Jon LEUNDA

Txusta: «Denboraldiko unerik onenean gaude»

Nahiz eta lehen denboraldia izan, Jon Irazustabarrena «Txusta» garrantzitsua da Barakaldon, eskarmentua ere handia baitu. Talde bizkaitarra behetik gora dator, eta Bigarren Mailarako igoera fasea jokatzea du helburu. Atezainak garbi du denboraldiko unerik onenean daudela.

Lehenengo denboraldia du Barakaldon Jon Irazustabarrena Txustak. Realeko harrobian hazi eta hezitakoa da atezain gipuzkoar hau, baina ondoren Beasain. Lagun Onak, Eibar eta Real Union taldeetan ere aritu da. Bizkaitarren ateko nagusia izan da orain arte, baina lesio txiki batek kanpoan eduki du azken partidetan, nahiz eta jadanik ostera ere jokatzeko moduan eta prest dagoen. 

Barakaldok ezustea eman du azkeneko astean; taldeak goranzko bidea zeraman, baina bertako entrenatzaile David Movilla kanporatu egin dute. Erabaki horrek jokalariak ere ezustean harrapatu zituela aitortu du Txustak. «Egia esan, ezustean harrapatu gaitu. Emaitzak hoberako bidea hartuta zeuden, eta ez genuen uste hau gertatuko zenik, nahiz eta azkenaldian zurrumurruren batzuk bazebiltzan», esan du usurbildarrak. Gonzalo Arkonada da orain entrenatzaile berria, aski ezaguna. Berarekin ere gustura daudela dio. «Gustura gaude. Azken batean, lanerako gaude hemen, eta taldeari laguntzeko. Bera ere asmo berarekin etorri da, eta lehen jardunalditik emaitza ona izan dugu», kontatu du atezainak.

Iaz sekulako denboraldia egin zuen Barakaldok, Bigarren B Mailako Liga irabaztetik gertu ibili zen, baina azken unean dena okertu zen. Aurtengoa, ordea, ez da horren polita izaten ari. «Taldean aldaketa asko egon dira, eta ni bezalaxe jokalari berri asko etorri gara, eta horrek tarte bat eskatzen du. Uste dut taldearen unerik onenetakoa oraingoa dela; emaitzak onak lortzen ari gara, eta igoera fasea jokatzeko postuetatik oso gertu gaude. Oraintxe dator garrantzitsuena, eta uste dut ongi kokatuta gaudela», esan du Barakaldoko jokalariak.

Bere ustez, lehen bi postuak lortzea zaila izango da, baina beste bietarako borroka handia izango omen da. «Badirudi Albacete eta Leioa harrapatzea zaila izango dela. Horretarako, huts egin beharra daukate, eta ez zaie horrelakorik ikusten, biak oso indartsu baitaude. Hortik aurrerako borroka handia ikusten dut. Tarte oso txikian talde asko gaude, eta norbaitek huts egiten badu, igoera fasea jokatzetik kanpo geratzeko aukera handia izango du. Gu emaitza onak pilatuz gatoz, baina beste batzuk ere bai. Behean ere talde asko daude pilatuta, eta horiek ere asko dute jokoan. Honelako multzo estu batean, eta denak ikaragarri jokatzen dutenean, garaipena lortzea asko kostako da, baina denei kostako zaie asko», dio atezainak.

Barakaldon gustura dagoela dio. «Pertsonalki oso gustura nago, gauzak ongi ateratzen ari dira. Lesio txiki batek kanpoan eduki nau, baina berriro ere ongi nago. Orain nire ordez aritu dena ongi ari da, eta berari lagundu, eta berriro aukera dudanean hura baliatuko dut. Ez dago besterik, eta lanean jarraitzea, taldeari lagunduz, denboraldiko unerik garrantzitsuena baita hau», esan du.