20/03/2017

Gold Coast Pro 2017: Wright eta Gilmore txapeldun

Lehen mailako txapelketak Australian hasi dira eta bertan jarraituko dute hurrengo asteetan. Itzuliko lehen txapelketan olatuek ez zuten lagundu, baina lehiakideek ikuskizun oparoa eskaini zuten. Irabazleak, Stephanie Gilmore eta Owen Wright australiarrak izan ziren.

Haritz LARRAÑAGA|DONOSTIA
0320_its_wilko

Hasi da ikuskizuna. Urtero legez, lehen mailako itzulia (World Championship Tour) Australian hasi da, munduko eskuin olatu luze eta ederrenetako batean, eta berriz ere, bertako surflariak nagusitu dira.

2017ko munduko titulua lortzeko aukera duten 34 mutil eta 17 neskak indartsu aritu ziren iragan larunbat gauean amaitu zen Gold Coasteko txapelketan, baina guztien gainetik bi lehiakide nabarmendu ziren, Owen Wright eta Stephaine Gilmore.

Indar apur bat falta

Txapelketa martxoaren 14an hastekoa bazen ere, egun bat beranduago egin zituzten lehen errondak eta martxoaren 19an amaitu zen. Metro bateko olatu polit eta garbiak izan ziren Gold Coast-en txapelketak iraun zuen artean, baina ez ziren filmetan Snapper Rockseko urautsian agertzen diren ohiko olatu biribil eta azkarrak, indar apur bat falta zen.

Hala ere, ohi baino olatu handiago bat etortzen zen bakoitzean lehiakideek ez zuten pasatzen uzten eta tubo politak ere ikusi ahal izan ziren.

Mota guztietako ariketak egiteko aukera eskaintzen zuten olatuak izan arren, lehiakideek bira zabalak egitearen aldeko apustua egin zuten, antza, epaileek nahi zutena horixe bera baitzen. Horregatik, airekoek baino ariketa klasikoek izan zuten arrakasta, halako baldintzetan airekoak egiteak meritu handirik ez duelako eta azken urteetan epaileek olatua marrazteko moduari garrantzia handia eman diotelako.

Aurpegi berriak

Urteko lehen txapelketa aukera ederra izaten da surflari ezagunenak sasoian dauden ikusi eta lehiakide berriak zeintzuk diren ezagutzeko. Mutilen kasuan, Top 34 zerrenda osatzen duten surflarien jatorriari dagokionez, aldaketa nabarmenak izan dira azken urteetan eta aurtengoa horren adierazle garbia da.

Hawaiiarrek eta estatubatuarrek indar handia galdu dute, gehiengoa australiarrek osatzen dute eta brasildarren presentzia ere kontuan hartzekoa da. Gauzak horrela, 2017ko mutilen CT rankinga 12 australiarrek, 9 brasildarrek, 4 estatubatuarrek, 4 europarrek, 3 hawaiiarrek, tahitiar batek eta hegoafrikar batek osatzen dute.

Aurtengo berrikuntza europarren eskutik etorri dela esan daiteke, hawaiiarrak baino gehiago baitira, eta hori berria da. Jada lehen mailan zenbait urte lehiatzen daraman Reunion Uharteetako Jeremy Flores ezagunari, Joan Duru frantsesa, Frederico Morais portugaldarra eta Leonardo Fioravanti italiarra gehitu zaizkio.

Nesken kasuan ohiko aberriak gailentzen dira oraindik, baina apurka europarrak, batez ere frantsesak, lekua hartzen ari dira. Top 17an, aurtengo sasoian, guztira, 7 australiar, 4 hawaiiar, 3 estatubatuar, 2 frantses eta brasildar bat daude.

Bereziki txapelketa honetarako gonbidapen wildcarda eskuratu zuten lehiakideen aurpegiak, ostera, ez ziren hain ezezagunak, ez behintzat mutilen kasuan. Nesken wildcard gonbidapena eskuratu zuen Alysa Locke ez da surflari famatua, baina mutilen bi wildcardak Mikey Wright eta Nat Youngentzat izan ziren.

Lehena, Owen eta Tyler Wrighten anaia da. Alegia, urteko lehen txapelketa hau irabazi zuen Owenen eta iazko nesken mundu txapela irabazi zuen Tylerren anaia. Nat Young, berriz, iaz lehen mailan aritu zen, baina urte amaieran ezin izan zion postuari eutsi eta aurten bigarren mailan (QS) arituko da.

Bertakoak nagusi

Australiarrak dira nagusi goi mailako lehian. Lehen mailan lehiatzen den australiar kopurua eta horiek lortzen dituzten emaitzak ikusi besterik ez dago horretaz ohartzeko. Urteko lehen CT txapelketa horren adierazle ezin gardenagoa izan zen.

Mutiletan, adibidez, zortzi lehiakideetatik lau australiarrak ziren final-laurdenetan eta beren artean lehiatu behar izan ez balute, finalerdietan lehiakide guztiak australiarrak izateko aukera handia zegokeen. Nesken kategorian, ostera, bost australiar ziren final-laurdenetan.

Owen Wright eta Matt Wilkinson izan ziren buruz buru finalean mutilen lehiaketan. Final bitxia izan zen, biak ezker surflariak baitira eta ez da batere ohikoa eskuin olatu batean bizkarka doazen bi lehiakide finalera iristea. Bikain aritu ziren bi lagunak eta sekulako ikuskizuna eskaini zuten.

Wilkinsonek iaz bezala, Snapper Rockseko txapela eskuratu nahi zuen, baina bere aurkariak olatu hobeak hautatu zituen. Edonola ere, bi lehiakideek hasiera ezin hobea eman diote aurtengo itzuliari. Wilkinsonek iaz ere sekulako indarrarekin hasi zuen CT zirkuitua, baina urteak aurrera egin ahala behera egin zuen.

Aurtengo CT itzulia osatzen duten hamaika txapelketatik lehena irabazi ostean, ranking orokorreko lehen postua ere eskuratu zuen Wrightek; beraz, hurrengo txapelketetan mailari eusteko gai izango ote den ikustea falta da. Paradoxikoki, nesken iazko txapela Owenen arrebak irabazi zuen Snapper Rocksen.

Nesken txapela, Snapperseko urautsia ezin hobeto ezagutzen duen lehiakide batek irabazi zuen. Sei bider nesken munduko txapela irabazi duen Stephanie Gilmorek, seigarren aldiz Gold Coasten irabazi eta sasoi ezin hobean dela erakutsi zuen. Bigarren postua, Tyler Wright kaleratu zuen Lakey Peterson estatubatuarrarentzat izan zen.

CT itzuliko bigarren geldialdia Australia mendebaldean izango da, Margaret River urautsi mitikoan, eta han izango dira berriz ere joan den astean uharte erraldoiaren ekialdean lehian izan ziren surflariak.

EUROPAR GEHIAGO


2017ko mutilen CT rankingean 12 australiar, 9 brasildar, 4 estatubatuar, 4 europar, 3 hawaiiar, tahitiar bat eta hegoafrikar bat daude. Beraz, berrikuntza europarren eskutik etorri da.

GILMORE INDARTSU


Sei bider nesken munduko txapela lortu duen Stephanie Gilmore australiarrak seigarren aldiz Gold Coasteko txapelketa famatua irabazi eta denboraldi berrirako sasoi betean dela erakutsi zuen