmoa. Islak, gure islak, hor agertzen diren pertsonen islak... modu ispilatuan agertzen dira eta zubiak eta zuloak daude, poema batzuk elkarri lotuak daude.

Edozein lanetan, hasiera eta bukaera dira inportanteenak. Gogoeta egin nuen eta erabaki nuen aitaren heriotzarekin nahi nuela hasi. Baina ez nuen esan nahi lehen pertsonan. Liburu honetan presente dago aitaren heriotza, bere prozesua, eta ni nintzen harekin harreman handiena zuena. Gu hiru anaia gara, ez dugu arrebarik, eta niri tokatu zaizkit zaintza lanak (hau modu kritikoan diot, jakina) eta horrekin hasi nahi nuen.

Dolu prozesuan hasi nintzen etxean hainbat testu idazten, liburua osatzeko asmorik gabe, eta ikusi nuen alderdi pertsonal eta terapeutikotik hasi zenaren gainean poliki-poliki ideia bat joan zela mamitzen eta erabaki nuen horretan ez geratzea. Izan zitekeen monografiko bat, dolu-liburu bat (zergatik ez?), baina ez; heriotzaren gaia berez potentea da eta gero eta ahots gehiago entzuten dira heriotzaren gaia naturalizatzearen alde, baina oraindik ere Coca-Cola-ren gizartean bizi gara. Heriotza egunerokotasun horretatik tratatzea, ispilatuta, interesgarriagoa iruditzen zitzaidan. Orduan erabaki nuen dolu-liburu bat ez idaztea, baina dolua izatea ispilu-joko horretako isla nagusia.

Bitxia egin zait dolua eta biluztearen ideia hori uztartu izana, heriotza horren desnaturalizatua dagoen gizarte honetan.

Ba bai, baina niretzat prozesua bera ez da zaila izan. Ez naiz idazle profesionala, ez naiz literaturatik bizi, eta horrek baditu abantailak: nagusia, askatasuna. Hau da, nik idazten dut irakurria izateko, hori argi dago, baina idazten ditudan gauza asko minoritarioak dira; poesia idaztea oso minoritarioa da eta kontziente naiz jende gutxik irakurriko nauela. Eta horrek askatasuna ematen dit. Idazten dudana benetan idatzi nahi dudana da, edo behar dudana, edo lagungarri zaidana, ez hainbeste zentzu hertsiki terapeutikoa, baizik eta zentzu humanoan, mundua hobeto ulertzen edo antolatzen laguntzen didalako. Alde horretatik, ez zait zaila suertatu, beharra edo laguntza edo nahia izan delako. Baina, bai, egia da dolua eta biluzik agertzearena ez direla oso kontu argiak.

Giza harremanak eta familia oso presente daude bilduman, baina gizarte gaien gaineko ale batzuk ere ekarri dituzu.

Interes multipleak edukitzea arazo bat da bizialdi mugatu eta laburra duzunean (barrez). Gauza gehiegi interesatzen zaizkit eta kezka edo interes soziopolitikoa beti izan dut, are gehiago, niretzat erronka da urteak bete ahala kezka soziopolitikoari eustea. Literaturaren alorrean, batzuetan badirudi idazle helduak literaturaren autonomia hutsean sinesten duela, literatura egin behar dela eta kezka soziopolitikoak eta halakoak alde batera utzi behar direla. Nik halakoak sumatu izan ditut inoiz zenbait girotan. Baina niri ez zait interesatzen hori, nik pertsona ulertzen dut, besteak beste, kezka soziopolitiko batzuen inguruan, bere kezka pertsonal, mundu intimo eta bestelakoekin batera jakina, horiek ispilu osoaren puska diferenteak baitira.

Aurreko poema-liburuan, “Aldaira urdinak” (Alberdania, 2010), eranskin gisa agertzen zen poema “Kezka soziopolitikoari eustea” zen, orduan ere ikusten nuelako literaturan edo kulturan nolabaiteko fazeta publikoa duten pertsona batzuk heldutasunaren izenean kezka politikoa edo salaketa baztertzen dutela, badirudielako salatzearena, protesta egitearena, gaztetasunarekin bat datorrela. Bueno, ba etorriko da, ados, baina nik salaketa, protesta eta heldutasuna elkarren lagun oso ondo ikusten ditut.

Amets egitearen aldeko aldarria ere badago.

Oinarrizkoa da. Eta lotua dago aurrez esan dizudanarekin: badirudi hori [amestea beharrezkoa dela] esatea nahiko gauza puerila dela, inozokeria gure garai postmoderno likido hauetan... Amets egitearen ahalmen hori oso gurea da, oso humanoa, eta deskribatzen gaitu neurri handi batean. Badugu aukera aurrean dugun errealitate hori, buruz bada ere, transformatzeko eta horrek errealitatea hobetzen lagun gaitzake. Hori ezin dugu galdu, horri ezin zaio muzin egin. Pertsona batek ez badu amets egiten minimoki, neurri batean hilda dago. Gure kezka bakarra hilabete bukaerara iristea edo lan bat izatea bada, benetan pertsona pobreak gara. Nik uste dut literaturak, arteak, kulturak... gure dimentsio humanoaren berri izaten laguntzen dutela. Amets egitea beti izan da gauza humanoa eta nik uste dut beti izan behar duela gauza humanoa. Poema horretan sartu dut Alfonso Sastreren aipu bat Rogelio Botanz-ek abesten duena.

