Asier AIESTARAN
PILOTA

Barriolak Atanon jokatuko du bere azken partida

Sortu den ikusminari erantzuteko Donostiara lekualdatu dute datorren maiatzaren 7an helduko den agurra.

Azken orduko ezbeharrik ezean, Abel Barriolak maiatzaren 7an Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko du bere azken partida pilotari profesional bezala. Aspek atzo jakinarazi zuenez, Leitzako atzelariaren agurrak sekulako ikusmina sortu du eta, horregatik, hasiera batean Labriten aurreikusita zegoen agur jaialdia moldatu eta jende gehiago har dezakeen pilotaleku bat hautatzea erabaki dute egun berezi horretarako.

Horrenbestez, Barriolak apirilaren 18an jokatuko du azken aldiz Iruñeko pilotalekuan, Irribarriarekin Altuna III.a eta Merino II.aren kontra. Jaialdi horretarako sarreren prezioak 15 eta 30 euro artekoak izango dira. Eta maiatzaren 7ko agurrekoak 15 eta 35 euro artean balioko dute. Bi jaialdi horietarako sarrerak martxoaren 30ean ipiniko dituzte salgai, 661 259 009 telefono zenbakira deituta.

Hala ere, eta pilotariak bestelakorik nahi zuela zirudien arren, Barriolak hainbat pilotaleku bisitatuko ditu azken txanpa horretan. Datorren igandean Bilboko Bizkaia pilotalekuan azkeneko aldiz jokatuko du: Ezkurdiarekin, Altuna III.a eta Erostarberen kontra. Eta martxoaren 31n, ostiral gauez, bere herriko pilotalekuari, Leitzako Amazabal frontoiari, esango dio agur.

Apirilaren 23an baliteke Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatzea, nahiz eta jaialdi hori oraindik erabat zehaztu gabe dagoen, eta 30ean Eibarko Astelena pilotalekuan izango da, azken-aurreko neurketa jokatzeko. Esan bezala, azken agurra maiatzaren 7an iritsiko da Donostian.

Azken jardunaldiko partidak

Denboran gerturago etorriz, enpresek atzo zehaztu zuten Binakako Txapelketako finalerdietako azken jardunaldiko partida bakoitza non jokatuko den. Azkenean, Bengoetxea VI.a-Larunbe eta Elezkano II.a-Zabaleta bikoteen artekoa larunbatean jokatuko da Iruñeko Labrit pilotalekuan. Irribarria-Rezusta eta Olaizola II.a-Untoria bikoen artekoa, berriz, igandean Bilboko Bizkaia frontoian.

Partiden ordenak badu bere garrantzia. Adibidez, larunbatean Labriten Elezkanok eta Zabaletak irabazten badute, Irribarria eta Rezusta zuzenean finalera sailkatuta geratuko dira; eta garaipen hori 22-13 eta 22-20 arteko emaitza batekin lortuz gero, igandeko neurketak ez du inolako garrantzirik izango, bi bikoteak jada finalerako sailkatuta egongo direlako.

Larunbateko jaialdia 17.45ean hasiko da eta bi partidaz osatuta egongo da. Sarreren prezioak 25 eta 45 euro artekoak dira eta material aukeraketa bihar 11.30ean egingo dute. Igandeko jaialdia 17.00etan hasiko da eta hiru partida izango ditu. Sarreren prezioak 15 eta 45 euro bitartekoak izango dira, eta material aukeraketa ostegunean egingo dute 11.30ean.

Promozioko finala, Tolosan

Azkenik, Promozio mailako Binakako Txapelketako finala apirilaren 1ean, larunbata, jokatuko da Tolosako Beotibarren: Arteaga II.a eta Erasun Peña II.a eta Salaverriren kontra.