Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Elkarlana nola sustatu aztertu dute Iruñeko Udalak eta Udalbiltzak

Iruñeko Udalak eta Udalbiltza Partzuergoak bilera izan zuten atzo bi erakundeen arteko elkarlana sustatzeko bideak aztertzeko. Bileraren ostean elkarlan hori aurten gauzatzeko ahalegina egiteko konpromisoa hartu zuten bi aldeek.

Iruñeko alkate Joseba Asiron eta Udalbiltza Partzuergoko presidente Luis Intxauspe eta batzorde eragileko kide Iratxe Lopez de Aberasturi eta Unai Lako bildu ziren Iruñeko Udaletxean. Udalbiltzak, Euskal Herriko gainerako erakundeekin egiten ari den bilera guztietan bezala, gaur egungo jardueraren berri eman zion alkateari.

Horrela, Udalbiltzan Bagabiltza gogoeta prozesuaren nondik norakoak azaldu zizkioten Asironi, lurralde kohesioaren inguruan zein nolako programak garatzen ari diren. Honekin batera, esku artean dituzten beste proiektuen berri ere eman zioten.

Udalbiltzak gogoratu zuenez, ohiko harremanak ditu Iruñeko Udalarekin eta elkarrekin egiteko hainbat proposamen eginak zizkion lehendik ere. Horien artean, iaz Gasteizen egin zen Euskal Herriko emakume errugbilarien topaketen antolaketa jarri zen mahai gainean atzo eta Iruñeko Udalak interesgarritzat jo zuen ekimena.

Bestetik, Intxauspek eta Lopez de Aberasturik Asironi azaldu zioten euren asmoa Euskal Herriko hiriburuen arteko elkarlana sustatzea dela eta beste hiriburuekin batera ekimen bateratuak egiteko proposamena lantzen ari dela jakinarazi zioten. Iaz Gasteizko Udalarekin sinaturiko hitzarmenaren eredua eta edukia horretarako eredugarri izan daitekeela gaineratu zuen Udalbiltzak.

Bileraren ondoren Intxauspek eskertu egin zuen Asironen harrera eta bileratik baikor atera zela esan zuen, erakunde desberdinen arteko elkarlana sustatzeko borondatea ikusi zuelako.

Bilera saila

Euskal Herriko erakundeekin egiten ari den bilera sailaren hurrengo hitzordua datorren astean Eudelekin duena dela aurreratu zuen Udalbiltzak.

Otsailean, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente Pablo Azconarekin bildu zen Udalbiltza Partzuergoa. Intxauspe eta Lako izan ziren orduan Iruñean.

Bilera hartan, Intxauspek Udalbiltzaren egitasmoen eta erronken berri eman zion Azconari eta azken honek Nafarroako mapa lokala delakoaren erreformaren proiektua azaldu zien. Otsaileko bilera hori bi erakundeen arteko lehena zen eta helburu nagusia, hor ere, bien arteko lankidetzarako aukerak aztertzea izan zen.