Ion SALGADO
GASTEIZ

Hezkuntza sistema propio bat aldarrikatu dute euskal ikasleek

«Lomce, Heziberri, EU2020. Sistemari aurre egin!» lelopean, greba eguna zuten atzo Hego Euskal Herriko ikasleek, Ikasle Abertzaleek deituta. Eguerdian mobilizazio jendetsuak izan ziren Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Milaka lagunek parte hartu zuten, «herritik eta herriarentzako izango den hezkuntza sistema propio bat» eskatuz.

Gaur egungo unibertsitate eredua, Lomce eta honen baitako errebalidak jomugan jarrita, Hego Euskal Herriko ikasleak grebara deitu zituen atzo Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Honen arabera, grebak jarraipen handia izan zuen eta hainbat fakultate itxita izan ziren. 17.000 ikasle inguru kalera atera zirela adierazi zuen.

Unibertsitate eta ikastetxe desberdinetan izandako protestez gain, eguerdian egin zituzten eguneko mobilizazio nagusiak, Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostian, «Hezkuntzatik sistemari aurre» lelopean. Azken hiriburu horretan, manifestazioaren bukaeran, hainbat ikasle Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean eseri ziren, errepidean. Ertzaintzaren lau furgoneta joan ziren, baina ez zuten esku hartu.

Gasteizen tentsio uneak bizi izan ziren Bake kalean, baina ertzainak ez ziren ikasleen aurka oldartu. Martxa Andre Maria Zuriaren plazan amaitu zen. Bertan hezkuntza sistema propio bat aldarrikatu zuten ikasleek: «herritik eta herriarentzako izango den hezkuntza sistema».

«Langile boterea ipar, kapitalismoaren suntsipenerako jakintza desjabetuon esku jartzea bilatzen duen herriaren hezkuntzaren eraikuntzan lerratzen gara. Bide hau egiteko tresna izatera datoz Lomce-ri aurre egiteko planto dinamikak, Eskola Kolektiboen jarduna eta Herri Unibertsitateen dinamika arrakastatsua», adierazi zuten ikasleek.

Halaber, «indarrez eta determinazioz, Lomce, Heziberri eta EU2020-ak suposatzen duten erasoei erantzuteko momentua» dela esan zuten. «Hauen aurretik eta ondoren etorriko diren erreformekiko aurkakotasun kontzientea, eta herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza sistema propio baten eraikuntzarekiko konpromisoa da Ikasle Mugimendua mahai gainean jartzen ari dena», gaineratu zuten.

Iruñean, Topatu.info-k iragarri zuenez, bezperatik hasi zuten grebarako deia. Itxialdiak egin zituzten NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Biurdana eta Iturrama ikastetxeetan. Foruzainak NUPeko campusera sartu ziren, baina unibertsitate barnera ez, eta ez zen arazorik sortu. Manifestazioan parte hartu zuten ikasleek «Euskal Herriko langileriaren aldeko hezkuntza» aldarrikatu zuten.

Bilbon ibilbidea aldatu behar izan zuten, CCOOren eta UGTren mobilizazioarekin bat egiten zuelako. Termibus inguruan Ertzaintzak adingabe bat identifikatu zuen eta haren aurkako eginbide judizialak ireki zituen, harriz betetako motxila zeramala-eta, Eferen arabera.

Piketeen ekintzak

Goizean goizetik piketeak izan ziren campus desberdinetan. Leioan, petardoak erabiltzeaz gain, ibilgailuei bidea oztopatu asmoz edukiontziak ere gurutzatu zituzten. Gasteizen, Letretako fakultatean eman zuten gaua ikasleek eta, eguna hasita, campus osoa hutsik zegoela jakinarazi zuten sare sozialetan.

Arabako hiriburuan bertan zein Tolosaldeko hainbat puntutan Ertzaintzak ikasleak identifikatu dituela gaineratu zuten. “Tolosaldeko ataria”-k jakinarazi zuenez, hamabost pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak.

Gasteizen arratsaldean burututako prentsaurrekoan, Ikasle Mugimenduaren kriminalizazioa salatu zuten ikasleek. «Adierazgarria da greba egunean Gasteizko campusa militarki hartuta egon dela goiz osoan eta identifikazio eta jazarpenak pairatu ditugula», gaineratu zuten, eta manifestazioan Ertzaintzaren aldetik «jasandako probokazioak» salatu zituzten.

Bestetik, EHUk greba deialdiak «eragin txikia» izan duela azpimarratu zuen, eta piketeen ekintzak gaitzetsi zituen: «Unibertsitateak gaitzetsi egiten ditu ekintza horiek, helburu bakarra baita kalte materialak eragitea ondasun publikoetan eta epe laburreko oihartzun mediatiko eta propagandistikoa sortzea».