Maider IANTZI
ERRENTERIA
> OIARTZUALDEA

Sentsibilitate ezberdinen arteko ariketa ederra eskualde bizi-bizian

Aniztasuna du ezaugarri Oiartzualdeak. Horren isla da Lezok, Oiartzunek, Pasaiak eta Errenteriak Euskal Herriaren etorkizun politikoari buruzko kontsultarako galdera desberdinak aukeratu izana, Errenteriaren kasuan bi: «Ados zaude euskal errepublika burujabe bat eratzearekin? Baiezko kasuan, ados zaude independentea izatearekin?».

Goizean goizetik jarri dira martxan hainbat eta hainbat boluntario –orain arte aktibatu ez direnak ere bai tartean, erran digutenez– bozkalekuak prest izateko eta erabakitzeko lehendabiziko pauso hau ongi, berme guztiekin, emateko. 61.114 lagun daude botoa ematera deituta. Horretarako, 30 hautesleku eta 43 mahai atondu dituzte.

Gehienak Errenterian daude. 16 urtetik goitiko 33.435 pertsonak eman dezakete botoa hemen, herri osoan banatutako 14 bozkalekuetan. 7.30erako mahaietan zeuden arduradunak, 9.00etan ireki dituzte ateak eta poliki-poliki herritarrak animatzen hasi dira.

Eguraldi ederrarekin Alamedako terrazak beteta ageri dira eguerdian. Brokante azoka bat ere ireki dute. Dantzariekin topo egin dugu Biterin, joaldunak aditu ditugu Fanderian, danbor- jotzaileen ikuskizunaz gozatu Alamedan; hauteslekuen atarian txalapartariak saioa eskaintzen ari dira. Herri bizia da Errenteria beti, baina gaur egun berezia da, Euskal Herriaren etorkizun politikoaren gainean erabakitzen hasteko eguna.

Auzoetako jarduna, gakoa

Biterikoa da bozkaleku nagusia eta bertan dabil jende gehien. Atean dira Aitor eta Olaia boluntario gazteak, txaleko horiak soinean, begirale lanetan. «Zentroan mugitzen hasi ginen duela urtebete eta behin kudeatuta, auzoetara zabaldu ginen, bertakoekin hitz eginez. Gakoa izan da auzoetako jarduna, bakoitzak bere ekimena egitea, gurea herri anitza baita», nabarmendu du Olaiak. Azaroan, eguraldi traketsari aurre eginez, giza kate batekin inguratu zuten Pasaiako badia osoa. Eta orain dela aste batzuk herri bazkaria izan zuten gozagarri. Galdera erabakitzeko prozesu bat egin dute ideologia desberdinetako lagunen artean. «Ariketa polita izan da herriarentzat», dio Olaiak.

Bozkatu berri harrapatu dugu Emilio Rodriguez. «Eskubideak eta askatasunak aldarrikatzea den guztia zoragarria iruditzen zait, eta hau eskubide bat da, lagungarria herriak balio demokratikoagoak izateko». Honaino iristeko sinadurak biltzen ibili zen Emilio. Eta katebegi izan zen giza katean ere.

«Herri honetan sentsibilitate ugari daude –jarraitu du azaltzen–. Adibidez, Estatu espainiarra federala edo konfederala izatea defendatzen dute batzuek». Hautatutako galderei buruzko iritzia galdetuta, «lehen fase honetarako balio dezakete» erantzun du, berarentzat hau ez baita hasiera bertzerik, herritarren iritzia jakiteko balio duena. «Egunen batean benetan erabakitzeko eskubidea lortzen badugu, eztabaida sakonago bat beharko dugu. Baina eztabaida hori ez da inoiz iritsiko gaurkoa bezalako ekimenik gabe».

Emilio “etorkin ekonomikoen” semea da. Salamancako Sancti Spiritus herri ttikian jaio eta 8 urterekin etorri zen Euskal Herrira eta «bere lurra» hau dela sentitzen du.

Eguna normaltasunez joan dela kontatu digu Naroa Iturri bozeramaileak arratsaldean. «Sistema informatikoarekin arazo txiki bat izan dugu, baina berme batzordekoak fin ibili dira informatikariek konpondu arte eta arazorik gabe eman ahal izan dute botoa denek».

Azken orduko botoak –aunitz kanpoan egun-pasa eginda etorritako jendearenak– sartuta itxi dituzte hautetsontzien ahoak. Ordurako giro ederra dago Alameda aldean, Porrotxek alaitua. Dena prest da Gure Esku Dagoren ekitaldi nazionalerako.