Bai, eta oker ez banago, lehen aldiz erabili dituzu aipuak.

Aldaketa egon da, bai. Literatur tradizioan ohikoa da aipuak erabiltzea eta, zentzu horretan, orain egin dudana da zerbait estandarragoa. Orain arte zer egiten nuen? Aurreko hiru liburuetan nahita ez nuen esaten autoritaterik, nik denetik hartzen dudanez ezinezkoa egiten zaidalako goiko edo beheko bizilagunari edo Bertolt Brecht-i lapurtu diodan zehaztea. Hor gertatzen da nik badakidala Brecht aipatzeak emango didala estatus pixka bat, ez baitzen edonor izan, baina beharbada zugandik ere oso gauza interesgarriak entzun edo ikas ditzaket. Gero eta gehiago aldarrikatzen den interakzio hori da, azken batean, ezagutza iturri.

Eta zer pentsatu zenuen, ea zergatik ez aipatu biak, goiko bizilaguna eta Brecht?

Horixe. Orain arte ez banuen aipurik aipatzen izan da iruditzen zitzaidalako iruzur pixka bat egiten dugula, aprobetxatzen ditugula “gure irakurketak”, irakurketa klasikoak eta autore ezagunak, eta horien bidez gure lanari ere ospea ematen diogula. Hemen erabaki nuen modu klasikoagoan agertzea aipuak, eta, Brecht bezala, agertzen dira Peret eta “Lekuko bat”, uste baitut idazle batek beti erne egon behar duela, bizitzari begiratzen ikasi, eta horretarako dena da interesgarri. Dena da ispilu.

Mugaldekoak aipatu duzu hainbat aldiz: zure poesia liburutik eratorritako musika taldea ere bada. Baduzue proiekturik esku artean?

Bai, oraintxe ari gara gure erritmo gasteiztar-brasildar-bidasoatarrean lanean (barrez). Mugaldekoen hirugarren diskoa udazkenean aterako dugu, Gaztelupeko Hotsak-ekin. Aurregrabazioak eginak ditugu jada.

Hemengo alerik entzungo da?

Bakarra, “Beldurrak ez du barkatzen”. Mugaldekoak-en lehendabiziko etapa nik argitaratutako poema-liburuaren haritik izan zen, bigarren diskoa antologia moduko bat izan zen, hainbat poeta ezagunen lanekin-eta, eta oraingo honetan berriro ere sortzera jo dugu. Oraingoan ere, ezustea, umorea eta zerbait integrala eskaintzen saiatuko gara.

 

«Matxismoak baditu desabantailak gizonezkoentzat ere, eta horietako bat da aitatasuna nola ulertu den»

Aita oso presente dago «Ispilu biluziak» lanean, baina baita aitatasuna, aita izate hori ere. Gaiak arduratzen zaitu?

Bai, arduratzen nau. Aitatasun aktiboak arduratzen nau. Hemen bakoitzak ikusi behar du nola dagoen mundu honetan, eta nik nahiko argi dut aspalditik aita aktiboa izan nahi dudala. Oso gizarte matxistan bizi gara, hori batez ere emakumeek dakizue ongi, baina matxismoak ere baditu bere desabantailak gizonentzat, eta horietako bat da aitatasuna nola ulertu den. Ni gizona naiz, aita naiz, eta, nik ezagututako eredua ez zaidanez gehiegi gustatu, saiatzen naiz, beste batzuekin batera, berria eraikitzen edo behintzat zegoena zalantzan jartzen.

Hor, adibidez, badago kontraste bat: nik aita maite nuen, baina ideologikoki eta aitatasunaren aldetik sekulako diferentziak genituen. Liburuan kontraste hori ere ageri da, baina saiatu naiz ez juzgatzen. Gazteagoa nintzenean eta gutxiago nekienean, juzgatzera jotzen nuen eta orain konturatzen naiz –espero dut bigunkeria ez izatea– interesantea ezagutza dela. Baditut iritzi batzuk ondo zorrotzak, baina zenbait egoeratan gero eta gehiago kostatzen zait juzgu bat ematea, batez ere gutako bakoitza ulertzea interesatzen zaidalako. Eta literaturak horretan laguntzen du.

Pertsonok kontraesanez beteta gaude. Ni guraso artean mugitzen naiz, hezkuntzaren munduan... eta egunerokoan ustezko normaltasunaren barnean entzuten diren zenbait komentario izugarrikeriak iruditzen zaizkit, horregatik da niretzat inportantea aitatasun aktiboa, nik nahi dut gozatu, eraiki, deskubritu, nahiz eta horretan arazoak izan edo ez jakin zer egin behar dudan, erreferenterik ez dudalako.

Gaur egun zaila da aitatasun aktibo hori aurrera eramatea?

Badira eta bagara gero eta gehiago, baina argi dago errazagoa izaten dela beti korronte nagusiarekin bat aritzea. Hau ez da korronte nagusia, nahiz eta gorako bidean egon eta jada ez den kontu marjinala. Baina hor ere esango nuke, emakume feministei gertatzen zaien bezala, teoria eta diskurtso oso interesgarriak daudela, baita praktika potenteak ere, baina eguneroko praktikan... aski da begi-belarriak irekitzea.A.A.