Maider Iantzi

101 L: «MUNDUA HEMENTXE DAUKAGU, BAINA EZ GARA KONTURATZEN»

Euskal Herrian dugun aniztasuna ezagutaraztea du xede 101 L proiektuak, gure lurraldean 101 hizkuntza solastatu arren, aberastasun hori ezkutuan dagoelako. Badihardugu euskara elkartea 190 lagunekin mintzatu da, eta 99 hizkuntza jaso ditu jada.

Badihardugu euskara elkartearen proiektua da 101 L. Urte dezente daramate Ahotsak-en adineko pertsonak elkarrizketatzen eta badute eskarmentua. 2015ean Unesco etxeak egin zuen ikerketa baten berri aditu zuten. Euskal Herrian ehun hizkuntza inguru mintzatzen zirela zioen. Orduan pentsatu zuten polita izanen zela Donostian erabiltzen diren hizkuntzak jasotzea. Dagoeneko 190 lagunekin mintzatu dira, bereziki eleaniztasunaz, emigrazioaz eta integrazioaz, eta 99 hizkuntza jaso dituzte. Bildutako material guziarekin 101l.ahotsak.eus webgunea eta “Donostia eleaniztuna” dokumentala sortu dituzte. Film laburra Ahotsak-ek Youtuben duen kanalean ikus daiteke.

Maiatzeko egun batean karpa zabaldu zuten Bulebarrean, Olatu Talkaren barrenean. Hantxe hasi ziren elkarrizketak egiten eta 19 hizkuntza bildu zituzten. 2016an Energia Olatuak diru laguntza lortu zuten, eta horrekin lanean segitu zuten.

Idoia Etxeberria, Idoia Mauleon eta Haizea Odriaren artean egin dituzte elkarrizketak. «Kaleko grabaketetan soinu kalitatea ez da oso ona, baina kalean egitearen arrazoia da bertako neurgailua izatea. Momentuko hori jasotzea. Horrekin jarraitzea nahi genuenez, autokarabana batekin ibili ginen Donostian, bost lekutan: Ibaetan, Tabakalera aurrean, Amarako geltoki zaharrean, Saguesen eta Alderdi Ederren. Animatzen zirenak elkarrizketatzen genituen eta argazkia ateratzen genien Polaroid batekin. Gehienak hemen bizi dira, baina baziren tartean turistak ere», kontatu du Etxeberriak.

Barrenean ere egin dituzte elkarrizketak, batez ere Okendo kultur etxean eta Tabakaleran ere bai. Hainbat elkarteren laguntza izan dute, baita norbanakoena ere. Batez ere Donostian jaso dituzte hizkuntzak, baina pixkanaka zabaltzen joan dira: Bilbo, Zumaia, Oñati, Antzuola... (herriren batek bertako hizkuntza aniztasuna biltzea nahi badu prest daude lan hori egiteko).

Elkarrizketak bi hizkuntzatan izaten dira, jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz (eta euskaraz jakin ezean gaztelaniaz edo ingelesez). Beren esperientziari buruz galdetzeaz gain, beren hizkuntzan hogei hitz errateko eskatzen diete, eguneroko bizitzan erabiltzen direnak. Animatzen badira abesti bat kantatzen dute eta bertzela esaera, aho korapilo edo poemaren bat erraten dute.

«Oso interesgarria da zenbat hizkuntza dauden. Euskara munduko hizkuntzarik zailena dela diote, baina bai zera!», dio Badihardugu elkarteko kideak irriz. «Mundua hementxe daukagu, baina ez gara konturatzen, eta elkarrizketatu gehienak ere ez». Batzuek familian hitz egiten dute jatorrizko hizkuntza. Bertzeek, berriz, Skype bidez. Elkarteak ere badaude, adibidez, errusiar hiztunen bat ezagutu dute. Bertan, errusieraz aparte, georgiera edo azerbaijanera hitz egiten dute.

Proiektu honek inguruan duguna gehiago estimatzen erakutsi dio Etxeberriari. «Oporretan, beti begiak zabalik, nor ezagutuko, zer ikusiko egoten gara. Hemen, ordea, bakoitza bere baitara bilduta. Begiak zabaltzen erakutsi dit proiektuak. Zenbat hizkuntza, zenbat kultura, aberastasun hori hobeto ezagutzen, niretzat ere ezezaguna baitzen».

Euskara, integraziorako tresna

«Ezagutu ditugun 99 hizkuntzetatik europarrak dira asko. Afrikako eta Asiako batzuk ere bildu ditugu. Zailena Ameriketako hizkuntza indigenak jasotzea izan da». Donostia bada Erasmus hiri bat. «Europar asko etortzen da ikastera, lanera ere bai, teknologia eta zientzia zentroetara. Nanogunen, adibidez, lana ingelesez egiten dute, eta gero pintxo-potean ere ingeles pila bat entzuten da!». Jende ugari maitasunagatik etorri da. Ukrainako bikote batek kontatu zien oporretara etorri zirela, Donostia gustatu eta, abentura bila, bertan bizitzea erabaki zutela, euskaraz edo gaztelaniaz deus jakin gabe.

Integrazioari dagokionez, batzuei erraza egin zaie eta bertzeei, aldiz, hasieran euskaldunak itxiak garela iruditu zaie. «Jatorriaren arabera aldatzen da pertzepzioa. Errusiar batentzat ez gara hotzak edo itxiak, baina afrikar batentzat bai». Arrazakeria aunitz ez da agertu. Gauza batzuk bai. «Beloa daramaten neskek, adibidez, arazoak dituzte lana aurkitzeko. Batek kontatu zigun kalean zebilela gelditu eta 'zergatik daramazu hori?' galdetu ziotela. Baina salbuespenak dira hauek. Orokorrean jendea kontent bizi da hemen eta harrera ona izan dutela diote».

Euskarari buruz, «hitz batzuk gutxienez denek dakizkite eta interesa badute. Ikasteko asmoa ere bai batzuek. Integraziorako tresna moduan ikusten dute».

Grabazioak minutuz minutu entzun, pasarte onak identifikatu, laburpenak egin eta bideoak editatu dituzte. Mila pasartetik gora daude webgunean. Hiztunaren arabera ikus daitezke, hiztun denak baitaude bakoitza bere argazkiarekin elkarrizketak egin dituzten ordenan. Gaika eta hizkuntzaz hizkuntza ere egin dute sailkapena. Ahotsak-en bezala, lizentzia librearekin (erabili-partekatu) zabaldu dute materiala, herritarrak inguruko aniztasunaz jabetu daitezen.